Antibiotikodun lipido solidozko nanopartikulak

Argitalpenak · Dibulgazioa

Munduko Osasun Erakundeak argitaratu duenez, antibiotikoen aurkako erresistentzien gorakada osasun publikoa larriki mehatxatzen duen arazoa da, medikuntza modernoaren lorpenak zalantzan jartzen dituena. Izan ere, antibiotikoen aurkako erresistentzia duten bakterioek gaur egun infekzioak tratatzeko ditugun terapien eraginkortasunaren galera ekar dezakete. Mehatxu horri aurre egiteko bi aukera ditugu: antibiotiko berrien aurkikuntza sustatzea edo eskuartean ditugun antibiotikoen ezaugarriak eta eraginkortasuna hobetzea. Lehenengo aukerari ekinez gero, bakterioek denbora igaro ahala lortuko lukete antibiotiko berrien aurkako erresistentzia mekanismoak ere garatzea. Beraz, irtenbide iraunkor bat lortu ahal izateko, batetik, bakterioen erresistentzia mekanismoak sorrarazten dituzten faktoreak murriztu behar ditugu eta bestetik, mekanismo hauek saihesten lagunduko diguten tresnak garatu behar ditugu.

Lipido Solidozko Nanopartikulak
Irudia: Lipido Solidozko Nanopartikulen egituraren eredu-eskema. Irudian lipido solidozko matrizea (horiz), molekula emultsionatzaileak (urdinez) eta koemultsionatzaileak (berdez) ageri dira. (Iturria: Ekaia aldizkaria)

Bakterioen erresistentzia mekanismoak saihesten lagun dezaketen tresna horietako bat nanopartikulak dira. Izan ere, hainbat ikerketek erakutsi dutenez, farmakoak garraio sistema egokietan txertatzen direnean hauen eraginkortasuna nabarmen handitu daiteke eta bakterioen erresistentzia mekanismoen agerpenaren atzeratzea ekar dezakete. Farmakoen garraio sistema ezberdinen artean Lipido Solidozko Nanopartikulek ezaugarri ezin hobeak eskaintzen dituzte farmakoen disolbagarritasuna, iragazkortasuna, askapen-zinetika eta egonkortasuna bezalako ezaugarri garrantzitsuak hobetzeaz gain toxizitatea murrizten laguntzen dutelako. Lipido Solidozko Nanopartikulak matrize lipidiko solido bat eta emultsionatzaile geruza batez osaturiko nanopartikulak dira, konposatu fisiologikoekin osatzen direnak. Matrize lipidiko honek farmakoak harrapatu eta pixkanaka askatzen ditu, askapen zinetika sostengatuak lortzen direlarik, hau da, organismoan farmakoaren kontzentrazioa egonkor mantentzen laguntzen dute. Gauzak honela, Lipido Solidozko Nanopartikulak albo-kalte gutxiko nanogarraiatzaile itxaropentsuak dira gaur egungo antibiotikoen eraginkortasuna hobetzen laguntzeko.

Mundu mailako arazo larri honi irtenbide bat bilatzeko asmoz, beraz, farmakoen garraio sistema eraginkorrak garatzeko eta aztertzeko nanopartikulen ekoizpen eta karakterizazio metodologia egokiak ezinbestekoak dira. Izan ere, jakina da nanopartikulak osatzeko aukeratutako osagaiek eta ekoizteko erabilitako metodologiak eragin zuzena dutela nanopartikulen tamainan, forman eta gainazaleko ezaugarrietan. Gainera, guzti honek ondorio nabarmenak ditu nanopartikula eta zelulen arteko elkarrekintzetan eta azkenik farmakoaren eraginkortasunean. Ondorioz, erabilera bakoitzerako kontu handiz hautatu behar dira Lipido Solidozko Nanopartikulak ekoizteko prozesuaren urrats bakoitzeko ezaugarriak eta hautaketa egokia burutu dela ziurtatzeko karakterizazio teknika eta prozedurak ezinbestekoak dira. Lipido Solidozko Nanopartikulen karakterizazioa ondo burutzeko gutxienez ezagutu behar diren ezaugarriak ondorengoak dira: partikulen tamaina, gainazalaren zeta potentziala, morfologia, karga-gaitasuna, txertaketa-efizientzia, nanopartikularen matrizearen egoera fisikoa (kristal egituraren determinazioa), zitotoxizitatea, farmakoaren askapen-zinetika eta farmakoaren eraginkortasunaren hobekuntza. Guzti honetarako espektroskopia, mikroskopia, kalorimetria, kromatografia, zelulen hazkuntzaren azterketa eta antzeko teknikak erabil daitezke.

