Glaziar azpiko lakuak Marten?

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Gaur egun gure eguzki sisteman eremu bizigarriak bilatzeko unean fenomeno preziatuenetariko bat egoera likidoan dagoen ura da. Izan ere, bizitza ulertzeko dugun moduan (ez dakigu beste modurik dagoen) ezinbesteko osagaia da: substantzia ugari disolbatzeko eta garraiatzeko balio du, egonkortasun termikoa sortzea ahalbidetzen du, hainbat erreakzio biokimikotan parte hartzen du… eta ziur bizitzarako ezinbesteko molekula bihurtzen duen bestelako propietateren bat ahaztu dudala.

Gainera, ura modu egonkorrean existitzeko gai bada -maila geologikoko denbora-eskalei buruz ari gara-, ura existitze hutsak askoz ere garrantzi handiagoa du, objektu interesgarriagoa baita astrobiologiarentzat; izan ere, hala eta guztiz, ziurrenik biziak denbora beharko du agertu eta garatzeko, baina baita mantentzeko ere, noizbait agertu bazen; halaber, litekeena da ingurune-baldintza egonkorragoak behar izatea bizia sortzeko.

Gure eguzki-sisteman ura egoera likidoan (ur-masa txikiak, gutxienez) egotekotan, Marteko hego poloko izotzaren azpialdean egon daiteke. Orosei et. al.-ek (2018) Mars Express zundaren bidez 2012 eta 2015 bitartean jasotako radar-profil desberdinak aztertu zituzten eta ikusi zuten pare bat eremu zeudela radarraren isla bizia eragiten zutenak. Hortaz, hasiera batean Marteko hego hemisferioko kasko polarraren azpian urez blaitutako material geologikoak zeudela interpretatu zuten.

Glaziar azpiko
1. irudia: Marteko hego poloa, Mars Express europar misioaren kameren bidez. (Iturria: ESA/DLR/FU Berlin/Bill Dunford-ek eskainita)

Ur masa txiki horiek izotzaren azpian egongo lirateke, 1.500 metroko sakoneran, harriaren eta kasko polarraren arteko interfazean. Ziurrenik ura ez litzateke elementu bakarra izango, gatzunaren antzeko zerbait izango litzateke, disoluzioan dauden gatzei esker izozte-puntua txikiagoa izan dadin. Ur gazi hori nahikoa da ura egoera likidoan mantentzeko, eta, beraz, ez da bestelako mekanismorik behar; izan ere, gatzei esker ura izozteko beharrezkoa den tenperaturak behera egiten du. Hori hala ez balitz, adibidez, eremu horretan gradiente geotermiko handiagoa beharko litzateke lurzoruaren tenperatura igotzeko, eta, hortaz, ura egoera likidoan mantendu ahal izateko.

Aurrerago Lauro et. al.-ek (2021) egindako ikerlan berri batean aurreko ikerlana zabaldu zen, Marteko hego poloan dagoen Ultimi Scopuli eremua aztergaitzat hartuta. Antartikan edo Groenlandian egindako ikerlanetan erabilitako teknikak aplikatzea izan zen alderdi interesgarrienetariko bat; izan ere, izotzaren eta harriaren arteko interfazean geruza lehorrak eta hezeak bereiztea ahalbidetzen dute, eta horrek glaziar azpiko ur masak lokalizatzen laguntzen du.

Ikerlan horretan azaltzen da Marten aldaketa klimatiko garrantzitsuak izan direla denboran zehar -geologiaren eskalan, jakina-, eta aldaketa horiek eragin nabarmena dute tenperatura globalean eta poloetako izotz deposituetan. Hori oso garrantzitsua da, iradokitzen baita une beroagoetan harriaren interfazean izotzak urtzeko eta glaziar azpiko ur masak osatzeko behar adinako tenperatura lortuko zela. Hala ere, urtzea ahalbidetzeko bero nahikoa izaten lagun zezakeen gradiente geotermiko altua egoteko aukera ere aipatzen da.

Glaziar azpiko
2. irudia: hiru irudi hauetan, ezkerraldean, glaziar azpiko balizko laku batzuen aurkikuntzaren testuinguru geografikoa ikus dezakegu; erdialdean, radarrean isla handiena duten eremuak, urdinez; eta eskuinaldean, berriz, radarraren profila, non glaziar azpiko balizko lakuak egongo liratekeen izotz-harriaren interfazea ikus daitekeen. (Iturriak: NASA/Viking/NASA/JPL-Caltech/Arizona State University; MARSIS datuak: ESA/NASA/JPL/ASI/Univ. Rome; R. Orosei et. al. 2018)

Baina ikerlan horretan beste altxor bat ere aurki dezakegu: balizko ur masa bat detektatzeaz gain, haren inguruan masa txikiagoak edo urez blaitutako sedimentuak izan ditzaketen eremu batzuk ere agertzen dira; hortaz, glaziar azpiko lakuak, edo, behintzat urez blaitutako sedimentuak ohikoagoak izan litezke eremu horretan.

Hego poloaren azpian ura dagoela frogatu ahal izateko arazoetako bat da ezin dugula zuzenean ikusi -eta are gutxiago ur-masa horietara iritsi-. Hala ere, radarraz gain, datuak hobeto interpretatzen eta datu guztien emaitza bera den egiaztatzen lagundu diezaguketen bestelako zeharkako ebidentziak egon daitezke.

