Zoladura iragazkorrak, hirietako drainatze-sarean txertaturiko elementu gisa

Argitalpenak · Dibulgazioa

Azken hamarkadetan nabarmen egin du gora mundu-mailako biztanle kopuruak, eta, horrenbestez, baita planetako azalera urbanizatuak ere. Bide horri jarraituz gero, 2050. urterako, mundu-mailako biztanleen bi heren hiriguneetan biziko direla aurreikusten da. Tradizionalki, urbanizazio-prozesua gauzatzeko, natura- edo nekazaritza-inguruneak eraldatu izan dira, hiri-ingurune berrian lurzoru naturaleko eremuak zein landaretza murriztuz, agerikoa denez. Eraldaketa prozesu horrek, besteak beste, hiri-ingurunearen desnaturalizazioa eragin du, gainazal natural eta iragazkorrak (zelai eta basoak) ordeztu eta iragazgaitzak bultzatuz (errepideak, espaloiak eta teilatuak batez ere).

Zoladura iragazkorrak
Irudia: urbanizazio-prozesua dela eta, uraren hiri-zikloa gero eta urrunago dago uraren ziklo naturaletik eta ura iragazten ez denez sarean kudeatu beharreko ur bolumenak handiagoak dira. (Argazkia: 652234 – Pixabay lizentziapean. Iturria: Pixabay.com)

Hori dela eta, uraren hiri-zikloa gero eta urrunago dago uraren ziklo naturaletik. Ziklo naturalean, gizakiaren eraginik ez dagoenean, euriak akuiferoak hornitzen ditu; prozesu horretan, gainera, iragazi eta garbitu egiten da, naturalki. Hiriguneetan, aldiz, lurra zigilatua dagoenez, ura kolektoreetan jasotzen da, eta handik araztegiraino eramaten dira hondakinak zein sedimentuak, edo, batzuetan, baita ingurunera zuzenean isurtzen ere. Hau da, ura hainbat funtzio dituen baliabide baliotsua izatetik, ahalik eta azkarren ebakuatu beharreko arazo izatera igaro da. Gainera, horrek eragina du saneamendu sarearen diseinuan, ura iragazten ez denez sarean kudeatu beharreko ur bolumenak handiagoak baitira.

Gauzak horrela, hainbat proposamen osagarri sortu dira euri-ura hirien plangintzan eta diseinuan integratzeko. Horietako bat dira Sustainable Urban Drainage Systems (SUDS) deiturikoak edo, gurera ekarrita, Drainatze Jasangarriko Hiri-Sistemak (DJHS). Sistemak horiek euri-ura kudeatzeko teknikak dira, erreproduzitu eta/edo lehengoratu egin nahi dituztenak hirigintza-garapenaren aurreko prozesu hidrologikoak (isurketa-atzeratzea, iragazketa, biltegiratzea edo ebapotranspirazioa).

Teknika horietako bat dira zoladura iragazkorrak. Hala, zoladura iragazkor deitzen diegu, zoladura tradizionalak ez bezala, euri-ura jasotzeko eta gordetzeko gai diren horiei. Hori egiteko geruza irazkorrak ipini ohi dira bata bestearen gainean. Azpian harri garbiak eta, goian, asfalto edo hormigoi porotsua moduko geruzaren bat. Ez dira berriak, baina oso mugatua da hirietako drainatze-sareko elementu integratu moduan duten erabilpena; besteak beste, sistema horien funtzionamenduarekiko konfiantza-ezagatik.

Zoladura iragazkorreko sistemen abantaila nagusienetako bat euri-ura kudeatzeko modua da. Zoladura tradizionalak euri-ura drainatze- edo saneamendu-sarera lehenbailehen bideratzeko diseinatu ohi dira, eta gainazaletik egin ohi dute hori, iragazgaitzak izaki. Zoladura iragazkorrak, aldiz, ur hori jatorrian kudeatzeko gai dira; oso porotsuak direnenez ura atxikitzeko gaitasuna baitute. Ura jasotzeko eta gordetzeko ahalmen hori dela medio, nabarmen murriztu dezakete saneamendu-sarera bideratzen den ur-bolumena, saneamendu-sarearen behin-behineko gainezkatze-egoerak urrituz.

