Patogenoei aurre egiteko estrategia berriak bakterioen esku

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

Bakterioek aurkariak garaitzeko erabiltzen dituzten baliabideen ikerketa batek antibiotiko berriak garatzeko bideak zabaldu ditu. Ikerketa Londresko Imperial College, Sanger Institutua eta EHUko Biofisika Institutuko ikertzaileek gauzatu dute eta emaitzak Nature Mikrobiology aldizkarian argitaratu dira.

Antibiotikoekiko erresistentzia gero eta handiagoa da mundu mailan, eta horrek esan nahi du antibiotiko berriak aurkitu behar direla infekzioei aurre egiteko. Esaterako, P. aeruginosa bakterioa da pneumoniaren kausa nagusietako bat paziente immunodeprimituengan eta biriketako gaixotasunak dituzten pertsonengan. Antibiotikoen aurka duen erresistentzia handiaren eraginez, gero eta zailagoa da hark eragindako infekzioak desagerraraztea. Ondorioz, Osasunaren Munduko Erakundeak patogeno honi aurre egiteko antibiotiko berriak garatzea lehentasunezkotzat jo du.

Horren harira nazioarteko ikerketa-talde batek, bakterio espezie desberdinek eta bakterio-espezie bereko andui desberdinek, beren lehiakideei kalte egin edo hiltzeko erabiltzen dituzten “armak” aztertu dituzte. Baliabide horietako bat VI. Motako Sekrezio Sistema da (T6SS), arpoi mikroskopikoa, zenbait bakteriok beste bakterio batzuei gezi toxikoak jaurtitzeko erabiltzen dutena.

P. aeruginosa
Irudia: P. aeruginosak antibiotikoen aurka duen erresistentzia handiaren eraginez, gero eta zailagoa da hark eragindako infekzioak desagerraraztea. (Argazkia: Janice Haney Carr – Domeinu publikoko irudia. Iturria: Wikimedia Commons)

P. aeruginosa hilgarria bihur dezaketen faktoreetako bat VI. Motako Sekrezio Sistema da (T6SS ingelesezko siglen arabera). Sekrezio-sistema hau P. aeruginosaren barruan mihiztatzen da, eta beste zelula batzuekin kontaktuan jartzean, mekanismo molekular uzkurkor bat erabiltzen du zelula horietan toxinak txertatzeko. Azken hamarkadan P. aeruginosaren T6SS-ari buruzko ezagutzan aurrerapauso handiak eman diren arren, bakterioen norgehiagokan nahiz patogenesian duen garrantzia barne hartuta, oraindik ez dira ezagutzen T6SS-ak jariatzen dituen toxina gehienen identitateak eta funtzioak.

Biofisika Institutuko (CSIC-UPV/EHU), Imperial College Londoneko eta Sanger Institutuko (Erresuma Batua) zientzialariek osatutako nazioarteko ikerketa-talde batek T6SSak jariatzen dituen toxina horietako bat lehenengo aldiz identifikatu eta Tse8 izena eman dio. Tse8-ak heriotza zelularra eragiten du bere inguruko beste bakterio batzuetan. Nature Microbiology aldizkarian argitaratu berri duten ikerketa honek Tse8-aren ekintza-mekanismoa argitu du. Toxina honek proteinen biosintesia murrizteko gaitasuna du helburuko zeluletan. Zehazkiago esanda, Tse8ak asparagina eta/edo glutamina aminoazidoen biosintesirako mikroorganismo prokarioto ugaritan funtsezkoa den transamidosoma erasotzen du.

Aurkikuntza horrek eragin zuzena izan dezake antibiotikoen etorkizuneko garapenean. Biofisika Institutuan lanean diharduen David Albesa Ikerbasqueko ikertzailearen hitzetan, “antibiotiko berrien garapena nabarmen erraz daiteke gaixotasunen eragileen biologia hobeto ulertzen baldin bada. Hortaz, molekula-mailan Tse8k transamidosomari nola erasotzen dion ulertzeak lagundu lezake bakterio patogenoei aurre egiteko estrategia berritzaileak garatzen”.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Intoxikatutako zeluletan proteinen biosintesia aldarazten duen toxina patogenoa aurkitu dute

Erreferentzia bibliografikoa:

Nolan, L.M., Cain, A.K., Clamens, T. et al. (2021). Identification of Tse8 as a Type VI secretion system toxin from Pseudomonas aeruginosa that targets the bacterial transamidosome to inhibit protein synthesis in prey cells. Nature Microbiology, 6, 1199-1210. DOI: 10.1038/s41564-021-00950-8.

1 iruzkina

  • […] Antibiotiko berriak garatzeko bideak zabaldu ditu Londresko Imperial College-ek, Sanger Institutuak eta EHUko Biofisika Institutuak elkarlanean eginiko ikerketa batek. Antibiotikoekiko erresistentzia gero eta handiagoa da mundu mailan eta, beraz, antibiotiko berriak aurkitu behar direla infekzioei aurre egiteko. Helburu horrekin […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude