Gaur egun, Streptococcus pneumoniae (neumokokoa) eta Haemophilus influenzae bakterio-espezieek eragindako infekzioek prebalentzia handia dute. Gaixotasun hauen forma inbaditzaileek koadro larriak dakartzate, hala nola pneumonia bakteriemikoa, septizemia eta meningitisa, besteak beste. Infekzio ez-inbaditzaileak aldiz, ohikoagoak izanik, larritasun gutxiago duten sintomak eragiten dituzte, hala nola sinusitisa, erdiko otitis akutua (EOA) eta pneumonia komunitario ez-bakteriemikoa. Koadro hauek arinagoak badira ere, karga asistentzial handia dakarte.
Gaixotasun hauen prebentziorako estrategia nagusia txertaketa da. Txerto pneumokozikoen kasuan, serotipo ezberdinen aurkako babesa ematen duten txerto formulazio ezberdinak garatuz joan dira, hau da, balentzia desberdinak dituzten txertoak; hala nola, 23 balentziadun txerto polisakaridiko pneumokozikoa (PPSV23; ingelesezko sigla), txerto pneumokoziko konjugatu heptabalentea (PCV7; ingelesezko sigla), dekabalentea (PCV10; ingelesezko sigla), tridekabalentea (PCV13; ingelesezko sigla), pentadekabalentea (PCV15; ingelesezko sigla) eta ikosabalentea (PCV20; ingelesezko sigla). Haemophilus influenzae-ren kasuan, b serotipoa (Hib) izanik birulentzia handien duen serotipoa, Hib-ren aurkako txerto konjugatua garatu izan da.
Txertaketaren garrantzia
Espainian, Hib-ren aurkako txerto konjugatua eta PCV13a haurren txertaketa-egutegian 1997an eta 2016ean ezarri ziren, hurrenez hurren. PPSV23a aldiz, 1999. urtetik erabilgarri dago. Txerto hau 65 urtetik gorakoak diren heldu guztietan erabiltzen da, baita infekzio pneumokozikoa edukitzeko edo infekzioa izanez gero konplikazio larriak garatzeko probabilitatea duten gainerako helduetan ere, eta 2 urtetik gorako haurretan ere erabiltzea gomendatzen da.
Txerto pneumokozikoen eta Hib-ren aurkako txerto konjugatuaren erabilpenarekin bat, bakterio hauek eragindako gaixotasunen intzidentzia eta hilkortasuna murriztu dira. Hala ere, txertoen parte ez diren beste neumokoko serotipoak eta H. influenzae ez-tipagarriaren anduiak gaixotasun inbaditzailearen eragile nagusi bilakatu dira. Ordezkapen andui horiek orokorrean 60 urtetik gorako helduak erasotzen dituzte batez ere. Ordezkapen anduien ugaritzeak ordea, orain arte ez du baliogabetu gaixotasun inbaditzailearen murrizketa globala. Beraz, agerian geratu da txertoak ezarri ostean serotipoen banaketan aldaketak gertatu izan direla. Bestetik, antimikrobianoekiko sentikortasun-profilean ere aldaketak hauteman izan dira, aldi berean terapia antimikrobiano ezberdinen eraginkortasuna baldintzatu dezakeena.
Guzti hori kontutan hartuta, ondoriozta genezake txerto pneumokozikoen eta Hib-ren aurkako txerto konjugatuaren ezarpena eta hauen estaldura mantentzea onuragarria eta hortaz, garrantzitsua dela; beti ere, horrekin batera gaixotasun pneumokozikoaren eta Hib-k eragindako gaixotasun inbaditzailearen zaintza epidemiologiko jarraitua gauzatzen bada. Zaintza epidemiologiko jarraitua etorkizunerako prebentzio-neurrien garapena edota txerto formulazio estrategia berriak ebaluatzeko aukera emango lukeen estrategia da; izan ere, txerto hauen inplementazioaren ondorioak ikertzeko edota jarraitzeko aukera emango luke, bai serotipoen ordezkapenei baita antimikrobianoekiko sentikortasun profilei dagokionez ere. Zaintza epidemiologikoak garrantzia berezia du neumokokoaren kasuan, balentzia desberdina duten txertoak erabilgarri daudela kontuan hartuta, eragina izan dezakeen aldagai bat baino gehiago baitago.
Artikuluaren fitxa:
- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: 45
- Artikuluaren izena: Streptococcus pneumoniae eta Haemophilus influenzae bakterio–espezieek eragindako infekzio inbaditzaile eta ez-inbaditzaileak: txertaketaren eraginak
- Laburpena: Streptococcus pneumoniae eta Haemophilus influenzae bakterio-espezieek eragindako infekzioek prebalentzia handia dute eta infekzio inbaditzaileek koadro larriak dakartzate. Prebentziorako estrategia nagusia txertaketa da. Txerto pneumokoziko konjugatuak (PCV; ingelesezko sigla) eta b motako H. influenzaeren (Hib) aurkako txertoak haurren txertaketa-egutegian ezarrita daude. Txerto polisakaridiko pneumokozikoa (PPSV23; ingelesezko sigla), aldiz, 65 urtetik gorakoak diren helduetan erabiltzen da, eta infekzio pneumokozikoa edukitzeko edo, infekzioa izanez gero, konplikazio larriak garatzeko probabilitatea duten gainerako helduetan eta 2 urtetik gorako haurretan erabiltzea gomendatzen da. Txerto hauen ondorioz mikroorganismo hauek eragindako infekzioen intzidentzia eta hilkortasuna murriztu da, hala ere, gaixotasun inbaditzaileak karga handia suposatzen du. Gainera, serotipoen banaketan eta antimikrobianoekiko sentikortasun-profilean ere aldaketak eragin izan dituzte. Txertoen ezarpena eta estaldura mantentzea garrantzitsua da, baina baita gaixotasun pneumokozikoaren eta Hib-k eragindako gaixotasun inbaditzailearen zaintza epidemiologiko jarraitua egitea ere, aldaketa epidemiologikoen monitorizazioa eta etorkizunerako prebentzio-neurrien eta txerto berrien garapenaren ebaluazioa ahalbidetzeko.
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 71-92
- DOI: 10.1387/ekaia.24033
Egileez:
- Maitane Ibar-Bariain UPV/EHUko Farmazia Fakultateko PharmaNanoGene taldeko ikertzailea da.
- María Concepción Lecaroz Agara eta Andrés Canut Bioarabako ikertzaileak dira.
- Alicia Rodríguez-Gascón eta Arantxa Isla UPV/EHUko Farmazia Fakultateko PharmaNanoGene taldeko eta Bioarabako ikertzaileak dira.
1 iruzkina
[…] Maitane Ibar-Bariainek, EHUko Farmazia Fakultateko PharmaNanoGene taldeko ikertzaileak, Maria Concepcion Lecaroz Agarak eta Andres Canutek, Bioarabako ikertzaileek, eta Alicia Rodriguez-Gasconek eta Arantza Islak, EHUko Farmazia Fakultateko PharmaNeoGene taldeko eta Bioarabako ikertzaileek Ekaia aldizkarian idatzia, Zientzia Kaiera ataritik jasoa. […]