Munduko akuifero gehienak gainbeheran dira

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Orain arte egindako laginketarik handienak agerian utzi du batez ere eremu idorretan azkar lehortzen ari direla lurpeko ur erreserbak.

Mapamundi baten aurrean jarrita, berehala bereizten ditugu gure planeta txiki hau horren xarmagarri egiten duten kontinente eta itsasoak. Poloetan, gainera, moduren batean bi mundu horien arteko nahasketa diruditen eremu izoztuak aise ikusten ditugu ere.

Baina lurpean ere badira urez beteriko eremu zabalak. Akuiferoak dira horiek. Herri irudimenean, lurpeko zulo handietan bildutako lakuak dira, baina gehien-gehienetan gauzak ez dira horrela. Horrelakoa baino, urez gainezka dagoen lur busti bat bezalakoa dela esan ohi dute geologoek, eta, inguru horiek, laku bat bezalakoak baino, belaki erraldoitzat hartu behar ditugula.

akuifero
1. irudia: eskualde askotan, lurpetik erauzitakoa da behar adina kopuruetan soroak ureztatzeko eskura dagoen ur bakarra. (Argazkia: Juanma Gallego)

Horietako asko ur ekarpenekin betetzen dira aldiro, baina badira ere garai batean pilatutako uraren gordailu direnak, dagoeneko urik jasotzen ez dutelako. Azken hauei akuifero konfinatu edo fosil esaten zaie, eta horietako batzuk guztiz estrategikoak dira.

Bitxia eman badezake ere, munduko akuifero fosilik handiena Ekialdeko Sahararen azpian dago; Txad, Egipto, Libia eta Sudan artean. Nubiako Hareharrizko Sistema Akuiferoa da, eta 150.000 kilometro kubiko inguru ditu. Horren tamainaz jabetzeko, pentsatu behar dugu gutxi gorabehera Mediterraneo itsasoan dagoen uraren halako hamarren bat duela.

Hau ez ezik, modu batean edo bestean, akuifero gehienak premiazkoak dira gizakiarentzat. Horregatik lurpeko ur masetan gordetako kopuruei adi daude zientzialariak.

Dena dela, mundu mailako bereizmena eduki nahi izanez gero, agerikoa da erronka handia dela informazio hori guztia kudeatu ahal izateko moduko jarraipena egin ahal izatea. Lurrazalean dauden ur masen kasuan, satelite bidezko irudiek aukera eman dezakete uren zabaleraren zenbatespena ia-ia denbora errealean egiteko, eta, irudi horien bitartez, gertatzen ari diren joerak ondorioztatu daitezke.

Akuiferoen kasuan, ostera, oso bestelakoa da egoera. Satelite bidez ere horiek neurtzen saiatzeko ahalegin batzuk egiten ari diren arren —zehaztasun handiz grabitazioa neurtzen duten GRACE sateliteen bitartez urpeko ur masak ondorioztatuz, adibidez—, monitorizatutako ur putzuak dira egoeraren berri izateko zientzialariek eskura dituzten tresna onenak.

Bide hau jarraitu dute orain Nature aldizkarian aurkeztutako zientzia artikulu batean. Nazioarteko zientzialari talde batek 40 herrialdetan baino gehiagotan neurtutako 170.000 putzu ingurutan jasotako datuetan oinarritu dira egoera zertan den ezagutzeko. Orotara, 1.693 akuifero sistema aintzat hartu dituzte ikerketan. Eta atera dituzten ondorioak ez dira batere baikorrak akuiferoen egoerarekiko.

Datuen arabera, akuiferoen %71 ura galtzen ari dira. Horien artean, ur erreserben %36 urte bakoitzeko 0,1 metro —hots, hamar zentimetro— jaisten ari dira mailan. Beste %12 are azkarrago jaisten ari dira: metro erdi baino gehiago urte bakoitzeko.

