Kamoʻoalewa, ilargi zaporea duen asteroidea

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Asteroideak eta kometak gure Eguzki Sistemako objektu ugarienak dira, eta seguru asko, Eguzki Sistema eraiki zeneko bloke primitiboen memoria gordetzen dute. Badakigu batzuek ondoren eboluzio prozesuak izan dituztela, eta talken, erradiazioaren edo uraren ondorioz, egitura eta osaera aldatuta izango dituztela seguru asko. Muturreko kasu batzuetan, gorputz planetarioen zati izandakoak ere izan daitezke objektu hauetako batzuk.

Nola egin daiteke eboluzioaren bide hori alderantziz? Gure Eguzki Sisteman, planetek eta sateliteek talka oso handiak jasan dituzte historian zehar, eta batzuetan beharrezko indarra izan dute materialei nahikoa abiadura emateko, grabitatearen indarretik ihes egiteko, eta Eguzkiaren inguruan orbitan jartzeko.

2016ko apirilean Pan-STARRS teleskopioak 40 eta 100 metro arteko diametroa duen asteroide txiki bat aurkitu zuen: 469219 Kamoʻoalewa. Asteroide horrek ordu erdi baino gutxiago behar du bere ardatzaren baitan bira emateko, eta urtebete inguru Eguzkiaren inguruan bira emateko. Oso txikia den arren, berehala erakarri zuen zientzialarien arreta, bitxitasun interesgarri pare bat zuelako.

Kamoʻoalewa
1. irudia: Lurraren ingurua oso kongestionatuta dago maila orbitalean, 30.000 asteroide inguru baitaude Lurretik gertu. Eta horietako batzuk Ilargiaren edo gure planetaren zatiak balira? (Irudia: NASA/JPL-Caltech-ren adeitasunez – domeinu publikoko irudia. Iturria: NASA)

Batetik, asteroidea Lurraren koorbitala da, hau da, Eguzkiaren inguruan duen orbita gure planetarenaren oso antzekoa da, eta denboran zehar erlazio nahiko egonkorra mantentzen du. Baina asteroidea baino, zehatzago esanda kuasisatelitea da; hau da, planeta baten inguruan orbitan dabilela dirudien gorputz bat. Izan ere, Kamoʻoalewak eta Lurrak denbora ia berdina behar dute Eguzkiaren inguruko orbita egiteko, nahiz eta biak Eguzkiaren inguruan orbita bana izan. Are gehiago, Kamoʻoalewa izango da seguru asko orain arte baieztatutako zazpi kuasisateliteetatik egonkorrena. Kuasisateliteei buruz ezer gutxi dakigu, oso txikiak baitira, eta, ondorioz, behatzeko oso zailak dira.

2021ean, Large Binocular Telescope eta Lowell Discovery Telescope bidez argi ikusgaiarekin eta gertuko infragorriekin lortutako datuei esker, zientzialari talde batek (Sharkey et al. 2021) kuasisatelite horren osaeraren ideia bat egin ahal izan zuten, eta batez ere silikatoz eratuta zegoela ikusi zuten. Gainera, lortutako espektroak gorriune bat ageri zuen espazioan egoteagatik eratorritako alterazioaren ondorioz, nahiko fenomeno ohikoa asteroideetan eta beste gorputzetan.

Asteroideen familia ezagunetakoren batekoa ote zen ikusteko, S motako asteroideekin –asteroide horiek silikatoetan oinarritutako mineral-konposizioa izaten dituzte, hau da, arrokazkoak dira– alderatu zuten espektroa, lehen aipatutako gorriune hori izaten baitute. Ondorioa: asteroidea behar baino gorrituago zegoen. Beraz, mota horretakoa zen edo beste mota batekoa izan zitekeen?

Espektro hori Ilargiaren laginekin eta teleskopioek hartutako Ilargiaren azalerako espektroekin alderatu ondoren, ikusten da S motako asteroideek baino Ilargiko azaleraren antzekotasun handiagoa duela Kamoʻoalewak. Beraz, ez litzateke erokeria handia izango pentsatzea talka batean libre geratutako Ilargiko materiala dela. Espazioan izaten diren prozesuen ondorioz alteratuta egongo litzateke, erradiazioaren efektuagatik, azaleraren aurka talka egiten duten mikrometeoritoengatik, eta beste hainbat prozesurengatik.

