Geroz eta kutsatuagoa dagoen planeta baten bizi gara. Hainbat substantzia erraz jotzen ditugu kutsatzailetzat: pestizidak eta metal astunak, esate baterako. Azkenaldian, ordea, kutsatzaile izendatu berriez hitz egiten da, hots, aurretik ezezagunak ziren edo kutsatzailetzat jotzen ez ziren substantziez, eta horien artean farmakoak edo medikamentuak dira kezka handiena eragiten dutenak.
Gizakiotan ez ezik, medikamentuak animalietan ere erabili ohi dira (maskotetan nahiz abeltzaintzan). Medikamentuen erabilera nabarmenki igo da, batez ere azken hamarkadetan. Ezaguna da medikamentuak eta haien hondakinak ingurumen-konpartimentu guztietan aurkitu direla, batez ere uretan. Medikamentuak ingurumenera iristeko bide nagusia kontsumoarekin eta haren ondoriozko iraizpenarekin dago erlazionatuta. Hau da, medikamentuak hartzean, zati bat organismotik kanporatzen da, bereziki gernuaren eta gorotzen bitartez, eta partzialki aktiboa izan daiteke oraindik ere. Nolanahi ere, medikamentuen bizi-zikloaren beste faseetan ere gerta daitezke ingurumenerako igorpenak. Farmakokutsadurak eragina du ingurumenean dauden izaki bizidunetan, eta baita giza osasunean ere. Antibiotikoekiko erresistentzien gorakada da horren adibideetako bat.
2015ean, Nazio Batuen Erakundeak (NBE) Garapen Iraunkorrerako 2030 Agenda sortu zuen, herrialde guztietako pertsonen ongizatearen alde apustu egiteko aburuz. Agenda horretan, garapen iraunkorrerako 17 helburu (GIH) agertzen dira, eta helburu horiek aurrera eramateko 169 erronka. Medikamentuei buruzko aipamena 3. helburuan agertzen da, bizimodu osasungarriari eta ongizateari lotuta. Halere, farmakokutsadura eta hura murrizteko ekintzen proposamenak hainbat helburu eta erronkatan aurki ditzakegu, kasu batzuetan zeharka bada ere. Artikulu honetan, 6. helburua eta erronkak aztertuko ditugu, farmakokutsaduraren ikuspuntutik.
NBEren datuen arabera, 673 milioi pertsonak praktikatzen dute aire zabaleko sabelustea, eta haien % 91 landa-eremuetan bizi dira. Gizarte batzuetan sustraitutako arau kulturala da. Gernu eta gorotzen bidez kanporatzen diren medikamentuak eta haien hondakinak zuzenean sartzen dira ingurumenera, lurzorutik uretara filtratuz edo zuzenean uretara sartuz. Aire zabalean sabelustea ahal den neurrian murriztuko balitz, kutsatze-bide horren garrantzia minimizatuko litzateke.
Farmakokutsadurak uraren kalitatean eragina izan dezake. Gainera, giza jarduerak sortutako hondakin-uren % 80 baino gehiago zuzenean isurtzen dira ibaira edo itsasora, inolako tratamendurik gabe, eta urak kutsatzen dira. Erronka horren helburuetako bat ehuneko hori gutxitzea da.
Bestalde, farmakokutsadurak hainbat ekosistema motatan izan ditzakeen eraginen inguruko ikerketa sustatu behar da, ekosistema horiek babestu ahal izateko. Jakina da farmakokutsadurak eragina izan dezakeela ekosistema akuatikoetan; horren adibide dira etinilestradiol izeneko hormonak arrainengan eragiten dituen ugalketa-arazoak. Halere, oraindik ere, asko dago ikertzeko farmakokutsaduraren inguruan.
Uraren saneamendurako funtsezkoak dira ur-araztegiak. Hondakin-uren araztegiak ez ziren diseinatu medikamentuen hondakinak deuseztatzeko, konposatu organikoak naturan izango lituzketen biodegradazio-prozesuak imitatzeko baizik. Afrikako eta Europako ur gezetako farmakokutsadura aztertzen duen ikerlan baten arabera, Afrikan hautemandako kontzentrazio maximoak Europan atzemandakoak baino 20.000 bider altuagoak direla frogatu da, eta horren arrazoien artean hondakin-uren araztegietako deusezte partziala aipatzen dute. Afrikan, hondakin-uren tratamendua hobetu beharra premiazkoa dela ondorioztatu dute.