Orain arte argitaratutako lan esanguratsuenek aditzera eman dutenez, antibiotikodun Solido Lipidozko Nanopartikulek bakterioen aurkako tratamenduak hobe ditzakete. Izan ere, nanopartikula hauek antibiotikoaren efizientzia handitzen laguntzen dute antibiotikoen aurkako erresistentzia mekanismoak saihestuz. Bestetik, toxikotasuna murriztu dezaketela ere ikusi da, segurtasuna hobetzen dutelarik. Ezaugarri guzti hauei esker, Lipido Solidozko Nanopartikulek antibiotikoen eraginkortasuna hobe dezakete eta honela dosiaren murrizketa ahalbidetzen da. Antibiotikoak kontzentrazio eta maiztasun txikiagoarekin administratuz gero, bakterioen erresistentzia mekanismoen agerpena atzeratzen lagun daiteke eta honela antibiotikoen eraginkortasunaren galerak dakarren mundu mailako osasun arazoa murriztu.

Artikuluaren fitxa:

  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 40
  • Artikuluaren izena: Antibiotikodun Lipido Solidozko Nanopartikulak bakterioen aurkako eraginkortasuna hobetzeko.
  • Laburpena: Antibiotikoen aurkako erresistentzia duten bakterioak mundu-mailako osasun-arriskua dira gaur egun, infekzioak tratatzeko ditugun terapien eraginkortasunaren galera ekar dezaketelako. Mehatxu horri aurre egiteko modu bat eskuartean ditugun farmakoak garraio-sistema egokietan txertatzea izan daiteke, eraginkortasunaren hobekuntza eta erresistentzien agerpenaren atzeratzea ekar dezaketelako. Farmakoen garraio-sistema ezberdinen artean, Lipido Solidozko Nanopartikulek ezaugarri ezin hobeak eskaintzen dituzte, zeren eta, farmakoen disolbagarritasuna, iragazkortasuna, askapen-zinetika eta egonkortasuna bezalako ezaugarri garrantzitsuak hobetzeaz gain, toxikotasuna murrizten laguntzen baitute. Lipido Solidozko Nanopartikulak matrize lipidiko solido batez eta emultsionatzaile geruza batez osaturiko nanopartikulak dira, konposatu fisiologikoekin osatzen direnak. Dena den, farmakoen garraio-sistema efizienteen garapenak nanopartikulen eta sistema biologikoen arteko elkarrekintzen ezaguera eskatzen du, eta horretarako ezinbestekoak dira ekoizpen- eta karakterizazio-metodologia egokiak. Lan honetan, Lipido Solidozko Nanopartikulen osagaiak, haiek garatzeko metodologia eta haien ezaugarrien determinazioa burutzeko modua deskribatzen dira. Gainera, orain arte argitaratutako lanei buruzko berrikuspen bat egingo da antibiotikoak Solido Lipidozko Nanopartikuletan txertatzeak bakterioen aurkako terapien eraginkortasuna nola hobetu dezakeen azaltzeko.
  • Egileak: Mikel Roscales, Itziar Alkorta, Lide Arana
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 203-221
  • DOI: 10.1387/ekaia.21873

Egileez

Mikel Roscales eta Itziar Alkorta EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Biokimika eta Biologia Molekularra Saileko ikertzaileak dira eta Lide Arana EHUko Farmazia Fakultateko Biokimika eta Biologia Molekularra Saileko ikertzailea da.


Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.