Kamoʻoalewa
2. irudia: Arrokoth da zunda batek (New Horizons) bisitatu duen objekturik urrunena. Kolore gorri bizia duelako nabarmentzen da, izpi kosmikoen eta argi ultramorearen ondorioz konposatu organikoen alterazioa duelako. (Argazkia: NASA/Johns Hopkins University Applied Physics Laboratory/Southwest Research Institute-n adeitasunez – domeinu publikoko irudia. Iturria: NASA)

Asteroide txiki hau karanbola kosmiko baten ondorioa izan daiteke? Jiao et al. (2024) egileek argitaratu berri dute Nature Astronomy aldizkarian gertatu ahal izan zena. Horretarako, zenbakizko eredu bat garatu dute, jakiteko zer talka motak –tamaina, abiadura, angelua…– jaurti ahal izango zuten Ilargiaren zatitxo bat gaur egun ikusten duguna bezalako orbita batera.

Modelo horretatik lortutako bi deribatu bereziki garrantzitsuak dira, eta litekeena da horietako baten bat egiaztatu ahal izatea hemendik ez oso epe luzera: batetik, talka duela gutxi gertatu zela –termino geologikoetan–. Hala azalduko litzateke gaur egun duen orbita izatea, eta gugandik askoz urrunago ez egotea, Eguzkiaren eta gainerako planeten grabitateak eragindako perturbazioen ondorioz.

Kamoʻoalewa
3. irudia: Giordano Bruno kraterra, Lunar Reconaissance Orbiter-etik ikusita. Forma ongi definituta du eta azaleran talken ondoriozko krater gutxi du, hau da, eratu berria da… termino geologikoetan. (Argazkia: NASA/Goddard/Arizona State University-ren adeitasunez- domeinu publikoko irudia. Iturria: NASA)

Bigarrena honako hau da: zein kraterretakoa izan daiteke asteroidea? Azterlan horren arabera, Giordano Bruno da hautagaietako bat, 20 kilometro inguruko Ilargiko krater nahiko berria –gutxi gorabehera lau milioi urte dituela uste da–. Kraterraren tamaina bat dator azterketarako egindako simulazioen emaitzetan lortutako tamaina-tartearekin, 10 eta 20 kilometro arteko diametroko kraterra eratuko zuen talka behar baitzen simulazio horietarako.

Txinako Espazio Agentzia (CNSA) 2025eko maiatzean Tianwen-2 izeneko misio bat abiatzeko asmoz da, eta lehenengo xedea 469219 Kamoʻoalewa asteroidea izango du. Handik, gutxienez ehun gramo lagin ekarri beharko ditu Lurrera, egiaztatu ahal izateko asteroide hori jatorriz Ilargikoa ote den edo espazioan ere… ezin ote den gehiegi fida itxurarekin.

Erreferentzia bibliografikoak:

Castro-Cisneros, Jose Daniel; Malhotra, Renu; Rosengren, Aaron J. (2023). Lunar Ejecta Origin of Near-Earth Asteroid Kamo’oalewa Is Compatible with Rare Orbital Pathways. Communications Earth & Environment, 4, 372. DOI: 10.1038/s43247-023-01031-w.

Jiao, Yifei; Cheng, Bin; Huang, Yukun; Asphaug, Erik; Gladman, Brett; Malhotra, Renu; Michel, Patrick; Yu, Yang; Baoyin, Hexi (2024). Asteroid Kamo‘Oalewa’s Journey from the Lunar Giordano Bruno Crater to Earth 1:1 Resonance. Nature Astronomy, 8, 819–826. DOI: 10.1038/s41550-024-02258-z.

Sharkey, Benjamin N. L.; Reddy, Vishnu; Malhotra, Renu; Thirouin, Audrey; Kuhn, Olga; Conrad, Albert; Rothberg, Barry; Sanchez, Juan A.; Thompson, David; Veillet, Christian (2021). Lunar-like Silicate Material Forms the Earth Quasi-Satellite (469219) 2016 HO3 Kamoʻoalewa. Communications Earth & Environment, 2, 231. DOI: 10.1038/s43247-021-00303-7.


Egileaz:

Nahúm Méndez Chazarra geologo planetarioa eta zientzia-dibulgatzailea da.


Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2024ko apirilaren 29an: Kamoʻoalewa, un asteroide con sabor lunar.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.