Antibiotikoen erresistentziak agroekosistemetan

Argitalpenak · Dibulgazioa

Antibiotikoak ingurumeneko bakterio eta onddoek jariatutako edo sintetikoki ekoitzitako substantzia kimikoak dira. Erabilera klinikoko antibiotiko gehienak lurzoruko bakterioetatik eratorriak dira, zuzenean produktu natural gisa edo haien deribatu erdisintetiko moduan. Azken mendean antibiotikoak ezinbesteko tresna bilakatu dira medikuntza eta albaitaritzan bakterio-infekzioei aurre egiteko. Hala ere, bakterioak antibiotikoen eraginpean bizirauteko eta hazteko gai direnean, antibiotikoekiko erresistentzia sortzen da. Hori gertatzen denean, bakterio erresistenteek infekzioa eragiten jarraitzen dute antibiotikoen presentzian ere.

Antibiotikoen gehiegizko erabilerak eta erabilera okerrak osasun-erronka garrantzitsuenetako bat bizkortu dute, bakterioek antibiotikoekiko erresistentzia zabala garatu baitute. Osasunaren Mundu Erakundeak 2019an munduko giza osasunerako 10 mehatxu nagusienen artean sartu zuen antibiotikoen aurkako erresistentzia. Mundu mailako arazo hau Osasun Bakarraren ikuspegitik aztertu behar da, antibiotikoekiko erresistentziak gizakien, animalien eta ingurumenaren artean partekatu, barreiatu eta ugaritzen baitira. Gainera, Osasun Bakarraren estrategiak ekosistema iraunkor orekatuago baten alde egiten du, berez lotuta eta elkarren menpe baitaude giza osasuna, animalien osasuna eta ingurumenaren osasuna.

Antibiotikoen
Irudia: Antibiotikoen, antibiotikoekiko erresistentzia-geneen eta bakterio antibiotikoekiko erresistenteen esposizio-bidea animalia- eta giza jatorriko ongarri organikoak lurzoruan aplikatzerakoan. (Iturria: Ekaia aldizkaria)

Animalia eta giza-jatorriko ongarri organikoak antibiotikoen eta bakterio erresistenteen biltegi garrantzitsuak dira. Nekazaritzan, lurzoruetan ongarri organikoak aplikatzeak lurraren osasuna eta uzten etekina hobetu ditzakete. Gainera, sintesiko ongarrien alternatiba jasangarri eta ekonomikoki bideragarria dira. Ongarri organikoen artean gaur egun gehien erabiltzen direnak animalia nahiz gizakien gorozki- eta gernu-jatorrikoak dira. Hala ere, praktika honek arriskuak dakartza, lurzorura iritsi baitaitezke gizaki nahiz abereek guztiz metabolizatu ez dituzten antibiotikoak. Batez beste, abereei emandako antibiotiko kopuruaren % 30-90 iraizten da, antibiotiko-klase, antibiotiko-dosi, antibiotikoa emateko forma, abere-espezie eta aberearen adinaren arabera ehuneko hori aldatzen bada ere.

Ildo honetan, lurzoruetan ongarri organikoen bitartez antibiotikoak sartzeak mehatxu potentziala sor dezake bertako bakterioentzat; antibiotikoekiko erresistenteak diren bakterioak ugaritu egiten dira eta bertako bakterio-komunitateen bioaniztasuna aldatzen dute. Arrisku hori aldakorra da hainbat faktoreren arabera: antibiotikoekiko erresistentea den genearen ugaritasuna, gene horrek erresistentzia ematen dion antibiotiko mota, genea horizontalki transferitzeko gaitasuna, eta giza patogeno posible batean aurkitzea, besteak beste. Arazo honen aurrean hartu beharreko lehen neurriak osasun prebentiboa eta antibiotikoen erabilera egoki bat egitea dira, noski. Bigarrenez, erresistentzien monitorizazio sistematiko baten beharra azpimarratzen dugu lan honetan, arazo bat kudeatu ahal izateko lehen baldintza arazo hori ondo ezagutzea baita, eta momentuz ez dago ingurune gehienetarako erreferentziazko daturik.