1980 eta 2000 bitartean izandako aurreko neurketekin alderatuta, zientzialariek diote akuiferoen %30 inguru “modu azeleratuan” ahitzen ari direla gure mende honetan, “bereziki eremu idorretan”. Ikertzaileek klima aldaketaren testuinguruan kokatu dute egoera. Diotenez, uren galera azeleratua duten eremuen %80an prezipitazioak gutxitu dira azken 40 urteetan.

akuifero
2. irudia: 170.000 bat putzutako datuez baliatu dira. Irudian, aztertutako akuiferoen galera mailen irudikapen grafikoa. (Irudia: Scott Jasechko / UCSB)

Gainbehera gehien izan dituzten eremuen artean, nabarmendu dituzte AEBetako mendebaldea, Saudi Arabia, Iran eta Txinako iparraldea. Iberiar penintsularen adibide bat aipatu dute ikerketan: Cingla-Cuchillo akuiferoak (Murcia eta Albacete probintzien artean) urte bakoitzeko 1,6 metro galdu ditu. Dena dela, gehien galdu duena Irango Rashtkhar akuiferoa da: urte bakoitzean 2,6 metro jaisten da bere maila.

Goranzko joeran daudenak badira ere, baina horiek dezente gutxiago dira. Hala, akuiferoen %6 igotzen ari dira urteko 0,1 metroan, eta %1 ingurutan askoz azkarrago gertatzen ari da gorakada, urte bakoitzeko 0,5 metroan.

“Batetik, erakutsi dugu lurpeko urak azkar ahitzen ari direla mundu osoan, eta azken hamarkadetan gutxitze tasak azkartu direla, zenbait lekutan 20 hazbete [50 zentimetro] baino gehiago”, laburbildu dute egileek The Conversation atarian argitaratutako dibulgazio artikulu batean. “Bestetik, lurpeko uren ahitzea geldiarazteko propio egindako ekimen ugari jaso ditu ikerketak. Ondorio hauek erakusten dute gizarteak ez daudela kondenatuta beren lurpeko ur hornigaiak drainatzera, eta, behar bezalako esku hartzeen bidez, baliabide garrantzitsu hau berreskuratzerik badagoela”.

Hoberantz doazen ur masen kasuan, zientzialariek uste dute besteak beste bertan ur kontsumoa gutxitu dela, kudeaketa politikak martxan jarri direla, lurraren erabileran aldaketak egon direla edo ur transferentziak gertatu direla. Egileak sinetsita daude akuifero hauek berreskuratu daitezkeela, akuiferoen kudeaketa hobetuz gero.

Datu andana izan dituzten arren, ikerketak gutxi gorabehera urpeko ura erabiltzen duten lurraldeen hiru laurden inguru jorratu ditu, baina Afrika edo Txina bezalako eremu garrantzitsuetan datuak ez direla jaso ohartarazi dio Inside Climate News hedabideari Donald John MacAllister hidrogeologoak. Bereziki urpeko uren kontsumo handia duen Txinaren tamaina ikusita, nahiko intuitiboa da pentsatzea faltan diren datu horiek seguruenera ez direla oso baikorrak izango.

Ikerketan adibide asko jarri dituzte. Adibidez, Bangkoken (Thailandia) 1980 eta 1990eko hamarkadatan izandako ur mailen jaitsierari buelta eman diote, lurpeko uren ponpaketak gutxitzeko ezarri dituzten araudiengatik. Bestetik, Bangladesh erdialdean, herrialdeko gune txiroenetako batean, arroza ereitetik garia ereitera pasa dira, eta gai izan dira akuiferoa berriro betetzeko.

Beste adibide bat aipatzearren, Tucsonen (Arizona, AEB) Colorado ibaiko urarekin inguruan dagoen Avra haraneko akuiferoa betetzeko erabiltzen ari dira. Horrelakoak, dena dela, ez dira dohain ateratzen, eta Kaliforniako Golkoko deltara iristen den ur jarioa txikiagoa da orain. Horrek ere, noski, ingurumen edo ekonomia eraginak eraginak izan ditzake. Nahi eta nahi ez, lur sistema osoa hertsiki lotuta dagoelako.

Erreferentzia bibliografikoa:

Jasechko, Scott; Seybold, Hansjörg; Perrone, Debra; Fan, Ying; Shamsudduha, Mohammad; Taylor, Richard G.; Fallatah, Othman; Kirchner, James W. (2024). Rapid groundwater declines in many aquifers globally. Nature, 625, 715–721. DOI: 10.1038/s41586-023-06879-8


Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.