Gizabanako bakoitzak osasun sexuala eta ongizatea lortzeko duen gaitasuna zenbait egoeraren aurrean duen kalteberatasunaren mende dago, hala nola inguruan aurki ditzakeen arriskuak eta babesik gabeko sexu-jardueraren ondorio kaltegarriak.
Dudarik gabe, sexu-osasunarekin lotutako arazoak gorabehera handikoak dira, eta zoritxarrez, ondorio negatiboak dituzte, hala nola sexu-transmisiozko infekzioak (STI) eta haiek sorrarazitako ondorio kaltegarriak (esate baterako, minbizia edo antzutasuna).
Historian zehar, mota honetako infekzioak aspalditik dira ezagunak eta hainbat pertsona ospetsuk ere sufritu egin zituzten, hala nola Shakespeare idazleak, Goya pintoreak edo Mozart konpositoreak. Baina nahiz eta iraganeko infekzioak diruditen gaurkotasun-albiste dira.
Gaur egun hainbat mikroorganismo daude sexu-bidez transmiti daitezkeenak: bakterioak, birusak, onddoak zein parasitoak. Horiek sorrarazitako infekzio batzuk ezagunak dira: gonorrea edo gonokozia, sifilisa, baginitisa, herpes genitala edo HIESa. Beste batzuk ezezagunagoak dira; esate baterako, Chlamydia trachomatis bakterioak eragiten duena, baina honek ere gonokoziaren antzeko sintomak sorrarazi ditzake (uretritisa, zerbizitisa).
Aurreko mendean, giza immunoeskasiaren birusa agertu zen 80ko hamarkadan eta, ordutik hona, hark sorrarazitako harturiko immunoeskasiaren sindromeak (HIESa) sarraskia eragin izan du mundu osoan, 40 milioi hildako baino gehiago zenbatzeraino. Gaur egun, urtero 600.000 hildako baino gehiago gertatu dira. Infekzio honen hasierako urteetan estigmatizazio handia zegoen, arrisku talde batzuei eragiten zielako, gehien bat bena-barneko drogazaleei eta homosexualei. Baina gaur egun kutsatze bide nagusia sexu-bidezkoa da, homosexuala zein heterosexuala izan. Izatez, Euskadin, urtero 100 HIES kasu berri bildu dira; horietatik % 56 homosexualetan eta % 38 heterosexualetan. Zorionez, une honetan birus honen kontra badago terapia antierretrobirala, nahiko eraginkorra, eta birusaren erreplikazioa mozteko gai dena, nahiz eta kutsatutako pertsonak oro har ez diren sendatzen. Arrazoi hori eta arrisku taldeetan erabiltzen den esposizio-aurreko eta –ondoko profilaxiak badirudi beldurra kendu digula birus honekin kutsatzearen aurrean, eta, horren ondorioz, zoritxarrez urtez urte bere horretan irauten dute birusaren kutsatzeak eta HIESaren kasuak.
Infekzio hauen arazoak
Sorrarazitako arazo klinikoetan datza sexu-transmisiozko infekzioen garrantzia. Egia da infekzio horiek sarritan sintomarik gabekoak direla eta infektaturik dagoen pertsonak ez daki benetan infektatuta dagoenik. Hori bada, bai, kezkatzeko arazoa, kutsatuta daudenak babesik gabeko sexu harremanak izatean mikroorganismoa transmiti diezaiekeelako bere sexu-kide guztiei.
Sintoma klinikoak agertzen direnean askotarikoak izan daitezke mikroorganismoaren edo kokapenaren arabera. Horrela, genitaletan agertzen diren klinika arruntenak dira uretraren hantura (uretritisa), zerbixaren hantura (zerbizitisa) edo baginaren hantura (baginitisa). Sexu-harremanaren motaren arabera, kaltetuak egon litezke genitalez kanpo gorputzeko beste hainbat alde ere, hala nola faringea (faringitisa), konjuntiba (konjuntibitisa), ondestearen hantura (proktitisa).
Baina infekzio hauek ez badira arin diagnostikatzen eta tratatzen mikroorganismoa gorputz osora heda daiteke eta nabarmen handitzen da infekzioaren larritasuna. Kasu horietan kaltetuak egon litezke, besteak beste, artikulazioak (artritisa), burmuina edo hezur-muina (neurosifilisa), kardiobaskularra (aortitisa) edo sabela (gaixotasun inflamatorio pelbikoa). Are gehiago, infekzio hauek guztiak antzutasunaren egoera handitzen dute nabarmen. Horiez gain, badaude minbiziarekin erlazionatuak dauden infekzioak, hala nola giza papilomabirusak sorrarazitako minbizi motak (umetoki-lepokoa, faringekoa, uzkikoa, zakilekoa…).
Horri guztiari gehitu behar zaio haurdun dagoen emakumearen umekian arazo kongenitoak ager daitezkeela sexu bidez transmititzen diren mikroorganismoekin infektatzen bada. Batzuetan galdu egiten du umea infekzio horren ondorioz. Beste batzuetan, jaiotzean bertan daude ikusgai arazo klinikoak: begietako arazoak (kataratak, korioerretinitisa), entzefalitisa, larruazaleko exantemak, edo hainbat organotako akatsak.
Infekzio hauen datuak
Sexu-transmisiozko infekzioak sexu ez segurua praktikatzen duen edonor kaltetu dezakete eta, beraz, edozein maila sozio-ekonomikoko gizonak eta emakumeak kaltetu ditzake.
