Udan hodeiak errazago pilatzen dira hirietan

Dibulgazioa · Kolaborazioak

AEBn hogei urtez hartutako datuetan abiatutako ikerketa batek ondorioztatu du hirien inguruan hodei gehiago pilatzen direla, batez ere udan.

Gizakiak hainbat modutan eragiten du kliman. Aipatu beharrik ez dago beroketa globalaren ondorioz eragindako klima aldaketa dela eraginik ezagunena, eta, aldi berean, larriena. Horri aurre egiteko geoingeniaritza saiakerak egin dira, baina horiek, momentuz, ez dute gainditu maila lokalean egindako esperimentu txikien izaera, eta halako tekniken zilegitasunaren eta segurtasunaren inguruko ezbaia handia dago ere.

hodeiak
1. irudia: hiriaren kokapenaren eta ezaugarri orografikoen arabera efektuak desberdinak izan arren, oro har, AEBko hirien inguruan hodei gehiago sortzen direla ondorioztatu dute ikertzaileek. (Argazkia: Juanma Gallego)

Klimatik harago, eguraldian epe laburreko nolabaiteko eragin bat sortzeko saiakerak askotarikoak izan dira ere. Fenomeno horren atzean dagoen planteamendu teorikoa nahiko sinplea da, lehen itxura batean bederen: hodeiak eta ondorengo euria ahalbidetuko duten ur tantatxoen eraketa kondentsazioa nukleo ñimiñoetan abiatzen dela ezagutzen da. Hortaz, partikula txikiak atmosferan une eta toki jakin batean barreiatuz gero, euriaren sorrera abiatzea posiblea izango litzateke, inguruan hezetasun nahikoa egonez gero. Baina, ohi bezala, natura eta errealitatea bera teoria baino tematiagoak dira gehienetan, eta gai horren bueltan batez ere Ameriketako Estatu Batuetan negozioak eratu badira ere, momentuz inork ez du demostratu halako jarduerek izan dezaketen benetako eraginkortasun praktikorik.

Nahigabean sortzen den beste efektu bat hiriei berei dagokie. Horrenbeste giza jardueren pilaketaren ondorioz —hala nola industria jarduera, garraioaren gasak edo eta berogailuen eragina—, hirietan landa eremuan baino bero gehiago pilatu ohi da, bero uharte efektuaren fenomenoa eraginez. Fenomeno hau arras ezaguna da adituen artean, baina ez dago argi bero honek inguruko hodeien eraketan izan dezakeen eragina. PNAS aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean zientzialari talde bat gaia argitzen ahalegindu da. Atera duten ondorio nagusia da hodeiak errazago pilatzen direla hirietan inguruko landa eremuarekin alderatuz, bereziki udan. Halere, ñabardurez betetako emaitzak jaso dituzte.

Satelite bidez hemezortzi urtez hartutako irudiez baliatu dira ikerketa egiteko. Zehazki, NASAren Aqua satelitean dagoen MODIS espektroradiometroak 2002 eta 2020 urte tartean hartutako irudietan abiatu dira. Ameriketako Estatu Batuetako 447 hiri ertain eta handien inguruan jasotakoak dira horiek; guztiak, 50.000 biztanle baino gehiagokoak. Hiri horietatik 217 barnealdekoak ziren; 127, kostakoak; eta 103, mendi ingurukoak. Hirien tamainaz eta kokapenaz gain, aintzat hartu dituzte urtaro eta klima desberdinak.

Azken honetarako, klimatologian sarritan erabiltzen den Köppen-Geiger sailkapenaren arabera antolatu dituzte, hiri bakoitza klima lehor, hotz edo epel baten barruan dauden adierazita. Baina, horrez gain, klima eta meteorologiaren gaineko ikerketetan ohikoa den bezala, ezaugarri orografikoak ere kontuan hartu dituzte.

Ikerketa honek izan duen hain eremu espazial eta tenporala aintzat izanda, logikoa denez, ikertzaileak behaketaren alorrean zentratu dira, datuen inguruko analisi estatistikoak eginez. Funtsean, kilometro koadro bat hartzen duen pixel bakoitzean hodeiak ziren ala ez konprobatu dute, eta hirien barruko eta kanpoko egoerak alderatu dituzte, ondorioak atera nahian.

Analisi estatistikoen bidez ikusi dutenez, hirien inguruan udako egunetan hodei gehiago pilatzen dira, inguruetan baino. “Ebaluazio sistematikoak iradokitzen du hiri gehienetan hodei estaldura handiagoa gertatzen dela egunean zehar, bai udan zein neguan ere”, idatzi dute ikertzaileek zientzia artikuluan. Gauez, ordea, emaitzak ez dira hain argiak.

