Mapa geologikoa, koloretako mihisea baino askoz gehiago

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Mapa geologiko bat behatzen dugunean, arreta ematen duen lehen ezaugarria da ez duela inolako antzik jada ohikoak egiten zaizkigun mapekin eta planoekin; hots, mugikorrean edo GPSan ikusten eta bidaiatzen edo ezagutzen ez dugun lekuren bat bisitatzen ari garenean erabiltzen ditugunekin. Eta hala da, hain zuzen ere, ez dituztelako muga geografikoak irudikatzen, muga geologikoak baizik. Muga horiek oso modu berezian markatzen ditugu: kolore ezberdinekin, puntuen eta marren bilbeekin, eta ikurrekin, hala nola geziak, triangeluak edota zirkuluak. Hala, mapa geologiko batek marrazki artistiko baten antz handiagoa du, plano klasiko batena baino.

mapa geologikoa
1. irudia: Espainiako lehen mapa geologikoa, Espainiako Mapa Geologikoaren Batzordeak egindakoa 1889aren eta 1893aren artean. 1:400.000 eskalan eginda dago, 64 orri edo zati indibidualizatu ditu, eta gaur egun Geomeatzaritzako Museoko korridoreetan dago ikusgai (IGME-CSIC, Madril). (Iturria: Cuaderno de Cultura Científica)

Gure mapa geologikoa egiteko, mapa topografiko bat hartzen dugu oinarri. Horren gainean, zelaian identifikatzen ditugun arrokek, egiturek eta prozesu geologikoek duten adina kolorez margotzen dugu. Ondoren, kolore bakoitzean bilbe multzo bat gehitzen dugu, behatu dugun arroka zein motatakoa den adierazteko (kareharria, hareharria, granitoa, arbela…). Eta, azkenik, gure irudikapena ikurrekin osatzen dugu. Ikurrek material horiei eragin dieten egiturak eta prozesu geologikoak markatzen dituzte (tolesturak, hausturak edo arroken arteko kontaktua), baita zenbait puntu interesgarri ere, hala nola harrobiak, meatzeak edo ur gezako iturriak. Eremu baten historia geologiko guztia irudikapen grafiko oso ikusgarri batean islatu dugu horrela. Material horiek milioika urtean jasandako aldaketak interpretatzea baino ez zaigu falta.

Baina ez ditugu kolore eta ikur horiek edonola edo gure guk nahi bezala jartzen (edo gure sen artistikoa, nik gutxi izan arren); aitzitik, nazioartean ezarritako kode batzuei jarraitzen diegu. Kode horiei esker, Lurraren Zientzietan dihardugunok ikusten dugun edozein mapa geologikoren historia berreraiki dezakegu, baita gure ikerketa eremua munduko edozein lekutan kokatutako antzeko beste batzuekin erlazionatu ere. Adibide bat jarriko dizuet: Kretazeoko materialak kolore berde argiez margotzen dira, kareharria adreiluzko hormen antzeko bilbe baten bidez irudikatzen da, eta tolestura antiklinal bat markatzeko tolesturaren norabidea adierazten duen marra lodi bat eta kanpoalderantz seinalatzen duten geziak erabiltzen dira, adierazteko geruzak zein norabiderantz inklinatzen diren tolesturaren alde bakoitzean.

mapa geologikoa
2. irudia: Espainiako eta Portugaleko mapa geologikoaren hamargarren edizioa, Espainiako Geologia eta Meatzaritza Institutuak (IGME-CSIC) argitaratua 2015ean. Espainiako plan kartografikoaren (MAGNA) emaitza da, eta Geomeatzaritzako Museoko korridoreetako hormetan dago ikusgai (IGME-CSIC, Madril). (Iturria: Cuaderno de Cultura Científica)

Koloreen eta ikurren informazio hori guztia mapa geologikoaren ondoan jartzen den legenda batean dago. Bertan, halaber, mapan irudikatzen diren material geologikoen adina zehazten da eta haien deskribapen laburra azaltzen da. Modu horretan, edozein pertsonak, geologian aditua ez bada ere, bisitatzen ari den eskualdeko materialak ezagutu eta identifikatu ditzake.

Baina mapa geologiko baten legendak zerbait biziki garrantzitsua izan behar du: eskala. Gure mapan errealitatea irudikatzeko erabili dugun proportzioa adierazten du, bi punturen arteko distantzia mantentzeko moduan. Bi eskala mota aurki ditzakegu –mapen oinean azaldu ohi dira–:

  • a) zenbakizko eskala, hots, bi zenbakiren arteko proportzioa, 1:10.000 gisakoa, zeinak adierazten baitu 1 cm, mapan, 10.000 cm dela errealitatean;
  • b) eskala grafikoa, hots, marra edo laukizuzen bat eta zenbakiak, bai alboetan (adib. 0 eta 100 m), bai goialdean (adib. 100 m).

Mapako marrak edo ikurrak mundu errealean irudikatzen duen luzera adierazten du. Segur aski pentsatu duzue zenbat eta txikiagoa izan eskalan dagoen zenbakia, orduan eta xehetasun handiagoa izango duela gure mapak. Izan ere, gure marrazkiaren 1 cm errealitatean 2.000 cm badira, oso hedadura txikia hartzen duten aldaketa geologikoak sar ditzakegu. Alabaina, oso hedadura handiko eremuak kartografiatzean eta eskala handiagoa erabiltzean (esate baterako, eskala bat non 1 cm errealitateko 200.000 cm diren), xehetasun txiki horiek galduko ditugu eta material, prozesu eta egitura geologiko orokorrak soilik islatu ahalko ditugu.

Lan edo ikerketa geologiko bat egiten dugunean, lehenengo urratsa beti da eremuaren mapa geologikoa sortzea; izan ere, materialak eta horien historia geologikoa ezagutu behar ditugu inolako interpretaziorik egin baino lehen. Eta horrek landa laneko ordu asko eskatzen ditu: eremu osoa modu metodikoan igarotzea, arroken eta sedimentuen laginak jasotzea, materialen eta egitura geologikoen norabide eta inklinazio neurketak hartzea, eta gure koadernoetan marrazki eta ohar ugari egitea eta idaztea. Ondoren, datu horiek oinarri topografikoaren gainean irudikatu beharko ditugu, dela ohiko moduan, hots, ikusi dugun guztia eskuz marraztuz, dela modu digitalean, sartzen ditugun datuak eta behaketa puntuen koordenatuak irudikatzen dituzten programa informatikoak erabiliz.

Baina lan zaila eta neketsua izan arren, mapa geologikoei esker, milioika urteko historia zoragarriak ezagutzeaz gain (itsaso, sumendi edo oihan tropikaletara eraman gaitzakete), gure geografiako baliabide natural baliotsuenak eta beharrezkoenak ere ezagut ditzakegu.


Egileaz:

Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.


Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2023ko martxoaren 30ean: Mapas geológicos, mucho más que lienzos de colores.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.