Estatu Batuetako epidemiologo, birologo, pediatra eta hezitzaile hau izan zen Yaleko Medikuntza Eskolako lehenengo emakumezko katedraduna. Poliobirusa odol fluxuaren bidez hedatu eta pertsonen nerbio sistemari iristen dela frogatu zuen. Oso lagungarria izan zen poliomielitisaren aurkako txertoa garatzeko oinarriak finkatzeko, gaixotasun infekzioso hori hilkorra baitzen XX. mendearen lehen erdian. Zenbatesten da polioaren aurkako txertoak 1,5 milioi haurren heriotza ekidin duela eta 18 milioi paralisi ere bai 1988az geroztik, urte horretan abiarazi baitzuen Osasunaren Mundu Erakundeak gaixotasuna errotik kentzeko mundu osorako programa bat.
Dorothy Horstmann 1911ko uztailaren 2an jaio zen Spokanen, Washington (AEB), baina gaztaroaren zatirik handiena San Frantziskon (Kalifornia) igaro zuen. Kaliforniako Unibertsitatean ikasi zuen sendagile izateko, lehenengo Berkeleyn eta ondoren San Frantziskon, 1940an amaitu zuen. Praktikak eta egonaldia San Frantziskoko Ospitale Orokorrean egin zituen eta Karl Friedrich Meyer zientzialariaren hitzaldiak entzuteko aukera izan zuen han, gaixotasun infekziosoen alorreko zientzialaririk prestigiotsuena garai hartan. Horrela sortu zitzaion gaixotasun horiekiko interesa.
Dorothyk trebatzen jarraitu nahi izan zuen Vandebilteko Unibertsitate Ospitalean, baina hasieran ezetz esan zioten, Hugh Morgan zuzendariak gizonezkoak bakarrik hartzen zituelako lanerako. Hilabete batzuetara ospitale horretako eskutitz bat iritsi zitzaion Horstmanni, oraindik ere postua interesatzen zitzaion galdetzeko, eta baietz erantzun zien. Dirudienez, Morgan ez zen gogoratzen eskaria atzera botatzeko jatorrizko arrazoiaz, eta harrituta geratu zen atetik sartzen emakumezko bat ikusi zuenean.
1942an Yaleko Medikuntza Eskolan lan egiteko kontratatu zuten Dorothy Horstamnn. Barne medikuntzan espezializatu zen Unibertsitate horretan John R. Paul gainbegirale zuela. Epidemiologia klinikoan aitzindaria zen John R. Paul, bai eta poliomelitisa aztertzeko Yaleko unitatearen sortzaileetako bat ere, herrialdean polioaren epidemia etengabe hazten ari zelako sortua.
Poliomielitisaren buru-hausgarria
Poliomielitisa poliobirusak eragiten du, RNA birus batek; birus hori 1908an identifikatu zuten lehenengoz Karl Landsteiner eta Erwin Popper zientzialari austriarrek. Poliobirusaz kutsatutako pertsonen % 90ak inoiz ez du sintomarik garatu. Sintomak garatzen dituzten gehienek gaixotasun arina izaten dute, aldiz, % 10ak gaixotasunaren formarik larriena garatzen du: paralisi flazido akutua.
Paralisia gertatzen da birusak nerbio sistema zentrala eta neurona motorrak suntsitzen dituenean, muskuluak uzkurtzeko beharrezkoak. Gehienetan nerbio ehuneko kalte horrek aldi bateko paralisia eragiten du, baina kaltea larriagoa izanez gero, pazienteak betirako gal dezake muskulu horien funtzioa. Paralisi iraunkorra sarriago gertatzen da oinak edo arnasketa kontrolatzen duten muskuluetan eta, ondorioz, heriotza eragin dezake.
