Momien usaina berreskuratzen

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Argitaratu berri den ikerketa baten emaitzak oinarri hartuta, Danimarkako museo batean erakusgai jarri dute Antzinako Egipton momifikazio-prozesuan erabilitako baltsamo baten kopia. Horretarako, Erregeen Haranean aurkitutako bi txarro kanopikotatik hartutako laginak aztertu dituzte. Txarro horietan Senetnay emakume noblearen birika eta gibel baltsamatuak gorde ziren eta, txarroan gelditzen diren arrastoen analisi kimikoari esker, baltsamoa berregiteko ahalegina egin dute.

Antzinako Egipton ohikoak ziren heriotzarekin lotutako hainbat erritu eta Egiptoko kulturan garrantzi berezia zuten heriotza-errituek. Kultura horren baitan, berebiziko garrantzia zuen hil ostean gorpuari egiten zitzaion prozesu guztia, alegia, momifikazioa. Egiptoko kasua alde batera utzita, momifikazio-prozesu konplexu horiek munduko oso leku gutxitan dokumentatu dira –Txilen eta Txinan ere badago kasurik–. Naturako baldintza oso zehatzetan gerta daitekeen momifikazio naturalaren kasuan ez bezala, Egiptoarrek egiten zuten momifikazio artifizialaren kasuan, gorpua prestatu egiten zuten momifikatzeko, hainbat substantzia erabiliz. Momifikazio-prozesuaren baitan, birikak, gibela, hesteak eta urdaila kentzen ziren gorputik, prozesu bereiztu baten bitartez baltsamatzeko eta txarro kanopikoetan gordetzeko. Organoen baltsamatzea ohikoa zen arren, ez zen beti egiten. Ikuspuntu kimikotik, organoak kentzean hobetu egiten zen gorpuaren lehorketa-prozesua; izan ere, bakterioen hazkuntza murrizten zen horrela.

Txarro
Irudia: Antzinako Egipton garrantzi handikoak ziren heriotza-errituak. (Argazkia: aitoff – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com).

Argitaratu berri den ikerketa baten emaitzek momifikazio-prozesuan erabilitako substantzietan jarri dute fokua. Max Planck Geoantropologia Institutuko B. Huber-ek eta bere lankideek organoak baltsamatzeko erabilitako substantziak ikertzen aritu dira, hain zuzen ere. Ikerketa Erregeen Harana delako Antzinako Egiptoko nekropolian aurkitu ziren txarroekin burutu dute. Aztertutako txarroak Senetnay izeneko emakume noblearen birikak eta gibela gordetzeko erabili ziren eta, gaur egun, Hanover-eko (Alemania) August Kestner Museoan daude. Txarroak Howard Carter arkeologo ingelesak aurkitu zituen 1900. urtean, baina ez zen horregatik ospetsu egin, baizik eta 1922an Tutankamonen hilobia aurkitzeagatik.

Senetnayren txarroetara itzuliz, momifikatutako organoak galdu egin ziren arren, txarro hutsak ondo gordeta egon dira urte hauetan guztietan zehar. Hain hutsak ez daude, gainera; izan ere, momifikazioan erabilitako baltsamoen arrastoek oraindik diraute txarroen barruko geruzetan eta txarroa egiteko erabili ziren material porotsuetan.

Egipton momifikazioak 4.000 urtean baino gehiagoan egin ziren arren, ez dira garai hartako idatzi asko berreskuratu –adibide ospetsuenetakoa Baltsamatzearen Errituala delako papiroa da– eta berreskuratu direnetan ez dira aipatzen zeintzuk ziren baltsamoetan erabilitako osagai guztiak. Horrexegatik, Kimika Analitikoaren tresna garrantzitsuenetakoak diren gas-kromatografia eta masa-espektrometria erabiliz hainbat ikerlan egin dira osagai horiek zeintzuk izan zitezkeen jakiteko. Kasu honetan, Huberrek eta bere lankideek Senetnayren bi txarro kanopiko horietatik hartutako laginak aztertu dituzte. Txarro bakoitzaren azpialdetik lagin bana eta barneko paretetatik bina lagin aztertu dituzte, guztira sei laginekin egin da lan. Analisi kimikoa egiteko erauzketa eta disoluzio pausoak egin zituzten eta, jarraian, laginaren banaketa egin zuten likido- zein gas- kromatografia bidez, azkenik masa espektrometro batekin detektatu zuten.

Aurkitutako substantzien artean, aipatzekoa da hainbat triterpenoide detektatu direla. Erretxina-motako esentziak erabili zituztela frogatzen du horrek. Konposatu aromatiko eta fenolikoak ere aurkitu dituzte; esate baterako, banilla usaina duen kumarina edo kontserbagarri funtzioa duen azido bentzoikoa –bi konposatuok gaur egungo kosmetikan ere erabiltzen dira–. Huberren taldeak frogatu du informazio oso baliagarria lor daitekeela txarro kanopikoen arrastoetatik eta, agian, etorkizunean posible izango da baltsamoak nolakoak ziren guztiz zehaztea. Oraingoz, baltsamoa berregin egin dute ikerketan lortutako informazioa abiapuntu gisa hartuta. Betiereko Esentzia deitu diote eta urriaren 13an zabaldu den Danimarkako Moesgaard Museoan aurkeztu da berregindako baltsamoa.

Oraingoz oso zaila da jakitea berregindako baltsamo horren usaina zein neurritan den Egiptoarrek erabilitakoaren berdina; izan ere, ikertzaileek diotenez, zaila da jakitea gaur egun detektatu diren substantziak berdinak izango ote ziren duela 3.500 urte. Hain zuzen ere, substantziek degradazio-prozesuak jasaten dituzte denboran zehar eta baldintzen arabera, eta zaila da, noski, horiek nola gertatzen diren aurresatea. Hala eta guztiz ere, egindako ahalegina hurbilpen egokia izan daitekeela pentsatzen da. Ikerketa honek modu nabarmenean erakusten du nola erabili daitezkeen analisi kimikoak geure historian arakatzeko eta antzinako informazioa lortzeko. Beti izango dugu zalantza zein neurritaraino lortu dugun benetako informazioa, baina horixe da zientzia: zalantzak argitzen joatea eta informazio ahalik eta osatuena lortzea.

Erreferentzia bibligrafikoa:

Huber, B.; Hammann, S.; Loeben, C.E.; Jha, D.K.; Vassao, D.G.; Larsen, T.; Spengler, R.N.; Fuller, D.Q.; Roberts, P.; Devièse, T. eta Boivin, N. (2023). Biomolecular characterization of 3500‑year‑old ancient Egyptian mummification balms from the Valley of the Kings. Scientific Reports, 13, 12477, DOI: 10.1038/s41598-023-39393-y

Informazio gehiago:

Andrew Zeilstra (2023). The scent of the afterlife unbottled in new study of ancient Egyptian mummification balms, eurekalert.org, 2023ko abuztuaren 31.


Egileaz:

Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg), Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.