Burua galdu…

Dibulgazioa · Gaztezulotik

Zein ez da sugandila bat harrapatzen saiatu eta, nahita edo nahigabe, –hemen ez gaude juizioak egiteko–, animalia gixajoari buztana kendu? Eta mugitzen jarraitzen duen buztanari begira geratu sugandilak ihes egiten duen bitartean.

Bizirauteko garatu duten gaitasuna da, harrapari eta arriskuetatik ihes egiteko. Autotomia deitzen diote zientzialariek harrapariengandik ihes egiteko gorputz atal bat autoanputzeari.

Sugandilek ez ezik, uhandreek, zenbait intsektuk eta armiarmek ere dute gaitasuna gorputz atal bat (buztana edo hankak, normalean) atzean uzteko. Ez hori bakarrik, baina. Galdutako atala berriro ere hazteko gaitasuna ere badute.

burua
1. irudia: autotomia deitzen diote zientzialariek harrapariengandik ihes egiteko gorputz atal bat autoanputzeari. (Argazkia: domeinu publikoko irudia. Iturria: Pxhere.com)

Pentsa liteke galdutako atalaren bigarren bertsio berria, buztana v.2, bertsio hobetua izango dela. Azken batean, lehenengo zirriborroa eta gero artelana. Baina, ez. Biologiak bere arau propioak ditu eta, askotan, galdutako atal originala baino kaskarragoa izaten da berria; txikiagoa edo kolore gandutuduna, adibidez.

Txikiagoa edo, gainerako gorputzarekin konparatuta, buztanean kolore ahulagoa duen sugandila ikustean, beraz, ia seguru jatorrizko buztana galdu eta berria sortu duen sugandila duzuela aurrean. Heriotzari begietara begiratu eta aurre egin dion sugandila. Gerraria. Survivor.

… bihotza eman

Zertara dator hau guztia? Ba, kontua da, bere burua moztu eta gorputza berriro hazteko gaitasuna duen itsas barea topatu dutela. Beno, topatu dutena hori egiteko gaitasuna duela da; itsas barea ezaguna zen.

Ustekabean topatu ere. Izatez, ez zebiltzan gaitasun horren bila. Sakaya Mitoh eta bere taldea Elysia cf. Marginata eta E. atroviridis itsas bareak ikertzen zebiltzala, indibiduoetako bat burua alde batetik eta gorputza bestetik zuela ikusi zuten.

Lepo inguruan zuen mozketa puntua, eta alde batean burua zegoen eta bestean gorputza. Gorputz osoa, organo guztiekin, bihotza eta guzti.

Eta zer pentsatu zuten? Ba, asko ez zuela biziraungo. Nola bizi daiteke burua gorputzik gabe? Bihotzik gabe? Eta gorputza bururik gabe?

burua
2. irudia: Elysia cf. Marginata eta E. atroviridis itsas bareek bere burua moztu eta gorputza berriro hazteko gaitasuna dute. (Argazkia: Rickard Zerpe – CC BY-ND 2.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

Sorpresa zuen bareak ikertzaileentzat, baina. Ikertzaileen fede falta gainditu eta bare-buruak aurrera egin zuen. Eta ez hori bakarrik. Bi astean gorputz berria garatu zuen organo guztiekin. Bihotz berria munduari eta ikertzaileen fede faltari aurre egiteko.

Kontua da, deigarria izateaz gain, oso bitxia dela afera hau. Lehen aipatu bezala, normalean, harrapariengandik ihes egiteko bizidun batzuek baliatzen duten teknika da autotomia. Kasu honetan, baina, itsas bare hauek ia ez dute harraparirik.

Eta, gainera, bi aste behar ditu buruak gorputz berria sortzeko. Ez dirudi oso teknika egokia harrapariengandik ihes egiteko. Ez bada harraparia nagiak jotako nagia dela.