40ko hamarkadaren hasieran, polioa ikertzen zuten alorreko liderrek uste zuten (New Yorkeko Rockefeller Institutuko Simon Flexnerrek, esaterako) poliobirusak garuna infektatzen zuela, sudur hobietako nerbioak igaro ondoren. Polioaren patogenesia eta transmisioa aztertzeko erabiltzen zen eredu esperimentalagatik uste zuten hori. Flexner eta kideek paralisia zuten tximinoen garuneko ehuneko birus isolatuak erabiltzen zituzten garun barneko inokulazio bidez beste tximino talde batzuk infektatzeko. Poliobirusa soilik bide horren bidez transmitituta, birusaren laborategiko anduia egokitu egin zen eta nerbio ehuna baino ez zuen infektatzen. Hori zela eta, Flexner tximinoak ahoz inokulatzen saiatzen bazen birusaren laborategiko andui harekin, ez zen gaixotasunaren sintomarik garatzen. Flexnerren aurkikuntzen ondorioz, komunitate zientifikoak uste zuen (oker uste arren) poliobirusa nerbio ehunean baino ezin zela erreplikatzen, Horstmannek eta haren kideek uste horri aurka egin zioten arte.
1943tik 1944ra Horstmann eta gainerako unitatea izan ziren Estatu Batuetan izandako poliomielitisaren bost agerraldi aztertzeko arduradunak. Banakoetan eta biztanleriaren taldeetan gaixotasuna agertzen lagun zezaketen balizko faktore sorta bat aztertzea erabaki zuten. Horretarako, ur hornikuntzako osasun baldintzak aztertu zituzten, balizko bektoreak izan zitezkeen intsektuak bildu zituzten eta hainbat lagin hartu zizkieten (eztarria eta sudurra, odola eta gorozkiak) pazienteei hainbat egunez. Ordura arte ez zen hain modu konplexuan egin eta ikuspegi berritzailea zen. Informazio horri esker jakingo zuten birusak zenbat denbora irauten zuen faringean eta digestio hodian eta toki bakoitzak zer garrantzi erlatibo zuen infekzioan. Gorotz lagin gehienek positibo eman zuten poliobirusean hainbat astez, aldiz, faringean zuen presentzia iragankorra zen eta gutxitan gertatzen zen. Emaitza horiek, beste zientzialari batzuen aurkikuntzekin batera, adierazi zuten digestio hodia zela, eta ez sudur hobiak, poliomielitisaren patogenesian garrantzia zutenak. Baina birusa –irentsitakoa- digestio hoditik garunera nola igarotzen zen, deszifratu gabe zegoen.
Horstmannen ekarpena polioaren patogeniari
New Havenen 1943an izan zen agerraldian polioa zutela uste zen 111 pazienteren odola jaso zuen Horstmannek Yale New Haven ospitalean. 111 laginetatik bakarrak eman zuen positibo poliobirusean. 9 urteko neskato bat zen, eta neskato horren odola izan zen lehenengo sintoma arinak garatu ondorengo sei orduetan atera zen bakarra. Laginketaren denboran egondako alde horren ondorioz Horstmannek gertuagotik behatu nahi izan zuen birusaz infektatu eta sintomak agertu arteko aldia. Emaitza horiek funtsezko paradigma aldaketa izan ziren poliomielitisaren transmisioa eta patogenesia ulertzeko.
Horstmannek tximino eta txinpantzeetan egin zituen esperimentu zenbait, odol fluxuak polioaren patogenesian zerikusirik ba ote zuen ikertzeko. Hasteko, animaliei ahoz eman zieten poliobirusa, Horstmann eta beste batzuek kutsatzeko bide naturala hori zela erakutsi baitzuten. Ondoren animalia horien odolaren laginak hartu zituzten infektatu ondorengo zazpi egunetan, poliobirusa odolean egon ote zitekeen eta noiz egon zitekeen zehazteko. Poliobirusa odolean agertu zen ingestio ondorengo 4-6 egunetara eta paralisia hasi aurretik aztertutako animalia gehienetan. Emaitzek adierazten zuten aurrez zientzialariek, Horstmann bera barne, askotan zergatik ezin izan zuten birusa detektatu odol fluxuan: luzeegi itxaron zuten. Izan ere, odolaren laginak gaixotasunaren sintomarik larrienak (esaterako, paralisia) agertu ondoren jasotzen ziren. Ordurako poliomielitisaren aurkako berariazko antigorputzak odol fluxuan ibiliak ziren, birusa neutralizatuz; horregatik ezin zen odolean detektatu.
