Genero-ekitateaz eta gizarte bidezkoago bat eraikitzeaz arduratzen diren gizon askorekin bizi gara. Ziur gizonok gurekin ados daudela, lantokiko sexismoa oraindik ere arazo bat dela esaten dugunean. Erraza da ulertzea denok, gizonek zein emakumeek, onura ateratzen dugula sinesmen eta aurreiritzi faltsuei aurre egiten zaienean. Eskubide agerikoenak defendatzen dituen gizon batek lanean komentario sexista bat entzuten duenean, senak hari aurre egitera bultzatzen du, komentario horren atzean dauden uste eta estereotipo faltsuak zalantzan jarriz edo ezeztatuz.
Negin Sattari, Sarah H. DiMuccio, Joy Ohm eta Jose M. Romero ikertzaileek hamahiru herrialdetako 7.210 gizoni egindako inkestaren arabera, sarritan, berdintasun justua lortzeko inplikatuta dauden gizonek «sexismo onbera» batez erantzuten diete komentario sexistei: positiboak diruditen jarrera, jardunbide eta ekintzak, esaterako, sarritan beharrezkoa ez den laguntza eskaintzea, lausenguak egitea edo irtenbideak iradokitzea. Horrek emakumeen alde jartzeko helburua ahuldu dezake, laguntza, babesa eta maitasuna emateko aitzakiarekin askotan.
Hala sexismo onberak nola sexismo kaltegarriak identitateei eta rol sozialei buruz ezarritako genero-estereotipoak indartzen dituzte. Sexismo kaltegarriak genero-aurreiritzi tradizionalak defendatzen ditu eta horiei aurre egiten dieten emakumeak zigortzen ditu; aldiz, sexismo onberak gauza bera egiten du, asmo oneko ekintzen bidez. Baten eta bestearen taktikak desberdinak dira, baina emakume langileentzat izan ditzaketen ondorioak berberak dira: eragin negatiboak izan ditzake haien osasun mentalean, gaitasunik ez dutela sentitu dezakete, eta laguntza profesional gutxiago jaso dezakete.
Oharkabean sexistak diren jokabideek ez gaituzte bultzatu behar lan eremuan oso beharrezkoa den borroka hori alde batera uztera, baina gero eta pertsona gehiagok ikasi beharko lukete halakoak hautematen.
Sinesmen kaltegarriak indartzen
Sexismo onberaren gakoa ulertzeko, adibide hau irakur dezakegu: sareko sistemen administratzaile izateko lanpostu batean plaza bat dago eta eztabaidatzen ari dira ea Angelina, taldeko kide berri samar bat, sustatu behar den. Colinek dio ez duela uste taldearen errespetua lor dezakeenik, taldekide gehienak gizonak direlako eta hura erakargarriegia delako; beraz, ez du postuz igotzerik nahi. Halako komentario sexista baten aurrean, Jakobek dio: «Colin, ez zenuke hori esan behar: Angelinaren itxurak ez du zerikusirik bere adimenarekin eta lan honetarako duen gaitasunarekin. Baina egia da giroa harentzat agresiboegia izan daitekeela».
Jakobek Colinen komentario sexista nabarmendu du, baina ondorio bera duen komentario bat egin du berak ere: Angelinari igoera ukatzea, hura zaintzearen eta haren ongizateaz kezkatzearen distira positiboarekin adierazita. Pentsa dezake erronka desatsegin batetik babesten ari dela, baina, egia esan, hori sexismo onbera da.
Halako egoeretan, Jakobek eta sexismoa salatu nahi duten beste pertsona batzuek zera hausnartu beharko lukete: positiboak diruditen baina, egiaz, genero-arloan kaltegarriak diren hiru uste faltsuetako bat indartzen ari dira beren erantzunaren bidez? Hona hemen usteok:
- Uste faltsua: gizonek emakumeez arduratu behar dute
Sinesmen hori tradizio patriarkal batetik dator, zeinaren arabera gizonek emakumeak babestu eta hornitu behar dituzten, eta emakumeek gizonen babesa eta laguntza behar duten. Emakumeei eskatu gabeko laguntza eskaintzea, esaterako, finantza-gaiez edo arlo teknologikoaz arduratzeko, agian asmo oneko jokabidea da, baina ekintza paternalista horiek ulertarazten dute emakumeak hauskorrak direla, gaitasun txikiagoa dutela eta ez direla gai beren erabakiak hartzeko.
Adibidez: emakume bati ikusgarritasun handiko proiektu bat zuzentzeko ez eskatzea edo nazioarteko esleipen bat ez ematea, egoera zailei aurre egin beharko liekeelako, arlo familiarrean (batez ere seme-alaba txikiak baditu) eta logistikoan.