Mundu osoan zehar, gehituz doa urtez urte halako infekzioen intzidentzia edo kasu kopurua. Osasunaren Mundu Erakundearen datuen arabera, egunero milioi bat pertsonak baino gehiagok kutsatzen du STIren batek. Gaixotasunak Prebenitzeko eta Kontrolatzeko Europako Zentroak jakinarazi du 2022an STI kasu kopurua nabarmen igo dela aurreko urteekin konparatuta: gonorrearen kasuek % 48 egin zuten gora, sifili kasuek % 34, edo chlamydia kasuek, % 16. Baina ez da ezaguna arazo honen tamaina benetan zein den, esan bezala STI batzuk sintomarik gabekoak baitira.
Euskadin argitaratuta dauden kasuen arabera, 2011-2022 urteen artean nabarmena izan da STI batzuen gorakada ere, bereziki gonokoziaren eta chlamydiaren kasuak (1. grafikoa).
Bestalde, STIak edozein adinetan ager litezke, pertsona gazteetan zein adinekoetan. Baina 20-50 urte bitartean kasu kopuru gehienak atzematen dira eta, azken urteetan bereziki nerabe eta heldu gazteetan kasuen % 65 zenbatzen dira (2. grafikoa). Infekzio horien guztien artean chlamydia da gehien igo dena adin tarte horretan.
Igoera horren arrazoiak bilatuz gero hainbat aurki daitezke: sexu-kide ugari izatea, garai bateko HIESari beldurra galdu izana, bai eta beste STIei ere, edo sexu segurua ez praktikatzea.
Zer egin horiek saihesteko
Dudarik gabe, prebentzio-neurri nagusia sexu-harremanetan hesi bat jartzea da, fluidoei esker mikroorganismoa ez dadin garraiatu sexu-kide batetik bestera, eta hori preserbatiboaren bidez lortzen da. Preserbatiboa jartzea ezinbestekoa da; are gehiago, funtsezkoa da modu egokian erabiltzea. Sarritan, nahiz eta erabili, gaizki jartzen baldin bada mikroorganismoaren garraioa gerta liteke. Nahitaezkoa da sexu segurua praktikatzea.
Baina infekzio hauen gorakada saihesteko hartu daitezkeen beste neurri batzuk dira diagnostikoan eta tratamenduan azkar jokatzea. Aurretik esan den moduan, batzuetan infekzio hauek sintomarik gabekoak dira; beraz, norbaitek STI bat duela susmatzen badu, berehala bilatu beharko luke medikuaren arreta, mikroorganismoaren diagnostikoa ahalik eta arinen egiteko. Garrantzitsua da, sexu-harremanak izanez gero, mediku-kontrolak aldizka egitea eta hori ondo burutzea bermatu beharko litzateke.
Zorionez, STI batzuk sendatzeko badago tratamendu eraginkorra. Beraz, tratamendu horiek ahalik eta arinen ematea funtsezkoa da balizko konplikazio klinikoak saihesteko. Horrez gain, badaude beste aholku batzuk ere, hala nola harreman sexualik ez izatea tratamenduak irauten duen bitartean edo babestutako sexu-harremanak izatea tratamenduaren osteko ebaluazioa egin arte. Batzuetan kontrol-ebaluazio horiek pazientea tratatu eta hiru hilabetera egin behar dira. Bestalde, sexu-kideak ere diagnostikatu eta tratatu beharko lirateke. Horrek guztiak transmisioa galarazten lagunduko luke.
Baina nahiz eta STI batzuen kontrako tratamendua egon, gaur egun dagoen arazoa da antibiotikoekiko erresistentzia agertu dela kasu batzuetan. Gonorrearen kasuan, esate baterako, kezkatzekoa da andui erresistenteak atzeman direla bakterioa tratatzeko erabiltzen diren antibiotikoen aurrean. Gainera, andui erresistente horiek non topatzen diren identifikatzea bada osasun publikoko arazo larri bat. Gaur egun ikusi da nazioarteko bidaiek badutela eragin zuzena bakterio erresistente horien garraioan eta bereziki Asiako hego-ekialdeko herrialdeetako bidaiariak, Erresuma Batura bueltatzean, gonorrea erresistentearekin infektaturik bueltatu dira. Pentsatu beharra dago munduko hainbat herrialdetan bakterioaren diagnostikoa edo erresistentziaren detekzioa ez dela egiten eta, beraz, zaintza epidemiologikorik ez dagoela.
Hezkuntza mailan ere lan handia egin beharra dago. Informazio argia kaleratu behar da sexu-transmisiozko infekzio hauek nola transmititzen diren, zer sintomak dituzten, zer arrisku duten argi eta garbi azalduta, eta adinari eta gizarte- edo kultura-testuinguru bakoitzari egokituta.
Ezinbestekoak dira prebentzioa, aldizkako kontrolak, diagnostiko arina, informazioa eta norbanakoaren erantzukizuna infekzio hauen gorakada saihesteko eta etorkizunean, osasun publikorako arrisku larria ez bihurtzea galarazteko.
Iturriak:
- Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila. Osasun publikoko zaintzaren emaitzen txostena 2023.
- Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila. Informazio mikrobiologikoa.
Egileaz:
Miren Basaras Ibarzabal, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko, Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia Saileko ikertzailea eta irakaslea da.
1 iruzkina
[…] Miren Basaras Ibarzabalek, EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko, Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia Saileko ikertzaileak Zientzia Kaieran hedabidean. […]