Oro har, ondorioztatu dute udan hirien gainean %3-6 hodei gehiago biltzen direla. Esku artean duten hipotesiaren arabera, hirietan sortzen den beroa egunez biltzen da, eta gauez askatzen da. Hiriaren eta inguruko landa eremuaren artean sortzen den alde termodinamikoak eragiten du pilatutako beroa goranzko haize-laster gisa abiatzea, eta horrek hirien gaineko hezetasuna handitzen du, hodeien sorrera faboratuz. Gizakiaren jardunaren ondorioz hirietan sortzen den beroak mantendu ditzake laster horiek, baita Eguzkia ezkutatu denean ere. Ondorioz, hirietako beroak eragindako aire fluxuak hezetasun horrekin elikatu daitezke ere, gau partean hirien gaineko hodeien sorrera edo mantentzea ahalbidetuz.

Modu horretan, bai hirietan bertan dagoen beroak zein alboko landa lurretan dagoen hezetasunak hirien gainean konbekzio termikoa elikatzen dute, hodeien sorrera ahalbidetuz. Dena dela, ohartarazi dute leku guztietan ez dagoela beti eskuragarri inguruko hezetasun hori. Gainera, inguruan dagoen orografiak ere baldintzatu dezake prozesua: mendietatik datozen haizeak ere egon daitezkeelako, edo eta laku edo itsasotik etorritako haizeak ere.

Dena dela, ohi bezala, teorian marraztutako efektu hau ez da horren sinple eta argia, zientzialariek ohartarazi dutenez. Adibidez, neguan prozesu hori askoz txikiagoa dela ikusi dute. “Gure ikerketak agerian uzten du hiriek eragin zabala dutela tokiko hodeien patroietan, baina eraginak askotarikoak dira, denboraren, kokapenaren eta hiriaren ezaugarrien arabera”, idatzi dute.

hodeiak
2. irudia: inguruko landa eremuko hezetasunarekin elikatzen da hirietako eguraldiak, batez ere udan. Hiriaren beroarekin batera, konbentzio termikoa sortzen da, hodeien sorrera indartuz. (Argazkia: Juanma Gallego)

Izan ere, eta hiri guztietan hodei gehiago pilatzeko joera egiaztatu badute ere —bai mendi inguruetan zein kostan dauden hirien artean— aldea aurkitu dute lur idorreko eta kostaldeko hirien artean. Azken hauen kasuan, itsasoaren bueltan sortzen diren haizeek zeresan handia izan dezaketela uste dute, eta hezetasun jatorri gisa ere itsasoa funtsezko elementua da.

Haizea ere faktore erabakigarria da mendi inguruetako hirietan. Kasu horietan guztietan, hiriaren tamainak ez du horrenbesteko eraginik. Orografia bera faktore determinantea da kostako zenbait hiriren kasuan: Ozeano Bareko kostan dauden zenbait hiri oso toki berezietan daude, itsasoaren parean baina menditik gertu, eta, horietan, orografia berezi horrek sortzen ditu lainoak.

Konturatu dira neguko gauetan hodei gutxiago sortzen direla, eta hau inguruko ezaugarri klimatikoengatik dela, eta ez hiriaren beraren ezaugarriengatik. Hiriaren tamainaren ondorioz sortzen den beroaren eta hodeien arteko harreman estatistikorik ez dute aurkitu behintzat.“Eragin urbano nahiko unibertsala aurkitu dugu tokiko hodei patroietan, gauaren eta egunaren arteko aldeekin, eta urtaroen araberako aldeekin ere”. Adibidez, barnealdeko hiri gehienetan hodei gehiago dituzte udan egunean zehar. Neguan, hodei gehiago daude egunez, baina gauez gutxitzen dira.

Eguraldian parte hartzen duten prozesuen konplexutasunaren adierazle, aerosolen efektuen inguruan zalantzan daude zientzialariak. Diotenez, egia da horiek hodeien kondentsazioa lagundu dezaketela, basoetan barra-barra sortzen diren konposatu organiko lurrunkor biogenikoek hodeien sorrera faboratzen duten modu berdinean. Baina, balantzaren beste aldera begiratuz gero, aerosol hauek hodeiaren bizitza laburtu dezakete ere, partikulen inguruan eratzen diren tanta ñimiñoen herrestatzea eta lurrunketa erraztu ahal dituztelako ere. “Ondorioz, hodeien eraketan aerosolek duten efektuak eztabaidan daude oraindik ere”. Gauzak horrela, egileek aurreratu dute etorkizunean kutsadurak sortutako aerosolek hodeien eraketan duten eragina argitzen ahalegindu direla.

Askotan aipatu den beste fenomeno bat ez dute aurkitu oraingoan: astean zehar eguraldian izandako zikloak, sarritan hirietako giza jardunaren ondoriotzat jo izan direnak. Beste hainbat ikerketatan proposatu da astean zehar garraioaren eta industria jardunaren ondorioz bero isuri gehiago sortzen dela hirietan, eta asteburuko eguraldian horrek eragin bat duela. Hemen soilik hirien %4,4an aurkitu dute nolabaiteko aldaketa tenperaturan, baina, halere, ez dute harreman argirik aurkitu hodeien sorrerarekin.

Erreferentzia bibliografikoa:

Thuy Trang Vo et al. (2023). Urban effects on local cloud patterns. PNAS, 120 (21), e2216765120. DOI: https://doi.org/10.1073/pnas.2216765120


Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.