- Uste faltsua: gizonak eta emakumeak desberdinak eta osagarriak dira
Kasu honetan, uste da gizonak eta emakumeak, berez, gizarteko erantzukizun eta rol desberdinetarako egokiak direla. Agian noizbait entzun dugu honelako zerbait: emakumeak gizonak baino solidarioagoak dira eta, beraz, familia, komunitatea eta, lanean, taldea zaintzeko ardura izan behar dute. Agian, uste hori kaltegabea edo lausengagarria ere irudituko zaio norbaiti, baina emakumeek historikoki etxetik kanpoko aukeretan izan dituzten muga askoren oinarria da, eta horrexek bultzatu zituen laguntzeko roletara lan-eremuan.
Adibidez: iradokitzea emakume bat egokiagoa dela giza baliabideetako lanpostu baterako, salmentetarako baino.
- Uste faltsua: gizonen bizitza pertsonala emakumeen mende dago
Uste itogarri horren arabera, gizonen biziraupena emakumeen esku dago. Gizonekiko mendekotasuna nabarmentzen du, baina, aldi berean, ziurtzat jotzen du emakumeek gizartean duten zeregin nagusia gizonen afektu-beharrak asetzea dela. Ikuspegi horretatik, emakumeak objektu sexual hutsak dira eta ez dute baliorik pertsona independente gisa, ezta lantokian ere.
Adibidez: lankide bat bere itxuragatik zoriontzea eta haren senarra zorioneko gizona dela esatea. Edo esatea taldean neskak egoteari esker nolabaiteko ordena eta harmonia mantentzen dela.
Sexismo onbera, baita zientzian ere
Gutako asko ez gaude uste horiekin ados esplizituki adierazten direnean, baina gehienok oso barneratuta ditugu, eta oso zaila da jakitea zenbateraino dauden txertatuta egiten ditugun edo beste batzuek egiten dituzten komentarioetan.
Hain zuzen ere, maila guztietako gizonek lantokian komentario sexista bat noiz eta nola eten dezaketen jakiteko ikerketa batean, gizonen % 29-74k, herrialdearen arabera, erantzun sexista baina onbera gisa etiketatutako lau aukeretako batekin edo gehiagorekin (23 aukeratik) erantzungo luketela adierazi zuen: adibidez, «Nire gizonezko lankideari emakumeak babesteko eskatuko nioke», «emakumeekin tratatzea gizonekin tratatzea baino errazagoa dela esango nuke», etab.
Gizon-talde horren ezaugarriak behatu zirenean, ikusi zen estereotipoak bere horretan jarraitzen zuela, baita emakumeen laneko eskubideen defendatzailetzat jotzen zirenen kasuan ere. Argitara atera zen erantzun sexista onberak ehuneko hauen artean zeudela (herrialdearen arabera):
- berdintasunaren aldeko borrokarekin konpromiso handia zuten gizonen % 40-82k komentario sexistak egiten zituen oharkabean;
- sexismoari aurre egiteko duten gaitasunean konfiantza handia zuten gizonen %33-82k uste faltsuak zituen,
- genero-desparekotasunei aurre egitearen onura pertsonal eta sozialez jabetzen ziren gizonen %39-84k estereotipoak mantentzen zituen.
Beste gizon batzuen jarrera sexistei zuzenean aurre egiten dieten gizonen kasuan ere, %37-78k sexismo onbera erabili zuen bere erantzunean. Kezkagarriena zera izan zen: herrialde guztietan, gizon batek hierarkia korporatiboan zuen posizioa zenbat eta altuagoa izan, orduan eta probableagoa zen haren erantzunetan sexismo onbera aurkitzea. Gizonok, babestu nahi dituzten emakumeei kalte egiteaz gain, erreferente txarrak dira antzeko postuetan dauden beste gizon batzuentzat. Ez da zaila zientziaren munduan gaizki ulertutako babes-egoera horiek imajinatzea.
Berdintasunaren aldeko ikuspegi zorrotzagoa
Zer egin dezakete gizonek lanean, departamentuan, eskoletan edo laborategian ekitatea sustatzeko?
Egia da gizon askok inklusioa eta justizia, berdintasuna eta pertsona guztien eskubideak babesten dituztela, baina agian ez dute beren ekintzetan sexismo onbera identifikatzeko estrategiarik. Ikertzaileek zenbait gai proposatu zituzten, sexismoari aurre egin nahi dioten gizonek, batez ere liderrek, ikuspegi zorrotzago bat hartzeko erabil ditzaten.