Horstmannek, ordea, pazienteen kontaktuen odolean poliobirusa detektatu zuen; horietako batzuek gaixotasuna garatuko zuten gero eta beste batzuk asintomatikoak izango ziren. Aurkikuntza horrek poliomielitisa ulertzeko funtsezko paradigma aldatu zuen: ordura arte zientzialariek uste zuten poliobirusak nerbioen ehuna infektatzen zuela soilik eta aurkikuntzaren ondorioz gaur egun poliobirusaren transmisioari eta patogeniari buruz dugun eredurako lehenengo urratsa egin zen.
Horstmannen aurkikuntzak poliobirusa geldiaraz zitekeen puntu anatomiko espezifikoak ere adierazi zituen: odola eta digestio hodia. Ondorioz, Dorothy izan zen poliomielitisaren aurkako ahotiko txertoaren sustatzaile nagusia, birusaren infekzioaren bide naturala gertutik imitatuko zuena, eraginkorra izan baitzitekeen odolean eta digestio hodian antigorputzak eragiteko, ondoren infekzioa blokeatu ahal izateko. Txerto hori Albert Sabin birologoak garatu zuen eta 1964an baimendu zen. Osasunaren Mundu Erakundeak gaixotasunak errotik kentzeko mundu osoko programa bat hasi zuen eta oso emaitza onak eman zituen; dena dela, 2019ra arte ez zen erabat deuseztatu munduan.
Pediatra eta hezitzailea
Poliomielitisaren azterketan izandako esperientziaren ondorioz (batez ere paziente gazteei erasotzen die), Horstmannek, bere ibilbide profesionalaren erdi aldera, berez aldatu zuen egiten zuen lanaren ikuspegia eta medikuntza pediatrikoan hasi zen. Ondorioz, haurren gaixotasunak eragiten dituzten beste birus askoren (errubeola, Coxsackievirus eta Echovirus) epidemiologia klinikoan aditu bihurtu zen.
Epidemiologia eta Pediatriako baterako izendapenarekin, Horstmann izan zen Yaleko medikuntza eskolako lehenengo emakume katedraduna 1961ean. Postu hark ematen zion autoritateari esker, gaixotasun infekziosoen irismena zabaltzearen alde egin zuen osasun publikoko alderdiak ere barne hartu arte, eta diagnostikoko mikrobiologia eta birologia gaixotasun infekziosoen praktikan eta irakaskuntzan sartzearen alde egin zuen.
Yalez harago, Dorothy Estatu Batuetako gaixotasun kutsakorren elkarteko presidentea izan zen eta Zientzietako Akademia Nazionaleko kide izendatu zuten 1975an. 1982an erretiratu zen irakasle emeritu gisa.
Dorothy Millicent Horstmann 2001eko urtarrilaren 11n hil zen New Havenen, Connecticut. (AEB), Alzheimerraren konplikazioen ondorioz. 89 urte zituen.
Iturriak:
- Berliner, Robert W. (1982). Scientific essays on infectious diseases in honor of Dorothy M. Horstmann, M.D., Yale J Biol Med. 55(3-4) 161–389
- Carleton, Heather A. (2011). Putting Together the Pieces of Polio: How Dorothy Horstmann Helped Solve the Puzzle. Yale J Biol Med. 84, 83–89
- Dorothy Millicent Horstmann, Wikipedia
Egileaz:
Edurne Gaston Estanga elikagaien zientzia eta teknologiako doktorea da. Gaur egun, zientzia eta teknologiaren ezagutza zabaltzea sustatzen duten erakundeen proiektuak kudeatzen ditu.
Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2023ko uztailaren 27an: Dorothy M. Horstmann, la científica que ayudó a resolver el rompecabezas de la polio.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.