Eta mineral sendagarriak

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Bada oso ospetsua den eta asko gustuko dudan esaera bat gaztelaniaz, kutsu geologiko handia duelako, eta bizitza honetan zerbait guztiz gaizki ateratzen zaidan bakoitzean edo, aitzitik, sekulako zortea daukadanean nire buruari esaten diodana: “dar una de cal y otra de arena” (euskaraz, gutxi gorabehera, “batean kale, bestean bale”).

Izan ere, horixe bera egin dut mineralekin nire azken bi artikuluetan. Aurreko artikuluan, gure osasunerako kaltegarriak izan daitezkeen (modu batera edo bestera) mineraletan zentratu nintzen, baina oraingo honetan gizakiarentzat ezin hobeak diren batzuei buruz mintzatuko natzaizue. Dena den, bide errazetik ez jotzen saiatuko naiz, eta jarriko dizkizuedan adibideak deigarriak izatea espero dut.

mineral
1. irudia: Gatzunak berriz mugitzea lehortze larrainetan, Gesaltza Añanan (Araba) gatz minerala prezipitatzen laguntzeko. (Iturria: Añanako Gatz Harana Fundazioa)

Dibulgazio lanetan nabilenean, txikienen arreta neureganatzeko eta haiek harritzea lortzeko, gehien gustatzen zaidan moduetako bat da esatea nik, egunero, mineralak jaten ditudala. Eta hori Istorio Amaigabeako fantasiazko munduko harrijale bat izan gabe. Denbora pixka bat ematen diet pentsatzeko, eta, ondoren, esaten diet janariari gatza botatzeagatik esan diedala hori, eta, beharbada, apur bat esajeratu dudala. Mahaiko gatz hori sodio kloruroa (NaCl) besterik ez da, ur batzuetan disolbatuta agertzen den konposatu bat, zeinak, prezipitatzean, halita izeneko mineral baten forman egiten duen. Mahaiko gatza lortzeko, bi aukera ditugu: batetik, ur gazia –ez duen zertan itsas ura izan– lurruntzen utz dezakegu halitazko kristalak prezipitatzen diren arte; edo, bestetik, duela milioika urte ur gazia modu naturalean lurruntzearen ondorioz eratu ziren eta material modernoagoen azpian lurperatuta geratu diren mineral deposituak ustia ditzakegu. Eta ez da beharrezkoa gatz hori Itsaso Hiletik edo Himalaiatik ekartzea, ur gazia lehortzeko guneak ditugulako etxetik gertu, Gesaltza Añanan (Araba) adibidez, edo bai eta duela milioika urte eratutako biltegien ustiategiak, hala nola Poza de la Sal (Burgos) edo Cabezon de la Sal (Kantabria).

Janariarekin jarraituz, gero eta ohikoagoa da kaltzio askoko elikagaiak aurkitzea, hala nola esnea edo galletak. Izan ere, elementu hori kaltzita edo aragonito mineraletatik ateratzen da nagusiki, kaltzio karbonatoz (CaCO3) osatuta daudenak. Baina horrek ez du esan nahi minerala hauts bihurtu arte txikitu eta esneari zuzenean gehitzen zaionik; tratamendu kimiko bat egin behar zaio, ziurtatzeko jangarria dela eta gizakioi ez digula osasun arriskurik ekarriko.

Baina ez da hemen amaitzen kaltzitaren eta janariaren arteko harremana. Digestioa egiteko garaian arazoren bat baldin badugu, antiazido bat hartu ohi dugu. Bada, sendagai horren osagai nagusietako bat kaltzio karbonatoa da. Eta nahiz eta egia den duela mende batzuk kaltzitazko kristalak zuzenean ehotzen zituztela eta bertatik ateratako hautsa urdaileko arazoak eta ultzerak arintzeko hartzen zutela, gaur egun farmazietan eskura ditzakegun antiazidoak behar bezala testatuta eta prozesatuta daude.

