Industria farmazeutikoak ingurumenean duen inpaktua murrizteko estrategiak

Argitalpenak · Dibulgazioa

Egun bizitzen ari garen pandemia tarteko, industria farmazeutikoa gogor ari da lanean COVID-19-aren tratamendua bilatu nahian. Momentu historiko honek inoiz ez bezala jarri du mahaiaren gainean bai industria farmazeutikoak zein jasangarritasunak gizartearen osasunean duten garrantzia.

Hori dela eta, lan honetan industria farmazeutikoak ingurumenean duen inpaktua murrizteko hainbat estrategia aztertuko dira, arreta medikamentuen ekoizpenean jarriz batez ere. Izan ere, industria farmazeutikoa, maneiatzen duen ekoizpen bolumenerako, gehien kutsatzen duen industriako sektoreen artean kokatzen da.

farmazeutikoak
Irudia: medikamentuen kutxa edo ontzien bizi-zikloaren etapak. (Iturria: Ekaia aldizkaria)

Lan hau, EHUren IKD i3 hezkuntza-ereduaren osagaia den iraunkortasuna aintzat hartuz, egun martxan dagoen Nazio Batuen Erakundearen (NBE) 2030 Agendarekin lerrokatzen da, bertan aipatzen diren helburuak betetzeko asmoz. Lehenik, ekoizpen jasangarria bultzatu nahian, disolbatzaile edo eszipiente organikoak fluido superkritiko eta likido ionikoen bidez ordezkatzea proposatuko da. Ondoren, medikamentu edo materia organikoek ingurune urtarrean duten bilakaera aztertuko da. Honen konponbide gisa eta baliabide hidrikoen eraginkortasuna bultzatuz, oxidazio teknika bidezko erreakzioen erabilera proposatuko da, ur-hondakinen tratamenduan konposatu kimiko kaltegarriak ezabatu ahal izateko.

Era berean, eta egungo klima-aldaketak ingurumenean duen eragina aintzat hartuz, berotegi efektua duten gasen igorpena murrizteko energia berriztagarrien erabilera sustatu eta erabiltzen den energia-eraginkortasunaren hobekuntzarako hainbat estrategia aipatuko dira. Honetaz gain, beste zenbait etapa ere badira, medikamentua sortzen denetik, medikamentua birziklatua izan arte. Hortaz, ekoizpen eta kontsumo arduratsuago baten bila, etapa horietako inpaktua ere murriztea beharrezkoa litzateke, adibidez medikamentuen kutxatilen diseinua aldatuz, kutxa ekologikoagoak lortzeko eta garraiorako furgoneta ekologikoen erabilera bultzatuz, besteak beste. Amaitzeko, industria farmazeutikoa I+G+b-an gehien inbertitzen duen sektorea dela aintzat hartuz, hausnarketa labur bat egiten da, baliabide eta teknologia hauek etorkizunean ekarri ditzaketen onurak azpimarratuz.

Artikuluaren fitxa:

  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 42
  • Artikuluaren izena: Industria farmazeutikoak ingurumenean duen inpaktua murrizteko estrategiak.
  • Laburpena: Industria farmazeutikoa, bere ekoizpen-bolumena kontuan izanda, gehien kutsatzen duten industriako sektoreen artean kokatzen da. Hori dela eta, lan honetan, egun martxan dagoen Nazio Batuen Erakundearen (NBE) 2030 Agendarekin lerrokatuz, eta bertan aipatzen diren helburuak betetzeko asmoz, industria farmazeutikoak ingurumenean duen inpaktua murrizteko hainbat estrategia aztertuko dira, arreta medikamentuen ekoizpenari jarriz batez ere. Lehenik, ekoizpen iraunkorra bultzatu nahian, disolbatzaile edo eszipiente organikoak fluido superkritiko eta likido ionikoen bidez ordezkatzea proposatuko da. ondoren, medikamentu edo materia organikoek ingurune urtarrean duten bilakaera aztertuko da. Horren konponbide gisa eta baliabide hidrikoen eraginkortasuna bultzatuz, oxidazio-teknika bidezko erreakzioen erabilera proposatuko da, ur-hondakinen tratamenduan konposatu kimikoak ezabatu ahal izateko. Horrez gain, eta egungo aldaketa klimatikoak ingurumenean duen inpaktua aintzat hartuz, berotegi-efektua duten gasen isurketa murrizteko energia berriztagarrien erabilera bultzatu eta erabiltzen den energiaren efizientziaren hobekuntzarako hainbat estrategia aipatuko dira. Horretaz gain, beste zenbait etapa ere dira, medikamentua sortzen denetik medikamentua birziklatua izan arte. Hortaz, ekoizpen eta kontsumo arduratsuago baten bila, etapa horietako inpaktua ere murriztea beharrezkoa litzateke, medikamentuen kutxen diseinua aldatuz, kutxa ekologikoagoak lortzeko eta garraiorako furgoneta ekologikoen erabilera bultzatuz, besteak beste. Amaitzeko, industria farmazeutikoa I+G+b-n gehien inbertitzen duen sektorea dela aintzat hartuz, hausnarketa txiki bat egiten da, baliabide eta teknologia horiek etorkizunean ekar ditzaketen onurak azpimarratuz.
  • Egileak: Maialen Matxain, Manoli Igartua, Rosa María Hernández, Edorta Santos-Vizcaíno
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 49-71
  • DOI: 10.1387/ekaia.22848

Egileez:

Maialen Matxain, Manoli Igartua, Rosa María Hernández eta Edorta Santos-Vizcaíno UPV/EHUko Farmazia Fakultateko, Farmazia eta Elikagaien Zientziak saileko ikertzaileak dira


Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.