Berrikuspen honetan, lehenik, antibiotikoen nahiz antibiotikoekiko erresistente diren geneen jatorria eta erresistentzia-mekanismoak azaltzen dira. Jarraian, lurzoruetan egiten den giza edo animalia-jatorriko ongarri organikoen erabilera eta motak aipatzen dira, antibiotikoak eta erresistentziak ingurumenean barreiatzeko sarbide garrantzitsuak direlako. Ondoren, antibiotikoekiko erresistentziek ingurumenean duten eragina azaltzen da, kultiboetatik gizakietara iritsi arteko esposizio-bidea jarraituz, Osasun Bakarraren ikuspegitik.

Azkenik, abereetatik eratorritako ongarri organikoetan antibiotikoekiko erresistentzien arriskua gutxitzeko testatu ditugun kudeaketa-prozesuak deskribatzen ditugu (konpostajea, digestio anaerobikoa, bio-ikatzaren erabilera, agortutako onddo-substratuaren erabilera eta nanopartikulen aplikazioa). Izan ere, lurzoruek ongarri organikoak behar dituzte, baina ezinbestekoa da antibiotikoekiko erresistentzien ingurumenerako sarbide-puntuetan neurri prebentibo eta zuzentzaile zorrotzenak aplikatzea arriskua ahalik eta gehien murrizteko.

Artikuluaren fitxa:

  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 43
  • Artikuluaren izena: Antibiotikoen erresistentziak agroekosistemetan
  • Laburpena: Antibiotikoak ezinbesteko tresna bilakatu dira medikuntza eta albaitaritzan bakterio-infekzioei aurre egiteko. Antibiotikoen gehiegizko erabilerak eta erabilera okerrak osasun-erronka garrantzitsuenetako bat bizkortu dute, bakterioek antibiotikoekiko erresistentzia zabala garatu baitute. Mundu mailako arazo hau Osasun Bakarraren ikuspegitik aztertu behar da, antibiotikoekiko erresistentziak gizakien, animalien eta ingurumenaren artean partekatu, barreiatu eta ugaritzen baitira. Adibidez, lurzoruetan ongarri organikoak aplikatzeak lurren osasuna eta uzten etekina hobetu ditzake. Hala ere, praktika honek arriskuak dakartza, lurzorura iritsi baitaitezke gizaki nahiz abereek guztiz metabolizatu ez dituzten antibiotikoak. Antibiotikoa hedatzeaz gain, antibiotikoekiko erresistenteak diren geneak, bakterioak eta elementu genetiko mugikorrak barreiatzea dakar mota honetako ongarri organikoen erabilerak. Izan ere, lurzoruetan etengabe antibiotikoak sartzeak mehatxu potentziala sortzen du bertako bakterioentzat; bakterio antibiotikoekiko erresistenteak ugaritu egiten dira eta bertako bakterio-komunitateen bioaniztasuna aldatzen dute. Barreiadura zabal honen ondorioz, gero eta gehiago, antibiotikoen erabilera ez da eraginkorra izaten ari erresistente diren patogenoen infekzioen tratamenduetan. Berrikuspen honetan, lehenik, antibiotikoen nahiz antibiotikoekiko erresistente diren geneen jatorria eta mekanismoak azaltzen dira. Jarraian, lurzoruetan egiten den giza edo animalia-jatorriko ongarri organikoen erabilera aipatzen da, antibiotikoak eta erresistentziak ingurumenean barreiatzeko sarbide garrantzitsuak direlako. Ondoren, antibiotikoekiko erresistentziek ingurumenean duten eragina azaltzen da, esposizio-bidea jarraituz kultiboetatik gizakietara iritsi arte. Azkenik, abereetatik eratorritako ongarri organikoetan antibiotikoekiko erresistentzien arriskua gutxitzeko erabilgarriak izan litezkeen kudeaketa-prozesuak proposatzen ditugu.
  • Egileak: Leire Jauregi, Carlos Garbisu, Lur Epelde
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 117-138
  • DOI: 10.1387/ekaia.23461

Egileez:

Leire Jauregi, Carlos Garbisu, Lur Epelde NEIKER-Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeko ikertzaileak dira.


Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.