Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Medikuntza
Esofagitis eosinofilikoa diagnostikatzeko metodo ez-inbaditzailea garatu dute Biodonostiako, Tomellosoko Ospitale Orokorreko, Ikerbasqueko eta Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileek. Gaixotasun horren ezaugarri nagusia esofago edo hestegorriaren hantura kronikoa izatea da. Gaixotasun arraroa da, baina gero eta prebalentzia handiagoa du gizartean. Hura diagnostikatzeko metodo erabiliena hestegorriko hainbat puntutan biopsiak hartzea izan da. Orain, ordea, ahotik hartutako laginen bidezko diagnostikoa diseinatu dute. Lagin horietan gaixotasunarekin zerikusia duten biomarkatzaileak bilatuz egiten da. Informazio gehiago Zientzia Kaieran.
Ingurumena
Itziar Irakulis Loitxate doktoregaia da Valentziako Unibertsitate Politeknikoko ikerketa talde batean, eta Nazio Batuen Erakundean lanean ari da mundu osoko metano isurketak antzematen. Bereizmen handiko satelite irudiak erabiltzen ditu horretarako. Metanoari dagozkio berotegi gasen askapenaren herenak, eta horietatik %20 hidrokarburoetako instalazioek isuritakoak dira. Alderdi horretatik, Irakulisek dio isuriak geratzeko aukera badagoela, baina ekoizpen modua aldatuta. Azalpen guztiak Berrian.
Lindanoa lurzorutik eta zabortegietatik kentzeko konposatu bat sortu berri dute. Lindanoa urte askoan erabili izan da intsektizida gisa, eta konposatu oso toxikoa, iraunkorra eta biometagarria da. Hura lurzorutik kentzeko konposatu berria mikroporoz betea dago, eta lindanoa xurgatzeko gaitasuna du. Gainera, zuzenean erabili daiteke poluitutako lurzoruan, eta lindanoaren % 90etik gora ezabatzen du denbora gutxian. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.
Eboluzioa
Ikerketa berri batek iradoki duenez, historiaurrean tamaina handiko animaliak desagertu ziren heinean, gizakiaren arbasoen gaitasun kognitiboak handitu ziren. Azaldu dutenez, animalia txikiagoak ehizatzeko arma berriak eta txukunagoak asmatzeko beharra sortu zen, eta horrek hobekuntza kognitiboa eragin zuen. Bereziki Levallois teknikaren agerpenean jarri dute arreta. Teknika horrek irudikapen maila handiagoa izatea suposatzen du, eta aztertu diren aztarnategietan teknika horren agerpena harrapakin handien arrastoen desagerpenarekin bat dator. Datuak Zientzia Kaieran: Megafaunaren desagerpenak gizakien kognizioa hobetu zuenekoa.
Arkeologia
Atxurrako grabatuak eszenografia eta ikusleak kontuan hartuta egin zituztela frogatu dute IIIPC institutuko ikertzaileek. Kobazulo hori Berriatuan dago (Bizkaia), eta sarreratik 300 metrora eta 4 metroko garaieran dagoen erlaitz batean, duela 14000 urte grabatutako animalien irudiak daude. Ikertzaileek nabarmendu nahi izan dute irudi horiek sortzea prozesu konplexua izan zela: tresna berezi batzuk sortu zituzten, argiztatu egin zuten eremua, eta ikuslearen kokapena irudikatu behar izan zuten, besteak beste. Horrek guztiak iradokitzen du grabatuak egitea ez zela entretenimendu bat, baizik eta gizartean garrantzi handia zuen ekintza zela. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.
Psikologia
Hainbat azterlan ikusi dute nostalgia sentimenduek baikortasuna eragiten dutela, eta prozesua nola gertatzen den ondorioztatu dute. Azaldu dutenez, faktore nagusia autoestimua da; nostalgia sentimenduek autoestimua hobetzen dutela ikusi zuten, eta azken horrek, era berean, baikortasuna areagotzen du. Gainera, ikertzaileen ustez, nostalgiak eragindako autoestimu sentimenduek gure etorkizuneko perspektibak hobetzen lagun diezagukete. Informazio gehiago Zientzia Kaieran: Nostalgiaren bertuteak.
Argitalpenak
Natura gure esku (2022) liburuan, gizakiaren eta ingurumenaren arteko harremanei buruzko gogoeta egiten du Aiora Zabalak. Bizipen pertsonalak ikerketa lanetatik eratorritako ebidentziekin tartekatzen dira bertan, gaurkotasun osokoz. Esan daiteke liburuaren helburua zera dela: irakurleari jakitun egitea posiblea dela larrialdi klimatikoa eta bioaniztasunaren galera bezalako arazoei buruz askatasun eta kreatibitate gehiagorekin pentsatzea eta ekitea. Liburu honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran.
Egileaz:
Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.