Distira duten mineralak

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Mineralek, egitura kristalinoetan antolatutako elementu kimikoz osatutako substantzia solido natural horiek, ezaugarri fisiko eta kimiko batzuk dituzte, bakarrak eta berezkoak. Horri esker, identifikazio eta sailkapen irizpide gisa erabil ditzakegu.

Beste era batera esanda, eta pixka bat sinpleago. Mineralen konposizio kimikoa eta elementu kimiko horien barne egitura dela eta, mineral bakoitzak ezaugarri jakin batzuk ditu, begi hutsez ikus daitezkeenak eta berezkoak direnak, eta, horri esker, azkar identifika ditzakegu, eta besteengandik bereizi. Gizakiekin parekatuz gero, pertsona bat beste batekin nahastu gabe deskribatzeko balio duten ezaugarri heredatu horiek lirateke, hala nola ilearen eta begien kolorea, azalaren tonua, altuera, oreztak edo orinak izatea edo gure ahotsaren maila.

Horrek joko handia ematen digu geologia dibulgazioko jarduerak antolatzen ditugunean, mineralak identifikatzeko tailerrak plantea baititzakegu oso modu errazean eta tramankulu askorik gabe, hala nola toska zati bat, labana bat edo beira bat. Horrek bertaratutakoen arreta erakartzen du. Eta aipatzen ditugun propietate fisiko eta kimiko gehienak azaltzeko eta ulertzeko errazak diren arren, baten bat jendeari trabatzen zaio. Distiraz ari naiz.

Distira
Irudia: A) Galena alea, metal distira duen minerala. B) Kuartzozko kristalak, distira ez metalikoa duen minerala.

Definizio azkar batean, mineral baten gainazalak argia islatzen duenean hartzen duen itxura da distira. Eta hortik dator nahasmena. Argia islatzeaz hitz egiten dugunean, uhin argitsuak mineralaren aurpegiaren kontra indarrez errebotatzen eta igorpen iturrira itzultzen imajinatzen ditugu, argi sorta berri bat balitz bezala. Ia mineral hori berez igorle bihurtu eta distira argitsua sortuko balu bezala. Horixe ikusten dugu, adibidez, eguzkiak metalezko objektu batean eragiten duenean kalean, eta horren isla distira bihurtzen da, bere posizioa zehatz-mehatz markatzen diguna, eta min ematen diguna hari adi-adi begiratuz gero. Horrek pentsarazten digu distira egiten duten mineralak -argi efektu hori sortzen dutenak, alegia-, eta distirarik ez duten mineralak -horien artean sartuko genituzke distira hori eragiten ez duten guztiak- daudela.

Hori da guztiok egiten dugun akatsa mineralen propietate optiko hori deskribatu behar dugun lehen aldian; izan ere, planetako mineral guzti-guztiek dute distira. Hain zuzen ere, aurreko paragrafoan aipatu dizuedan eta guztiz intuitiboa den ikusizko hautemate horrek ahalbidetzen digu mineralen distira mota sailkatzea, bi talde handi bereizita. Alde batetik, argiak eragiten dienean metal baten itxura distiratsua duten mineralek distira metalikoa dutela esaten dugu. Kolore ilun eta opakuko mineralak dira, hau da, argiak zeharkatzen uzten ez dietenak, esaterako, pirita (burdin sulfuroa, FeS2) edo galena (berun sulfuroa, PbS). Eta, bestalde, distira ez metalikoko mineralak ditugu, kolore argikoak eta gardenak edo zeharrargiak direnak; eta, beraz, argia transmititzen dute, neurri batean edo guztiz.

Distira
Taula: mineraletan ohikoenak diren distira motak (metalikoa eta ez metalikoa) eta azpimotak (diamantezkoa, koipetsua, matea, nakar itxurakoa, perla itxurakoa, erretxinatsua, zeta antzekoa eta beirazkoa) sailkatuta, zenbait adibide bereizgarrirekin. (Minerales de Visu / Alacanteko Unibertsitateko jatorrizkoaren irudi aldatua)

Distira ez metalikoa duten mineralen barruan hainbat azpibanaketa edo taldekatze aurki ditzakegu, hala nola beira distirakoak, leiho bateko beirak duen distira gogorarazten baitigute. Hori da, esaterako, kuartzoari gertatzen zaiona (silizio dioxidoa, SiO2); nakar distirakoak, kasu honetan perletan sortzen diren irisazioen antzekoa dena eta talkoaren bereizgarria dena (magnesio hidratatuaren silikatoa, Mg3Si4O10(OH)2). Baina, oro har, mineralak beren distiraren arabera sailkatzeko orduan ez gara hainbeste xehetasunetan sartzen, distira metalikoa edo distira ez-metalikoa dutela esaten dugu.

Badakit testuan zehar askotan errepikatu dudala distira hitz gakoa, baina nahita izan da, erabat argi uzteko mineral guztiek propietate hori dutela eta sailkatzeko oinarrizko ezaugarri fisikoetako bat dela. Horrela, mineralak identifikatzeko dibulgazio tailer zoragarri bati aurre egiten diozuenean, distira metalikoaren eta distira ez metalikoaren arteko aldea jakingo duzue, eta haren propietateekin jolasten jarraitu ahal izango duzue eskuan duzuen alearen izen zuzena asmatu arte.

Esker ona

Eskerrak eman nahi dizkiot Ana Rodrigo Espainiako Geologia eta Meatzaritza Institutuko (IGME-CSIC) Geominero Museoko zuzendariari, artikulu hau idazteko ideia emateagatik. Gure geologia dibulgazioko jarduerak hobetzeko moduari buruzko elkarrizketa interesgarri baten ondoren, mineralen ezaugarri bereizgarrietako batzuk ulertzeko orduan jendeak oro har dituen arazoak azpimarratzeagatik.


Egileaz:

Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.


Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2023ko irailaren 28an: Minerales con brillo.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.