Natalia Zylberlast-Zand izan zen Europako lehenengo neurologo akademikoetako bat. 1883ko martxoaren 28an jaio zen Varsovian, gaur egun Polonia den arren, garai hartan Errusiako inperioan zegoen hirian. Familia judutarrekoa, nazien holokaustoan hil ziren gurasoak, anaia, bi ahizpa eta Natalia bera; ahizpa bakarrak biziraun zuen.
Natalia Zylberlast (Zand abizena Maksymilian Zand-ekin ezkondu zelako hartu zuen) 1899an graduatu zen bigarren hezkuntzan Varsovian eta handik gutxira Suitzara joan zen Genevako Unibertsitatean Medikuntza ikastera. 1907an egin zuen tesia, Un cas de leucémie myéloïde chez un enfant de neuf mois (Leuzemia mieloidea bederatzi urteko haur batean), eta Edouard Martin pediatra eta zirujaua izan zuen zuzendari. Urte horretan bertan Poloniara itzuli zen eta azterketa bat gainditu behar izan zuen Suitzan lortutako tituluak Errusian ere balio zezan.
Ehunetan eta garuneko eta bizkarrezurreko patologietan aditua
Kochanówka-ko ospitalean hasi zen lanean, Lodz-etik gertu, eta neurologiaz interesatu zen berehala. 1908an Czyste-ko ospitale judutarrean hasi zen lanean, Varsoviatik gertu, Edward Flatau neurologoaren lehenengo laguntzaile gisa; harekin batera argitaratu zituen bizkarrezurreko tumoreen tratamendu kirurgikoari eta gortasunari buruzko zenbait lan. Beste neurologo judutar-poloniar ospetsuekin lankidetzan aritu zen eta Marcelo Nencki-ren laguntzailea ere izan zen Biologia Esperimentaleko institutuan.
Varsovian eman zuen garaian ikertzaile ospetsu egin zen, histologian eta garuneko eta bizkarrezurreko patologian aditua. 80 artikulu baino gehiago argitaratu zituen polonieraz, alemanez, frantsesez eta ingelesez. 1912an meningitis biriko batekin zerikusia duten buruko arazoen kasu bati buruz argitaratu zuen, haluzinazio kronikoak eta migraina zituena. 1913an sifilisak garun-bizkarrezur sisteman dituen ondorioez lan bat argitaratu zuen eta 1915ean hortzetako infekzio baten ondoriozko tetanos kronikoa zuten bi kasuri buruz.
Aktibista haurren zaintzan eta emakumeen eskubideetan
Klinikako eta laborategiko lanaz gain, bere ezagutzak eta denbora praktika medikoaren alderdi sozialerako izaten ziren; adibidez, langileak artatzen dituzten erakundeetan aholkuak ematen zituen haurrak hazteaz. Sozialista konbentzitua zen eta haurrak artatzen zituzten erakundeekin lankidetzan aritzen zen, batez ere judutar haurrak artatzen zituztenekin. Emakumeen eskubideen defendatzailea eta aktibista izan zen eta Emakume Sendagileen Poloniako Elkartearen sortzaileetako bat ere bai. 1937an poloniar ordezkari bakarra izan zen Emakume Sendagileen Elkartearen Nazioarteko Laugarren Konferentzian, Edinburgon. Poloniako Psikiatria Elkarteko kide aktiboa izan zen eta eugenesiaren ideiari aurka gogor egin zion.
Gaixotasun neurologiko sorta zabala ikertu zuen, hala nola paralisia, meningitisa, entzefalitis letargikoa, epilepsia… Meningitis tuberkulosoa sendatzeko prozedura kirurgikoak erabiltzeko aukeraz interesatu zen, eta garun-bizkarrezurreko isuriaren analisi biologiko eta bakteriologikoak egin nahi izan zituen gaixotasunari buruz gehiago jakiteko. 1920ko hamarkadan Korsakoffen sindromea aztertzen aritu zen (buruko gaixotasun jakin batzuk dituzten pertsona batzuen afekzioa, alkohol gehiegi hartutakoan agertzen dena). Era berean, begietako eta betazaleko erreflexu batzuk ere aztertu zituen Parkinsonen gaixotasun kasu jakin batzuetan.
Nazien inbasioa eta Varsoviako ghettoa
Bigarren Mundu Gerra hasi zenean, Zylberlast-Zandek poloniarrek, judutarrek eta emakumeek jasan zuten krudeltasun pilatu osoa jasan zuen. Eskubide zibil guztiak kendu eta Varsoviako ghettora joatera behartu zuten; sendagile lanetan aritu zen han eta umezurtzak hartu eta zaintzen lagundu zuen. 1942ko uztailean hasi zen ghettoetako judutarrak sarraskitzeko operazioa eta Zylberlast-Zandek irtetea lortu zuen, lagun batzuk ezkutatu zutelako.
Baina ihes egin eta bi astera, 1942ko azaroaren 23tik 24rako gauean, Zofia Garlicka judutar ginekologoarekin batera hartu zuten preso. Pawiakeko espetxera eraman eta galdeketa egin zieten. Zylberlast-Zandek han bertan aitortu zuen judutar jatorrikoa zela eta hurrengo egunean hil zuten. Gorpua toki ezezagun batean lurperatu zuten. Bere ibilbide zientifikoa, eta batez ere bere bizia, bat-batean eta krudeltasun osoz eten ziren Europa suntsitu eta mundu osoan eragina izan zuen gerran.
Holokaustotik urte batzuetara, Estatu Batuetako etorkin judutar poloniarrek eta ondorengoek omenaldi bat egin zieten Poloniako sendagile martiriei, hau da, Holokaustoaren garaian hildako 2.500 sendagile judutar poloniarri. Horietako bat Natalia Zylberlast-Zand izan zen.
Erreferentzia bibliografikoa:
- Pękacka-Falkowska, Katarzyna; Pekacka-Egli, Anna-Maria (2021). Natalia Zylberlast-Zand (1883–1942), Ir J Med Sci 190, 1537–1538. DOI: 10.1007/s11845-020-02472-4
Iturria:
- Macho Stadler, Marta (2023). Natalia Zylberlast-Zand, neuróloga, Efemérides. Mujeres con Ciencia.
Egileaz:
Rocío Benavente (@galatea128) zientzia kazetaria da.
Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2023ko abuztuaren 3an: Natalia Zylberlast-Zand, neuróloga y una de los mártires médicos del Holocausto nazi.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
1 iruzkina
[…] hartu eta hil zuten judutar jatorrikoa izateagatik. Zientzialari honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran irakur […]