Emile Durkheim (1858-1917) soziologoaren teoriaren arabera, bilkura kolektibo batean parte-hartzaileen artean gertatzen den elkar elikatzea eta bat egite emozionala giltzarriak dira prozesu kolektiboetan, eta iraun egiten du denboran. Teoria hori egiaztatu du UPV/EHUko Gizarte Psikologia, Kultura, Kognizioa eta Emozioa ikerketa-taldeak 2019ko Korrikan parte hartu zuten hainbat korrikalariren artean.
Ikerketa 2019ko Korrikako parte-hartzaileen lagin batekin egin zuten, hiru urratsetan: Korrika hasi aurretik, Korrika egiten zen bitartean eta Korrika bukatu eta gerora. Urrats bakoitzean parte-hartzaileek onlineko hiru galdetegiak erantzun zituzten eta jasotako datuak aztertu ondoren, ikertzaileek ondorioztatu dute Korrikan Durkheimen teoria betetzen dela.
Durkheimen arabera, aldizka ospatzen diren erritu kolektiboek berrindartu egiten dituzte talde-balore eta -sinesmenak, eta kohesio soziala sustatzen dute. Horrenbestez, gizabanakoak gizartearekiko fede eta energia eraberrituak dituztela itzultzen dira beren bizitza indibidualetara. Eraberritze-sentsazio hori eferbeszentzia kolektiboak ahalbideratzen du, alegia, pertsonen arteko elkarreragin emozionalaren bitartez sortzen den bateratasun emozionalak. Orain arte, ordea, oso ikerketa gutxitan egiaztatu ahal izan da Durkheimen teoria.
«Gizakia izaki soziala da, eta erritu kolektiboetan parte hartzeak eragin psikologiko positibo ugari ditu, bai talde gisa, bai indibiduo gisa». Hala adierazi du Gizarte Psikologia CCE ikertaldeko Jon Zabala ikertzaileak. «Ikerketen arabera, erritu kolektiboetan parte hartzeak integrazio soziala sustatzen du, sinesmen sozialetan positiboki eragin, eta maila indibidualean (adibidez, autoestimuan eta bizitzarekiko asebetetzean) zein kolektiboan ahalduntzen du, besteak beste. Ez da harritzekoa, beraz, COVID-19aren pandemiari aurre egiteko hartutako isolamendu-neurriak estres-, antsietate- eta depresio-maila altuagoekin erlazionatu izana», dio.
Eferbeszentzia kolektiboa
Ikertzaileen arabera, «parte-hartzaileek ongizatearen adierazle maila altuagoak erakusten dituzte Korrikan parte hartu ondoren, aurretik baino. Eta, adierazle horietako batzuetan, adibidez, integrazio sozialaren kasuan, maila horrek iraun egiten du Korrika bukatu eta sei astera ere». Ikertzaileek, gainera, proba estatistiko batzuen bitartez, baieztatu dute Durkheimek aipatzen duen «eferbeszentzia kolektiboa» dela eragin positibo horiek azaltzen dituena. «Parte-hartzaileak integratuago sentitzen dira taldean, herrian eta komunitatean, kolektiboki ahaldunduago, eta, gainera, pertsonekiko eta gizartearekiko ikuspegi positiboagoa dute», adierazi du Zabalak. Bestalde, egiaztatu ez duten arren, ikertzaileen ustez, beste ikerketa batzuen emaitzak ikusita, espero izatekoa da parte-hartzaileek gerora ere predisposizio handiagoa izatea euskararen aldeko ekintzak egiteko.
Durkheimen teoria modu honetan egiaztatu duten ikerketak ez dira asko, eta, zentzu horretan, berritzailea da lan hau, besteak beste datuak hiru fasetan aztertu dituztelako eta, horri esker, ikusi ahal izan dutelako erritu kolektiboetako parte hartzearen eragin psikologiko positiboek zenbat iraun dezaketen denboran.
Horrek argi erakusten du gizakion osasun mentalerako oso garrantzitsuak direla erritu kolektiboak, nahiz Korrikaren dimentsiokoak, nahiz txikiagoak, hala nola lagun arteko afariak edo familiako kideekin egiten ditugun bilkurak, integrazio soziala sustatzen baitute. Haien bidez, «gure talde erreferenteekiko sinesmen eta balore sozialak indartzen ditugu, taldearen parte eta estimatuak sentitzen gara, eta horrek motibazioak ematen dizkigu gure buruak eta gainerakoak hobeto zaintzeko. Horrek zentzua ematen dio gure bizitzari, munduan kokatzen laguntzen baitigu». Beraz, Zabalaren iritziz, ez da kasualitatea pandemia-garaian arazo psikologikoak ugaritu izana: «Osasunaren prebentzio-programetan kontuan hartu beharreko faktoreetako bat izan behar du partaidetza kolektiboak».
Iturria:
UPV/EHU prentsa bulegoa: Korrikan parte-hartzeak efektu psikologiko positiboak ditu gizarte-ongizatean eta ahalduntze kolektiboan.
Erreferentzia bibliografikoa:
Korrika, running in collective effervescence through the Basque Country: A model of collective processes and their positive psychological effects. Frontiers in Psychology, 14. DOI: 10.3389/fpsyg.2023.1095763