Jan ondoren, hortzak garbitzea komeni da, hortzetako pasta erabiliz, txantxarra eta ahoko gaixotasunak saihesteko, eta horietan ere mineralak daude. Hortzak garbitzean, hortzak garbitzen dituena ez da hortzetako pastak sortzen duen aparra, baizik eta partikula mineral txiki batzuk. Mineral horiek urratzaileak dira, eta hortzetako esmalteari itsatsita geratzen diren janarien hondarrak kentzen dituzte. Horretarako mineralik erabilienak kaolinita (Al2Si2O5(OH)4 formula kimikoa duen buztin mota bat) eta kaltzita dira, bai eta diatomita ere, zeina diatomeoz –silizeozko (SiO2) oskol bat eraikitzen duten uretako alga batzuk– osatutako harri bat den.

mineral
2. irudia: Jarama haranean (Madril), «Escarpes salinos y yacimientos de sulfato sódico del Jarama» izeneko interes geologikoko lekuko (LIG) glauberitaren meatze zahar baten sarrera. (Iturria: Espainiako Geologia eta Meatzaritza Institutua (IGME-CSIC)

Adibide oso bitxi bat sodio sulfatoarena (Na2SO4) da. Konposatu hori ardoa egiteko entzimen sintesirako baliatzen da. Farmazian ere erabiltzen da, zenbait sendagairen eszipiente gisa (parazetamola kasu), eta oso ondo dator ardo gehiegi edaten dugunerako. Detergente hautsaren osagai nagusietako bat ere bada, eta oinarrizkoa da mahai zapiko edo arropako ardo orbanak garbitu ahal izateko. Izan ere, sodio sulfatoa, nagusiki, hiru mineraletatik lortzen da: thenarditatik eta mirabilitatik (biek Na2SO4 formula kimikokoa dute), eta glauberitatik (zeina sodio eta kaltzio sulfatoz osatzen den: Na2SO4·Ca2SO4). Eta azpimarratu behar da, egun, Espainia dela Europar Batasunean mineral horien meak dituen herrialde bakarra (Burgos, Madril eta Toledo probintzietan daude meatzeak).

Garbiketaren munduan sartu naizenez, esan beharra daukat osasun ona ziurtatzeko oinarrizkoa dela jatorduen ondoren sukaldeko tresnak behar bezala garbitzea, eta, beraz, ezinbestekoa da harraskan espartzu bat egotea. Seguru konturatu zaretela kolore desberdinak dituztela, gogortasunaren arabera, eta berdeak eta urdinak direla ohikoenak. Bada, gogortasun hori espartzuak egiteko garaian sartzen diren mineralen araberakoa da, horiek osatzen dituzten zuntz sintetikoetan elkarri lotuta jartzen direnak: leunenek kaltzita partikulak izaten dituzte; gogorrenek, berriz, kuartzo pusketak (SiO2).

mineral
3. irudia: San Andres meatzeko (Puebla de Lillo, León) talkozko kristalak, hainbat tonalitatetakoak: 1.- talko zuria, 2.- talko arrosa eta berdexka, 3.- talko beltza, Interes Geologikoko Lekua (IGL) – «Yacimiento de talco y pirita de Puebla de Lillo». (Iturria: Espainiako Geologia eta Meatzaritza Institutua (IGME-CSIC)

Amaitzeko, higiene pertsonalari helduko diot. Eta horretarako erabiltzen den mineral batean pentsatzen jartzean, bururatzen zaigun lehena talkoa da –Mg3Si4O10(OH)2–. Baina kontuz ibili behar dugu harekin, kalitate kontrol zorrotz bat gainditu behar baitu produktu kosmetiko gisa erabili ahal izateko, asbestoen taldeko beste mineral batzuekin edo gizakiarentzat toxikoak izatera irits daitezkeen materia organikoekin batera egon daitekeelako. Nahiko ezaguna den beste adibide bat desodorantea edo antitranspiratzailea da, hots, “alunbre harria” deritzona. Alunbrea da oro har aluminiozko sulfato bat, eta, desodoranteen kasuan, potasiozko alunbrea da gehien erabiltzen dena, zeina kalinita izeneko mineral batetik ateratzen den (Kal(SO4)2·12H2O).

Eta hobe dut hemen geratzea, horrelako beste ehunka adibide gehiago jartzen jarrai nezakeelako; baina, uste dut honezkero jabetu zaretela mineralek gure osasunean duten garrantziaz. Dena den, ez dut amaitu nahi begi bistan dagoen gauza bat gogora ekarri gabe: mineralak ez dira ez onak ez txarrak, haien konposizio kimikoaren eta gizakiok ematen diegun erabileraren araberakoa da dena.


Egileaz:

Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.


Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2023ko otsailaren 2an: Y minerales que curan

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

1 iruzkina

  • […] Blanca Martinez geologoa jangarriak eta sendagarriak diren mineralen inguruan aritu da Zientzia Kaieran. Mahaiko gatza adibidez, sodio kloruroa (NaCl) besterik ez da, eta gero eta ohikoagoa da kaltzio askoko elikagaiak aurkitzea, hala nola esnea edo galletak. Sendagaiei dagokienez, digestioa […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.