Ur-bolumenean eta emarian ez ezik, aipaturiko gainazalaren inpermeabilizazioak eragina du uraren abiaduran ere, eta, ondorioz, kutsagaiak garraiatzeko ahalmenak ere gora egiten du. Beraz, hirietako ur-isuriek kutsagai ugari garraia ditzakete (besteren artean, metal astunak, hidrokarburoak, nitrogenoa, fosforoa eta mikroplastikoak), osasunerako eta ingurumenerako arriskutsuak diren kontzentrazioetan ere ager daitezkeelarik. Zoladura iragazkorrek, isurketa murriztearekin batera, gutxitu egiten dute kutsatzaileen kontzentrazioa azaleko isurketan, kutsagai batzuk beste batzuk baino hobe degradatu edo atxikitzen dituzten arren.

2. irudia: eremu esperimentaleko ura jasotzen duten hiru ubide: azaleko isurketa jasotzen duena (ezkerrean), asfalto iragazkorrekoa jasotzen duena (erdian) eta gal- tzada-harrien ura jasotzen duena (eskuinean). (Iturria: Ekaia aldizkaria)

Zoladura iragazkorrek isuriak murrizteko eta isurien kalitatea hobetzeko duten gaitasuna aztertzeko, Donostiako Udalak Martuteneko Txominenea urbanizazioan zoladura iragazkorreko eremu bat eraiki du, Euskal Herriko Unibertsitateak kudeatzen duena. Eremuak 180 m2 ditu eta zoladura iragazkorren eraginkortasuna aztertzeko datuak biltzen dira. Eremua zoladura iragazkorren epe luzerako eraginkortasuna aztertzeko baliagarri izango da, baita isurketen bolumen eta kalitatean izan dezaketen eraginkortasuna aztertzeko ere.

Artikuluaren fitxa:

  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ale berezia 2022
  • Artikuluaren izena: Zoladura iragazkorrak, hirietako drainatze-sarean txertaturiko elementu gisa.
  • Laburpena: Zoladura iragazkorrak hirietako drainatze-sistema jasangarri mota bat dira. Ez dira berriak, baina oso mugatua da hirietako drainatze-sareko elementu integratu moduan duten erabilpena; besteak beste, sistema horien funtzionamenduarekiko konfiantza-ezagatik. Artikulu honen helburua zoladura iragazkorren inguruan dagoen ezagutzaren inguruko ikuspegi eguneratua ematea da, Administrazio eta enpresetako teknikariek inplementaziorako tresna eskuragarri gehiago izan ditzaten. Horrela, zoladura iragazkorren deskribapena emateaz gain, hirietako saneamendu-sarearen kudeaketan dituzten inpaktuak aztertuko dira, baita diseinurako irizpide batzuk eskainiko ere. Guztia ikuspuntu hidrologiko-hidrauliko batetik egingo da, azaleko isurketen bolumen- eta emari-murrizketa nabarmenduz, baina uraren kalitatea ere kontuan harturik. Bukaeran, zoladura mota hauek ikertzeko eraiki den eremu baten deskribapena ere emango da, haren erabilgarritasuna azpimarratuz.
  • Egileak: Eneko Madrazo Uribeetxebarria, Maddi Garmendia Antín, Maite Meaurio Arrate
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 91-107
  • DOI: 10.1387/ekaia.23083

Egileez:

Eneko Madrazo Uribeetxebarria UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako Ingeniaritza Energetiko Saileko ikertzailea da.

Maddi Garmendia Antín UPV/EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Ingeniaritza Energetiko Saileko ikertzailea da.

Maite Meaurio Arrate UPV/EHUko Kimika Fakultateko Kimika Aplikatua Saileko eta Prozesu Hidro/Ingurumenekoen Ikertaldeko ikertzailea da.


Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.