Zergatik, orduan? Ikertzaileek hipotesia garatu dute: parasitoak. Dokumentatu diren kasu guztietan parasitoak zituzten. Kopepodoak, E. atroviridis espeziaren kasuan. Zooplanktonaren parte diren krustazeo ñimiñoak dira kopepodoak; bare hauen gorputzean egoten dira eta ugalketa ere galarazi egiten dute.

Autotomiaren ostean, gorputz berria garatutako indibiduoak aztertzerakoan ez zuten parasitorik topatu. Are gehiago, parasitorik ez zuten indibiduoek ez zuten autotomiarik egin.

Hortaz, parasitoak alde batera uzteko egingo lukete. Pixka bat dramatikoa, aukeran. Pentsa tenia bat edo kaparrak hartu eta gorputz osoa baztertuko bagenu. Eta hamabost egunez Futuramako buruak bezalakoak bagina.

… eta txapela erosi

Laburbilduz, gorputzean dituzten parasitoetatik libratzeko, lepo inguruan mozketa egin eta gorputza alde batera uzten dute zenbait itsas bare espeziek eta jarraian gorputz berria garatu.

Kasu honetan burua da bizirik dirauena gorputzik gabe, baina alderantzizko kasuak ere badira. Bururik gabe bizirik jarraitzen duten animaliak badira. Oilaskoaren burua moztu eta gorputza buru barik korrika ibiltzea da burura (edo gorputzera) datorkiguna, noski. Baina, ez da hori, zehazki, esan nahi duguna, kasu horretan minutu batzuk pasata animaliaren alde biek bizia galtzen baitute.

Mike oilaskoak izan ezik. Mike oilaskoa buru barik bizi izan zen 18 hilabetez, itota hil zen arte. Bere landetxeko ugazaba oilaskoak akabatzen zebilen, burua aizkorakada batez moztuta. Dena ondo zihoan, Mikeren txanda iritsi arte. Burua moztu ostean Mike ez baitzen hil, batera eta bestera ibili eta jaten saiatzen jarraitzen zuen. Denborarekin hilko zela pentsatuta, ugazabak bere horretan utzi zuen.

Baina hurrengo egunean oilaskoak bizirik jarraitzen zuela ikusita, jabeak oilaskoa zaintzea erabaki zuen eta xiringa batekin elikatzen hasi zen. Estatu Batuetan famatua izan zen eta bira egin zuen estatuz estatu, musikarien antzera. Pasen y vean, Mike, bururik gabeko oilaskoaren ikuskizun paregabea!

Josu Lopez Gazpiok azaldu zituen bizitzaren gorabeherak eta zientziaren hipotesia zein izan zen oilaskoak hain luze bizi izana azaltzeko: burua mozteko jasotako aizkorakadak buruaren eta baita garunaren zati gehiena moztuko zuen, baina zerebeloa eta bizkarrezur-erraboila aizkoratik salbatu ziren eta ezinbesteko bizi-funtzioak ez ziren eten. Eta, horra, bururik gabeko oilasko biziduna.

Mike ez da, dena den, burua galdu ostean bizirik jarraitzeko gaitasuna izan duen bakarra. Askorentzat berri txarra izango da, baina labezomorroek ere badute burua galduta bizirauteko gaitasuna. Bederatzi egun eman ditzake bizirik buru gabeko labezomorro gorputzak. Nola eta gosez hil arte.

Nahiko lukete Frantziako hainbat errege-erreginek…

Erreferentzia bibliografikoa:

Mitoh, Sayaka eta Yusa, Yoichi (2021). Extreme autotomy and whole-body regeneration in photosynthetic sea slugs. Current Biology 31, 5, R233-R234. DOI: 10.1016/j.cub.2021.01.014


Egileaz:

Ziortza Guezuraga (@zguer) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko arduraduna.


Jatorrizko artikulua Gaztezulo aldizkarian argitaratu zen 2022ko otsailan, 236. zenbakian.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.