Asteon zientzia begi-bistan #469

Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

gorostia

Matematika

Eugenio Calabi matematikariak hainbat objektu geometriko berri asmatu zituen bere ibilbide profesionalean zehar. Bereziki ezaguna da 1953an egindako aieruagatik. Zientzialari batzuk bere lanaren aurrean eszeptiko azaldu ziren, baina Calabik Shing-Tung Yau matematikariarekin batera eraikitako objektu batzuk funtsezkoak izan ziren soken teoria planteatzeko. Izan ere, fisikari talde bat ohartu zen unibertsoko sei dimentsio “estrak” Calabi-Yau barietate oso txiki batean ezkutatuta egon zitezkeela. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Espazioaren forma zizelkatu zuen matematikaria.

Biologia

Argiari jarraitzeko landareek duten mekanismoa azaldu du ikerketa batek. Arabidopsis thaliana landarearen ale mutante batek eman die erantzuna. Ikertzaileak ohartu ziren landareek zelulen artean dituzten kanal batzuk oso garrantzitsuak direla landareak argia jarrai dezan. Kanal horietan airea sartzen denean, zelula fotosentikorrak argi gradiente bat sumatzen dute eta, ondorioz, landarearen hazkuntza argirantz bideratzen da. Datuak Zientzia Kaieran.

Hegazti-gripeak gutxienez hartz polar bat hil duela baieztatu du Kanadako Ingurumen Kontserbazio Sailak. Adituek pentsatzen dute hildako hegaztien gorpuak janda kutsatu zela hartza. 2021ean identifikatu zen hegazti-gripearen azken izurria, eta, geroztik, milioika hegazti basati eta milaka ugaztun hil dira mundu osoan birus horrengatik. Albiste honek kezka piztu du bereziki, gripearen birusak normalean ez baitira iritsi lurralde horietara. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.

Gorostia zuhaitz berezia eta maitatua da gurean. Ohitura zen haren aleak basotik hartu edo kimatzea, eta horregatik erakundeek halakorik egitea debekatu zuten. Pinudiak landatzearekin batera gutxitu ziren gorostiak, beste zuhaitz askorekin batera. Mikel Etxeberria Okariz Aranzadi zientzia elkarteko kideak azaldu du, gorosti arrak eta emeak daudela, eta emeek ematen dituztela pipita gorriak. Gehienbat azten horiek kentzen ziren basotik, eta populazioak desorekatu ziren. Interes bereziko espezieen EAEko katalogoan dago gorostia. Datuak Berrian.

Biokimika

Landareetan aminoazidoetatik abiatuta oxido nitrikoa sortzeko bide metaboliko bat aurkitu dute. Ikertzaileek jakin nahi zuten zehazki nola lortzen zuten landareek konposatu hori ongarri gisa erabiltzen den amonio asketik eta aminoazidoetatik. Izan ere, landareen tolerantzia hobetzen du konposatu horrek lehorteetan edo mantenugaien eskasia dagoenean. Orain Nafarroako Unibertsitate Publikoak gidatutako ikerketa batek ikusi du peroxidasa izeneko entzima bat erabiltzen dutela oxido nitrikoa sortzeko. Egileek uste dute aurkikuntzak hainbat aplikazio izan ditzakeela nekazaritzan eta medikuntzan. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Ingurumena

Galizian isuri diren moduko plastikozko aleak itsasoan aurkitzea ez da gauza arraroa. Kalkulatzen da urtean 52.000-184.000 tona plastiko-ale isurtzen direla itsasora ekoizpen eta garraio-katean gertatutako arazoen ondorioz. Gaiaren inguruko artikulu berri batean ikertzaileek argi utzi dute halako isuriak beti direla ingurumen-arazo bat, eta materialaren arabera toxikotasun-arazo bat ere izan litezkeela. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian: Plastikozko aleak itsasoan; ez da berria, baina bai larria.