Jakina da GIHek garrantzi berezia dutela garapen-bidean dauden herrialdeetan; hain zuzen ere, uretako farmakokutsadura gehien dutenetan. Farmakokutsadura ulertu eta aztertzeko, «One-Health» ikuspuntua bultzatu beharra dago, hau da, osasun bakarrean bateratzea gizakion osasuna, animaliena eta partekatzen dugun ingurumenarena, eta, arazoari aurre egiteko, nahitaezkoa da medikamentuen bizi-zikloan parte hartzen duten eragile guztien elkarlana. Farmakokutsadura 6. GIHa lortzeko oztopo bihur ez dadin, beharrezkoa da lekuan lekuko osasun publikoaren beharrez gain neurrien kostu-eraginkortasuna ere kontuan hartzea, neurrien eraginkortasuna ziurtatzeko.
Artikuluaren fitxa:
- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ale berezia 2021
- Artikuluaren izena: Farmakokutsadura eta Garapen Iraunkorrerako 6. Helburua: ur garbia eta saneamendua.
- Laburpena: Medikamentuek naturan duten inpaktua geroz eta interes handiagoa pizten duen gaia da. Ezaguna da medikamentuak eta haien hondakinak ingurumen-konpartimentu guztietan aurkitu direla, batez ere uretan. Medikamentuak ingurumenera iristeko bide nagusia kontsumoarekin eta haren ondoriozko iraizpenarekin dago erlazionatuta. Nolanahi ere, medikamentuen bizi-zikloaren beste faseetan ere gerta daitezke ingurumenerako igorpenak. Farmako-kutsadurak eragina du ingurumenean dauden izaki bizidunetan, eta baita giza osasunean ere. Antibiotikoekiko erresistentzien gorakada da horren adibideetako bat. Bestalde, uraren erabilgarritasuna, saneamendua eta higienea giza eskubideak badira ere, mundu osoko biztanle guztiek ez dauzkate bermatuta. Artikulu honetan, Garapen Iraunkorrerako 6. Helburua (GIH) —hots, ur garbia eta saneamendua— eta haren erronkak aztertuko ditugu, farmakokutsaduraren ikuspuntutik, konponbideak aztertuz. GIHek garrantzi berezia dute garapen-bidean dauden herrialdeetan; hain zuzen ere, uretako farmakokutsadura gehien dutenetan. Farmakokutsadura ulertu eta aztertzeko, «One-Health» ikuspuntua bultzatu beharra dago, hau da, osasun bakarrean bateratzea gizakion osasuna, animaliena eta partekatzen dugun ingurumenarena, eta, arazoari aurre egiteko, nahitaezkoa da medikamentuen bizi-zikloan parte hartzen duten eragile guztien elkarlana. Farmakokutsadura 6. GIHa lortzeko oztopo bihur ez dadin, beharrezkoa da lekuan lekuko osasun publikoaren beharrez gain neurrien kostu-eraginkortasuna ere kontuan hartzea, neurrien eraginkortasuna ziurtatzeko.
- Egileak: Saioa Domingo Echaburu, Unax Lertxundi Etxebarria, Gorka Orive Arroyo
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 105-118
- DOI: 10.1387/ekaia.22086
Egileez:
Saioa Domingo Echaburu Osakidetzako, Debagoieneko ESI, Arrasate, Gipuzkoako Farmazia Zerbitzuko ikertzailea da.
Unax Lertxundi Etxebarria Osakidetzako, Bioaraba Osasun Ikerketa Institutukoa eta Arabako Osasun Mentaleko farmazia zerbitzuko ikertzailea da.
Gorka Orive Arroyo UPV//EHUko Farmazia Fakultateko NanoBioCel Farmazia eta Farmazia Teknologia laborategiko ikerketa taldekoa da.
2 iruzkinak
[…] EHUren IKD i3 hezkuntza-ereduaren osagaia den iraunkortasuna aintzat hartuz, egun martxan dagoen Nazio Batuen Erakundearen (NBE) 2030 Agendarekin lerrokatzen da, bertan aipatzen diren helburuak betetzeko asmoz. Lehenik, ekoizpen jasangarria bultzatu nahian, […]
[…] nahiz gizakien gorozki- eta gernu-jatorrikoak dira. Hala ere, praktika honek arriskuak dakartza, lurzorura iritsi baitaitezke gizaki nahiz abereek guztiz metabolizatu ez dituzten antibiotikoak. Batez beste, abereei emandako antibiotiko kopuruaren % 30-90 iraizten da, antibiotiko-klase, […]