- Une oro beren hitzez jabetzea, paternalismoei adi egotea. Interesa agertzea sexismo onberari buruz iristen zaien informazioan: nola garatzen den lantokian, zer ondorio dituen eta nola sarritan sexismo kaltegarriarekin lotuta dagoen. Garrantzitsua da gogoan izatea nola ideia sexista onberek genero guztietako pertsonei buruzko estereotipoak eta aurreiritzi zurrunak indartzen dituzten.
- Egiaztatzea zer nolako usteak dauden pertsonek beren generoaren arabera izan beharreko jarrerari eta bizitzari buruz.
- Irudikatzea nola eten daitezkeen komentario sexistak, sexismo onberaren tranpan erori gabe. Zer iradoki nahi da hitz horiekin? Zer eragin izango dute ekintza jakin batzuek? Agertzen al da emakumeek beren kabuz lan bat ezin dutela egin edo ez dutela egin behar dioen aurreiritzia?
- Eskuratutako ezagutzak aplikatzea. Beste batzuek komentario sexista onberak egiten dituztela entzutean, ondo legoke aurre egitea. Adibidez, lankide batek emakume bat proiektu konplexu batetik «salbatu» nahi badu, beste ikuspegi bat emanez lagundu dakioke, galdera honen bidez: «Zer ondorio ditu emakume hori proiektu honetan ez sartzeak? Ez al da egokiagoa hari zuzenean galdetzea, zer nahi duen suposatzea baino?».
- Jokabide ekitatiboak bultzatzea. Emakumezko lankideen edo kontratatuen gaitasunetan jartzea arreta, haien itxuran eta antzeko ezaugarrietan jarri beharrean. Eraginkorra izaten da lanaren emaitzekin eta lortutako helburuekin lotutako feedbacka ematea, ustez emakumeen berezkoak diren ezaugarriak (esaterako, berotasuna eta adeitasuna) goraipatu beharrean.
- Lantokiko sexismoari buruzko elkarrizketak has daitezke, hausnartzeko eta beste ikuspuntu batzuk ikusteko. Egokiena da gai horiei jakin-minez eta apaltasunez heltzea, ezaugarriok beti baitira lagungarriak; alferrik da norbere buruari edo besteei errua botatzea komentario batekin hanka sartu izanagatik. Hobe da ikasteko gogoan jartzea arreta.
Berdintasunaren alde konprometitutako gizon asko daudenez, aldaketarako bultzada handi bat sortuko da. Sexismo onberak berezkoa duen ñabarduraz jabetzea urrats erabakigarria da norabidea sotilki zuzendu eta aldaketa hori gauzatzeko.
Erreferentzia bibliografikoak:
Lamarche, Veronica M.; Seery, Mark D.; Kondrak, Cheryl L.; Saltsman, Thomas L. eta Streamer, Lindsey (2020). Clever girl: Benevolent sexism and cardiovascular threat. Biological Psychology, 149, 107781. DOI: https://doi.org/10.1016/j.biopsycho.2019.107781
Hideg, I., eta Shen, W. (2019). Why Still so Few? A Theoretical Model of the Role of Benevolent Sexism and Career Support in the Continued Underrepresentation of Women in Leadership Positions. Journal of Leadership & Organizational Studies, 26(3), 287-303. DOI: https://doi.org/10.1177/1548051819849006
Oswald, D.L., Baalbaki, M. eta Kirkman, M. (2019). Experiences with Benevolent Sexism: Scale Development and Associations with Women’s Well-Being. Sex Roles, 80, 362–380. DOI: https://doi.org/10.1007/s11199-018-0933-5
Informazio gehiago:
- Sattari, N., DiMuccio, S.H., Ohm, J. eta Romero J.M. (2022). Dismantling “Benevolent” Sexism. Harvard Business Review, 2022ko ekainaren 8an argitaratu.
- Catalyst. Research Series: Interrupting Sexism at Work.
Egileaz:
Marta Bueno Saz (@MartaBueno86G) Salamancako Unibertsitatean lizentziatu zen Fisikan eta Pedagogian graduatu. Gaur egun, neurozientzien arloan ari da ikertzen.
Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2022ko ekainaren 21ean: Sexismo con buena intención.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
1 iruzkina
[…] egitea da. Hori ez doa esan gabe, askotan talde pribilegiatuek eurek boikotatzen dituztelako beren asmo onak. Berdintasunaren aldeko aliatuek egoera zailean aurkitzen dute beren burua: desmuntatu behar dute […]