Izan zirelako, dira

Dibulgazioa · Gaztezulotik

Esfortzuari eta mugak gainditzeari buruzko istorioa dakart gaur. Zarena egin zaituena desagertu arren, aurrera jarraitzeari buruzkoa. Laguntzarik gabe aurrera egitekoa, hazteari buruzkoa. Ahuakateri buruzkoa.

Bai, bai. Guakamoleko ahuakatea. Azkenaldian entsalada eta ogi xigortu guztietan falta ezin den ahuakate hori. Bere tripontzi berdearekin. Eta, berez, desagertuta egon beharko luke.

Txoritxoak hazia hartu eta…

Loredun landarea izanik, haziak garraiatzen dituen kanpo-agentea behar dute ahuakateek. Zehatzago, polinizatzaileak behar dituzte hazia hedatzeko.

1.irudia: loredun landarea izanik, polinizatzaileak behar dituzte hazia hedatzeko ahuakateek. (Argazkia: Matthias Oben – domeinu publikoko irudia. Iturria: Pexels.com)

Eta, noski, polinizatzaileez hitz egitean, denoi datorkigu burura mamuta. Mamuta etorri zaizuelako burura, ezta? Ez zenuten pentsatuko erleek ahuakatearen hazi erraldoia toki batetik bestera eramango zutenik. Nahiz eta irudi mentala oso barregarria izan. Niri noski ez zait halakorik bururatu. Mesedez. Beno, harira. Edo hobeto, hazira.

Erreparatu diezaiogun ahuakatearen fisionomiari: pinpon edo golf pilota baten tamainako hazia, etekin handiko mamia eta azala. Oro har, oso handia. Zein animaliak jan dezake horrelako fruitua? Osorik irentsi beharko bailuke animaliak fruitua hazia garraiatzeko. Ez dirudi gaur egungo faunak jateko moduko fruitua denik. Eta ez da.

Zenozoikoaren hasieran hartu zuen ahuakateak gaur egun duen forma, Rocio Benaventek idatzitako artikuluan azaltzen den moduan. Parentesi txiki bat hemen, jatorri bitxia baitu zenozoiko izenak. Kontua da grekotik datorrela; hizkuntza horretan kainos ‘berria’ da eta, zoon, berriz, ‘animalia’. Eta hala da paleozoikoaren (animalia zaharra) eta mesozoikoaren (erdiko animalia) ostean dagoelako, irudian ikus daitekeen bezala.

2. irudia: Paleozoikoaren, Mesozoikoaren eta Zenozoikoaren denbora-lerroa.

Eta zergatik izen hauek? Paleozoikoan artropodoak, moluskuak, arrainak, anfibioak eta narrastiak garatu ziren eta Permo-triasiar heriotz masiboarekin (espezieen %95 inguru galtzearekin bukatu zen. Animalia zaharren desagerpenarekin. Mesozoikoa etorri zen orduan, dinosauroen garaia, Kretazeo-Paleogenoko heriotz masiboarekin (dinosauroen desagerpenarekin) bukatu zena. Erdiko animalien desagerpenarekin. Zenozoikoa heldu zen orduan, gaur egunera arte dirauena. Animalia berrien aroa. Bitxia, ezta?

Itzul gaitezen ahuakatera, baina. Esan bezala, zenozoikoaren hasieran hartu zuen ahuakateak gaur egun duen itxura. Eta zer animalia mota zeuden? Kontuan izanik zenozoikoa ugaztunen aroa izenez ere ezagutzen dela… Ba mamutak. Eta nagi erraldoiak (ez astelehen goizekoak, baizik eta animaliak). Eta zaldi erraldoiak. Mokadu bakarrean ahuakatea jan eta irensteko gai zirenak.

Besteren artean, hauek dira –hobe esanda, ziren– ahuakatea jan eta digestioa egin bitartean hazia garraiatzen zutenak, behin digestioa bukatuta hura kanporatzeko.

