Nozebo efektua eta glutena

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Gure gizartean, elikadura moda iragankorrez eta sinesmen faltsuz betetako eremua da. Ezjakintasunak eta zenbait marketin-estrategiek pertsonen artean ideia okerrak agertzea eta zabaltzea sustatzen dute. Horren adibide da «superelikagai» kontzeptua.

Superelikagai kontzeptua elikagai jakin batzuen kontsumoa sustatzeko erabiltzen da, eta gehiegizkoak edo irrealak diren propietate osasungarriak ematen zaizkie. Beste batzuetan, zenbait mantenugai deabrutzen dira, hala nola laktosa eta glutena. Modu okerrean sinesten da mantenugai horiek osasunerako ondorio kaltegarriak dituztela, baita arazorik ez duen biztanleria osasuntsuan ere. Hau da, laktosarekiko intolerantzia, zeliakia, gariarekiko alergia edo gluten ez zeliakoarekiko sentikortasuna (GEZS) ez duten pertsonentzat ere kaltegarriak direla pentsatzen da.

Nozebo efektua
Irudia: gizartean zabalduta dauden ideia batzuen arabera, mantenugai jakin batzuk kaltegarriak dira, baita horiekiko intolerantzia edo alergiarik ez duten pertsonentzat ere. (Argazkia: Towfiqu barbhuiya – Unsplash lizentziapean. Iturria: Unsplash)

Horren ondorioz, pertsona batzuek glutena edo laktosa duten elikagaiak baztertu eta molekula horiek ez dituzten beste produktu batzuekin ordezten dituzte, nahiz eta ez duten halakorik hartzea eragozten dien gaitzik. Gainera, produktu horiek garestiagoak izaten dira. Horretarako ematen diren justifikazioen artean, kontzeptu okerrak nabarmentzen dira: hala nola laktosarik gabeko esnea arinagoa eta digestiboagoa dela (hau da, sintoma gastrointestinal gutxiago eragiten dituela) edo glutenik gabeko elikagaiak osasungarriagoak eta naturalagoak direla eta argaltzen laguntzen dutela. Egia esan, justu kontrakoa gertatzen da. Glutenik ez duten produktuek nutrizio konposizio pobreagoa izaten dute; gatz, azukre eta gantz aseen ehuneko handiagoa dute, eta mineral, bitamina eta zuntz gutxiago. Bestalde, esnean laktosarik ez dagoenez, hartu ondoren mineral gutxiago xurgatzen dira (esaterako, kaltzioa, fosforoa edo magnesioa), azukre horrekin egindako esnearekin alderatuta.

Izan al liteke gizabanako osasuntsu batzuek mantenugai batzuen aurrean (glutena, adibidez) dituzten espektatiba negatiboek, horiek hartu ondoren, beren osasunerako ondorio negatiboak sentitzera eramatea, halako autobetetako profezia bat sortuz? Medikuntzan, badakigu fenomeno hori maiz gertatzen dela pazienteen artean, bai saiakuntza klinikoetan, bai egunerokoan. Sendagai bat edo plazebo bat hartzen ari diren jakin gabe, pertsona batzuek sintoma edo zeinu jakin batzuk izaten dituzte; ez sintoma edo zeinu horien eragin aktiboagatik, baizik eta hartzera doazenean dituzten uste edo espektatiba negatiboengatik. Gertaera berezi horri «nozebo efektua» deitzen zaio, eta plazebo efektuaren kontrakoa da.

