Asteon zientzia begi-bistan #450

Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Psikologia

Ibane Aizpurua psikoneuroimmunologiako ikertzailea, eta tesia egiten dabil gai horren inguruan. Psikoneuroimmunologia da prozesu psikologikoen, eta nerbio- eta immunitate-sistemen arteko elkarreragina eta horrek osasunarekin duen erlazioa aztertzen duen zientzia. Aizpuruak zehazki bularreko minbiziaren biziraupenarekin erlazionatutako faktore psikosozialak ikertzen ditu. Bere esanetan, esku-hartzeak diseinatzerakoan, ezinbestean hartu behar da kontuan faktore sozioekonomikoek eta kulturalek osasunean duten pisua. Datuak Zientzia Kaieran: Ibane Aizpurua, psikoneuroimmunologiako ikertzailea: “Prozesu psikosozialen eta osasunaren arteko elkarreragina ezagutu nahi dugu”.

Klima-aldaketa

Apirilean ozeanoen batez besteko tenperaturaren errekor guztiak hautsi ziren AEBetako Ozeano eta Atmosferaren Administrazio Nazionalak (NOAA) argitaratutako txosten baten arabera. Jon Saenz Agirre EHUko Fisika saileko irakasleak ozeanoen eta atmosferaren arteko loturak ikertzen ditu, eta bere esanetan, ozeanoaren berotzearen erantzule nagusia karbono dioxidoa da. Karbono dioxidoak uhin-luzera luzeko energiaren fluxua handitzen du ozeanoan, ondorioz, energia gehiago hartzen du. Prozesu horrek itsas maila igotzea eragingo du, zabaltze prozesuaren eraginez eta baita izotza urtzearen eraginez. Informazio gehiago Berrian.

Teknologia

Hondakin plastikoak erabiliz xaboia egiteko metodoa garatu dute AEBtako Virginia Tech unibertsitatean. Zehazki, sulfaktanteak sintetizatzea lortu dute plastikoetatik eratorrita, eta azaldu dute substantzia horietatik xaboia, detergentea, eta balio handiko beste produktu batzuk ere lortu daitezkeela. Polietilenotik xaboia lortzeko prozesuan zehar, polietilenoa deskonposatu eta argizariak lortu dituzte. Ondoren, saponifikazioaren eta beste prozesu batzuen bidez, xaboia lortu dute emaitza modura. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Matematika

Naturan aurki daitezkeen egiturak, matematikoki, modu jakin batean erlazionatutako zenbait kurbaren multzoak dira. Egitura horien adibide dira, esaterako, maskorrak. Maskorrak helize koniko batean zehar tamainaz handitzen doan kurba itxi eta leun bat marrazten lortzen diren gainazalak dira. Egitura hauek itsas hondoko presio altuak jasaten dituzte, eta baita olatuen talkak eta harraparitza ere. Dituzten propietateengatik interesgarria da naturako egitura hauek eta beste hainbat imitatzea. Informazio gehiago Zientzia Kaieran: Bidaia geometrikoa kurbetatik itsas maskorretara.

Osasuna

Magnetospirillum gryphiswaldense bakterioa eraldatu dute diagnostiko klinikoetan erabiltzeko. Bakterio hau ezaguna da magnetita-kristalak sintetizatzen dituelako, eta EHUren Magnetismoa eta Material Magnetikoak Taldeko ikertzaileek bakterio hau erabiltzea lortu dute, eremu magnetikoen bidez, tratatu beharreko lekura eramateko. Horretarako, bakterioa eraldatu dute haren hazkuntza-ingurunean elementu metalikoak gehituta. Terbioa (Tb) eta gadolinioa (Gd) gehitu dizkiote, eta horrela, bakterioa fluoreszente eta kontraste bikoitzeko agente bihurtzea lortu dute. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.

Paleontologia

Aranzadi Zientzia Elkarteak neandertalen arrastoak aurkitu ditu San Adriango kobazuloan. Harrizko tresnak eta jandako animalien hezurrak topatu dituzte, eta horietan oinarrituta, arkeologoek ondorioztatu dute duela 40.000 urtekoak direla gutxienez, eta neandertalen presentzia baieztatzen dutela koba horretan. Neandertalen arrastoak aurkitu dituzten lekurik garaiena da. San Adriango kobazuloa Zegamako aldetik ixten duen harresi bat dago, eta estalita zegoen lurraren azpian. Hura garbituta ikusi zuten pentsatzen zutena baino altuagoa zela harresia, zazpi metrokoa. Bertan metatutako sedimentuak arakatuz egin dute aurkikuntza. Informazio gehiago Gara egunkarian eta Elhuyar aldizkarian topatu daiteke.

Ingurumena

Ikerketa berri batek aztertu du zein arrazoik eragiten duten espezie jakin batzuek besteek baino arreta gehiago jasotzea. Hau ikertzeko, 3.007 espezie eukarioto hartu dituzte kontuan, ausaz hautatuak; tartean, animaliak, landareak eta onddoak. Eta begiratu dute zer erlazio dagoen interes sozialaren eta zientifikoaren artean, eta zenbaterainokoa den bakoitzari ematen zaion arreta zientifikoa. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Biologia

Ziortza Guezuraga kazetariak urpean aurki daitezkeen armiarmen inguruan idatzi du Zientzia Kaieran. Animalia horietako bat da Trechalea extensa armiarma tropikala. Zientzialariek ikusi dute armiarma horrek dituen ile moduko egitura lodietan aire-geruza bat sortzen duela, eta geruza horren bidez, gai da ur azpian arnasa hartzeko. Gainera, geruza horrek bero-galera handia eragozten du. Beste espezie batek, Argyroneta aquatica aire-burbuila bat eraikitzen du urpeko landareetan eta bertatik hartzen du airea arnasa hartu ahal izateko.

Astronomia

Izar-mota berri bat aurkitu dute HD 45166 izar bitarraren azken behaketatik abiatuta. Ikertzaileek uste dute magnetarren jatorria izan daitekeela. Magnetarrak hildako izarrak dira, dentsitate oso handikoak, eta eremu magnetiko indartsukoak. Izar horien jatorria ez zegoen argi, baina aurkikuntza honek lagun dezake zalantza hori argitzen. Aipatutako izar bitar horren behaketatik ondorioztatu dute izarretako bat Wolf-Rayet motakoa dela; bi Eguzkik halako masa du, eta eremu magnetiko oso handia. Izar horren eboluzioaren simulazioa egin dute, eta litekeena da supernoba baten modura lehertu eta magnetar bilakatzea. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian.

Soziologia

Ikerketa berri batek gizateriak denbora zertan ematen duen kalkulatu du. 140 herrialdetako biztanleekin egin dute azterketa, eta 2000 eta 2019 urteen artean aisi-denboraren eta lan-denboraren erabileraren gainean jasotako datuak erabili dituzte. Ekintza guztiak hiru multzo handitan bildu dituzte, eta, era berean, 24 kategoriatan sailkatu dituzte. Lortutako emaitzen arabera, batez bestean, ohean 9,1 ordu ematen ditugu. Esnatuta gaudenean, berriz, gure burua zaintzeari eskaintzen diegu denbora gehien, hau da, giza adimenarentzat edota gorputzentzat emaitza zuzenak lortzeko jardueretan. Gainontzeko orduak mundua aldatzera, gizarte prozesuak antolatzera eta garraiora bideratzen ditugu. Datuak Zientzia Kaieran.


Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.