Ibone Ametzaga Biologian doktorea ekosistemen zerbitzuez mintzatu da NAIZ Irratian. Ekosistemen zerbitzuak dira gizakiak ekosistemetatik lortzen dituen onurak. Hauek zuzenak, erregulatzaileak edota kulturalak izan daitezke. Ametzagak azaldu du naturari balio utilitarista jartzea ez dela erraza, zaila baita kalkulatzea paisaia baten edo espezie baten “prezioa”. Gainera, gogorarazi du ekosistemen funtzionamenduen oinarria biodibertsitatea dela, eta horrek denboran zehar eboluzionatzen duela. Azalpen guztiak Gara egunkarian.

Klima-aldaketa

2023a izan da inoiz neurtu den urterik beroena, Europako Batasunak klima-aldaketa aztertzeko sorturiko Copernicus zerbitzuaren datuen arabera. Ekainetik abendura, hilabete guztiek gainditu zituzten hilabete horietako tenperatura markak, eta berotegi gasen kontzentrazioa inoizko handiena da. Horren ondorioz, industriaurreko datuekin alderatuta, batez beste ia 1,48 gradu berotu da planeta. Gainera, aurreko urtean muturreko fenomeno meteorologiko ugari izan ziren. Informazio gehiago Berrian.

Ikerketa berri baten arabera, itsasoko tenperaturak 0,23 gradu egin du gora 2022tik 2023ra. Gainera, industrializazioaren garaiarekin alderatuz gero, %50 CO2 gehiago dago itsasoan. Itsasoko tenperaturak gora egiteak ingurumen hondamendiak gertatzeko probabilitatea handitzen duela azaldu dute ikertzaileek. Gainera, uraren ziklo atmosferikoa ere aldatu dela argudiatu dute. Datuak Berrian.

Genetika

Zahartzea erruz atzeratzea lortu du Hungariako zientzialari talde batek. Laborategiko zizareetan egin dute, eta Piwi-piRNA bidezidorra aktibatzea izan da gakoa. Bidezidor horrek gene saltariak (transposonak) inhibitzen ditu, genomaren parte batetik beste edonora mugi daitezkeen DNA zatikiak. Gene saltariek ondorio kaltegarriak eragiten dituzte organismoan, eta gehiegi mugitzen direnean, genoma desegonkortu eta zelulen zahartzea eragin dezake. Gene horiek saltorik ez egitea lortu dute, beraz, eta zahartzea atzeratzea. Datuak Berrian.

Geologia

Blanca Martinez geologoak uharteak benetan zer diren eta nola sortzen diren azaldu du Zientzia Kaieran. Uharte guztiak itsas hondotik hazten dira, eta itsas maila gainditu arte ez dira azaleratzen. Uharteak bi prozesu geologikoren bidez sor daitezke: mugimendu tektonikoen bidez, eta itsaspeko bolkanismoaren bidez. Lehen prozesuan, litosfera osatzen duten plaka tektonikoen arteko talken ondorioz sortzen dira uharteak. Bigarrenean, berriz, ozeanoaren hondoko puntu finko batean dagoen ganbara magmatiko batek laba isurtzean sortzen da.

Osasuna

Alzheimerraren bost aldaera aurkitu dituzte, eta baliteke bakoitzak tratamendu desberdina behar izatea. Ikertzaileek alzheimerra zuten 419 pertsonen likido zefalorrakideoa ikertu zuten, eta bertako 1058 proteina aztertu. Jasotako emaitzen bidez, ikusi zuten gaixotasunean gertatzen ziren prozesu biologiko batzuk bost taldetan banatu zitezkeela. Gainera, ikusi zuten gaixotasunaren bilakaera ere desberdina zela aldaeraren arabera, eta agian bakoitzak tratamendu ezberdin bat beharko lukeela. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian.

Txantxarra izatea oso ohikoa da mundu mailan. Lesio mota hori agertzen da ahoko mikrobiotaren desoreka-egoera edo disbiosia gertatzen denean. Txantxarrak osasun publikoarentzat erronka handia izaten jarraitzen du, prebentzioan baino tratamenduan oinarritutako ikuspegia gailentzen baita. Hori hala da esku-hartze gehienak klinika pribatuetan egiten direlako. Euskal Autonomia Erkidegoan, PADI programari eta uren fluorizazioari esker, gaur egun Europako onenen artean daude txantxarraren indizeei dagokienez. Datuak Zientzia Kaieran.


Egileaz:

Irati Diez Virto (@Iraadivii) Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.