Eta horrela ugaldu eta aurrera egin zuen gure ahuakateak. Baina, noski, bizitza ez da hain erraza eta oztopo eta trabei ere aurre egin beharko zion ahuakateak gure entsaladetara iritsi arte.

Izan ere, fruitua jan eta hazia hedatzen zuten animalia erraldoi horiek desagertu egin ziren. Duela 13.000 urte inguru, zehazki. Zentzuzkoa da pentsatzea haiekin batera ahuakatea ere desagertuko zela. Azken batean, ezinbesteko zituen animalia horiek ugalketarako.

Baina gurekin dirau. Eta inoizko ospe eta onarpen gehienarekin, gainera. Zailtasunei aurre egitearen paradigma dugu. Jarraitzeko moduko eredua.

Zaharra zara, ahuakate

Galdera da: ugalketaren ezinbesteko ekintza betetzen duen animaliarik gabe, zelan lortu du 13.000 urtez bizirautea? Izan ere, ahuakateak fruituak sortu, sor ditzake, baina irentsi eta garraiatzen duten animaliarik gabe, hazia zuhaitzaren parean geratzen da eta lehiaketa zuzenean dago ama-zuhaitzarekin. Hortaz, ez da zuhaitz berririk garatuko. Zelan biziraun du horrenbeste denbora, beraz?

3. iruda: ahuakatea, mangoa eta papaia bezala, anakronismo ebolutiboen taldekoa da: jada existitzen ez diren espezieetara moldatzeko garatutako estrategiak dituzten landareak. (Argazkia: mali maeder – domeinu publikoko irudia. Iturria: Pexels.com)

Hain justu, denboran egon daiteke gakoa. 13.000 urte denbora asko da. Gizakiontzat. Ahuakateentzat, ez horrenbeste. 200-400 urtez bizi baitaiteke ahuakate zuhaitza. 13.000 urte, beraz, 32-65 belaunaldi inguru baino ez dira. Belaunaldiak denboran ondo sakabanatuta, biziraupena posible da. Horrekin batera, bestelako teoria ere badago: karraskariek haziak hartu eta lurperatu izana, haziak garraiatu eta zuhaitza garatzea ahalbidetuko luke horrek. Teoria hauei jarraiki, ahuakatea jabetu ere ez da egin oraindik jada megafaunarik ez dagoela. Ez da uste genuen biziraupenaren eta aurrera egitearen inspirazioa, beraz.

Teoriak baino ez dira, dena den. Misterioa da, zientziarentzat, zelan biziraun duen 13.000 urtez megafaunarik gabe. Homo sapiensa ahuakatea laboratzeko gai izan zenetik, biziraupena ziurtatuta izan du, hala ere.

Hori bai, etxekotu zenetik, handiagoak dira fruituak eta mami gehiago dute. Gaur egun aurkitzen diren ahuakate zuhaitz basatiek hazi handia eta mami-geruza fina dute. Gizakiek mamitsuago bilakatu dituzte laborantzaren bidez. Kilogramora ere heldu daitezke ahuakateak, pentsa.

Fruitu inspiratzaile bakarra ez da, baina. Ahuakatearekin batera hortxe dago mangoa. Baita papaia ere. Eta manioka. Beste kategoria batean sartzen dira ginkgo eta durianak. Usaintsuen kategorian, zehazki. Hauetaz hurrengo artikulu batean hitz egingo dugu, mamia badu eta. Denak dira anakronismo ebolutiboen taldekoak: jada existitzen ez diren espezieetara moldatzeko garatutako estrategiak dituzten landareak.

Eta, noski, ezin da ahuakateari buruzko artikulua bukatu ahuakate izenaren jatorriari aipamenik egin gabe: náhutl hizkuntzan zera esan nahi du ahuakate: barrabil. Eta orain azken esaldi hau, artikulua barrabil hitzarekin ez amaitzeko.

Erreferentzia bibliografikoak:

Iturriak:


Egileaz:

Ziortza Guezuraga (@zguer) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko arduraduna.


Jatorrizko artikulua Gaztezulo aldizkarian argitaratu zen 2022ko ekainean, 240. zenbakian.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.