Nozebo efektua saiakuntzara

Duela gutxi, kalitate handiko saiakuntza kliniko bat egin da (taldeetako bateko parte-hartzaileak ausaz hautatu dira eta plazeboarekin kontrolatu; hainbat herrialdetan egin da), eta berriro indartu du ideia hau: pertsonek glutenaren aurrean dituzten espektatiba negatiboek eragina dute beren osasun arazoen agerpenean. Ikerketa horren emaitzak The Lancet, Gastroenterology & Hepatology aldizkarian argitaratu dira. 84 parte-hartzaileek, 18 eta 70 urte bitartekoek, ez zuten gariarekiko alergiarik, ezta zeliakiarik ere. Baina ikertzaileei jakinarazi zieten GEZSa zutela, glutena kontsumitu ondorengo 8 orduetan hainbat sintoma gastrointestinal zituztelako. Boluntario horiek ez zuten medikuaren baieztapen diagnostikorik jaso; aitzitik, beraiek aipatzen zuten osasun arazo hori.

Saiakuntzan parte hartu aurretik, gizabanakoek glutenik gabeko dieta aske bat jarraitu behar zuten, gutxienez astebetez eta baita azterketan zehar ere. Hori egiten zen gizabanakoek beste arrazoi batzuengatik sintoma gastrointestinalik ez zutela ziurtatzeko, eta, beraz, dieta hori egiten zuten bitartean sintomarik gabe edo sintoma arinekin egon behar zuten. Parte-hartzaileak ausaz 4 taldetan banatu ziren, gosaltzeko eta bazkaltzeko glutendun ogia kontsumitzeko itxaropen handia edo txikia zegoen (bi xerra guztira) edo, benetan, glutendun ogia jasotzen zuten ala ez kontuan hartuta. Ikertzaileek eta boluntarioek ez zekiten parte‑hartzaileek kontsumitzen zuten ogiak molekula hori zuen.

Gluten espektatiba handia

Sintoma gastrointestinal gehien izan zituen taldea glutendun ogia jaso eta kontsumitzen egoteko espektatiba handia zuena izan zen. Horiek glutendun ogia jaten ari ziren baina hura jaten egoteko espektatiba txikia zutenek baino sintoma nabarmen gehiago zituzten. Gainera, ez zen alde esanguratsurik ikusi sintomen magnitudean glutendun ogia jateko espektatiba txikia zutenetan, benetan hartzen ari ziren ala ez. Bitxiki, glutena kontsumitzeko espektatiba handia zuten bi parte-hartzailek, eta, benetan, glutenik gabeko ogia jan zutenek, kontrako gertaeren berri eman zuten. Batek ziurtatu zuen masailezurrean azkura zuela, eta besteak tripetako hotsa eta zorabioak.

Zentzuak agintzen duenaren kontra, azterketa horrek erakusten du ogian glutena egotea ez zela arazo gastrointestinal gehien eragiten zituena GEZSa zutela uste zuten pazienteengan, baizik eta kontsumitzen egoteko espektatiba bera. Egileek ondorioetan nabarmentzen dutenez, espektatiba negatiboen konbinazioak eta glutena benetan hartzeak eragiten zituzten sintoma gastrointestinal gehien, eta horrek nozebo efektua adierazten du, baina ezin da baztertu glutenaren efektu aktibo jakin bat. Javier Molinak, San Pedro de Alcántara Ospitaleko (Caceres) Digestio Aparatuko Zerbitzuko medikuak, Science Media Centren azaldu duenez, «ikerketa honek ebidentzia zientifiko sendoa ematen du terapia psikologikoa babesteko. Terapia horrekin zuzendu egingo lirateke espektatibak eta uste okerrak garun-heste ardatzaren nahasmenduen diziplina anitzeko tratamenduan».

Saiakuntza kliniko horrek gogorarazten digu inoiz ez dela burua gutxietsi behar osasun arazoen agerpenean. Arazo organikorik egon ez arren, espektatiba negatiboek pazienteen bizitzan eragin dezaketen kaltea oso erreala izan daiteke.


Egileaz:

Esther Samper (@Shora) medikua da, Ehunen Ingeniaritza Kardiobaskularrean doktorea eta zientzia-dibulgatzailea.


Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2024ko urtarrilaren 1ean: Efecto nocebo y gluten.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.