Hori dela eta, Arnold et. al.-ek (2022) lakuak detektatzeko beste modu bat proposatu zuten: balizko laku horien eremuan erliebearen anomaliak ikertzea, gure planetan Antartikako edo Groenlandiako glaziar azpiko lakuekin egiten den bezala.

Artikulu horretan MOLA (Mars Orbiter Laser Altimeter, ingeleseko siglen arabera) tresnatik eratorritako topografia erabili zuten Ultimi Scopuli eremuaren erliebean anomaliak bilatzeko. Emaitzen arabera, anomalia bat dago. Horrek adierazten du izotzaren marruskadura basala txikia dela, mugimenduaren lubrikatzaile gisa jarduten duen ur likidoa baitago. Hala ere, artikuluan aipatzen denez, ohiz kanpoko gradiente geotermikoa beharrezkoa da ura egoera likidoan mantendu ahal izateko.

Glaziar azpiko
3. irudia: Antartikan satelite bidezko irudiei esker aurkitu diren glaziar azpiko bi laku, horien gainean sakonune topografikoak sortzearen ondorioz. Kasu horretan, lakuak 3 kilometrotik gorako sakoneran egongo lirateke. (Iturria: NASAk emandako irudia)

Urtebete geroago, Sulcanese et. al.-en (2023) artikuluaren ondorioa antzekoa izan zen: Eremu nahiko lau bat aurkitu zuten, hain zuzen ere, ur likidoaren masak egon beharko liratekeen tokiaren gainaldean. Erliebe aldaketa hori oreka hidrostatiko baten ondoriozkoa zela interpretatu zuten, Lurreko glaziar azpiko lakuetan gertatzen den bezala, hala nola Vostok lakuan (Antartika).

Glaziar azpiko ur masak egon daitezkeela erakusten duten froga horiek gorabehera, duela aste batzuk berri txarrak jasotzen zituen artikulu zientifiko bat argitaratu zen. Lalich et. al.-en (2024) interpretazioaren arabera, radarraren isla bizienak hauts eta izotz geruzen artean sortutako interferentzia eraikitzailearen ondoriozko fenomenoa dira, eta ez hainbeste izotza eta harriaren arteko interfazean dagoen ur likidoaren ondoriozkoak.

Ondorio horretara iristeko, 10.000 simulazio inguru egin zituzten, uhinek izotz geruzak zeharkatzean aurkituko zuten estratigrafiaren arabera radarraren isla nolakoa izango litzatekeen ikusteko. Hortaz, milaka agertoki desberdin sortu behar izan zituzten. Horietatik guztietatik, 216 kasutan simulatutako islak Mars Express zundaren MARSIS radarrak jasotakoen antzekoak ziren.

Autore horien ustez estratigrafia nahikoa litzateke beraiek glaziar azpiko lakuak egin daitezkeela dioten eremuetan aurkitutako radarraren isla sortzeko, fenomeno hori azaltzeko izotzaren azpian ur geruza bat sartu behar izan gabe, eta, hortaz kolpe batez laku horien existentzia baztertu zuten.

Ikerlan horietako zein da zuzena? Egia esanda, gaur egun ezinezkoa dirudi eztabaida ebatziko duen erantzun zehatza ematea. Hortaz, etorkizunean bereizmen handiagoko radar aurreratuagoen laguntzaz misio gehiago egin beharko ditugu laku horiek existitzen diren edo ez jakiteko. Hala ere, inolako zalantzarik gabe, aurkikuntzek Marten bizitzeko moduko giroak egon daitezkeela amets eginarazten digute.

Erreferentzia bibliografikoak:

Sulcanese, Davide; Mitri, Giuseppe; Genova, Antonio; Petricca, Flavio; Andolfo, Simone; Chiarolanza, Gianluca (2023). Topographical analysis of a candidate subglacial water region in Ultimi Scopuli, Mars. Icarus, 392. DOI: 10.1016/j.icarus.2022.115394

Lauro, Sebastian Emanuel; Pettinelli, Elena; Caprarelli, Graziella; Guallini, Luca; Rossi, Angelo Pio; Mattei, Elisabetta; Cosciotti, Barbara; Cicchetti, Andrea; Soldovieri, Francesco; Cartacci, Marco; Di Paolo, Federico; Noschese, Raffaella; Orosei, Roberto (2020.) Multiple subglacial water bodies below the south pole of Mars unveiled by new MARSIS Data. Nature Astronomy, 5, 63–70. DOI: 10.1038/s41550-020-1200-6

Arnold, N. S.; Butcher, F. E.G.; Conway, S. J.;Gallagher, C.; Balme, M. R. (2022).Surface topographic impact of subglacial water beneath the south polar ice cap of Mars. Nature Astronomy, 6, 1256-1262). DOI: 10.1038/s41550-022-01782-0

Orosei, R.; Lauro, S. E.; Pettinelli, E.; Cicchetti, A.; Coradini, M.; Cosciotti, B.;Di Paolo, F.; Flamini, E.; Mattei, E.; Pajola, M.; Soldovieri, F.; Cartacci, M.; Cassenti, F.; Frigeri, A.; Giuppi, S.; Martufi, R.; Masdea, A.; Mitri, G.; Nenna, C.; Noschese, R.; Restano, M.; Seu, R.(2018). Radar evidence of subglacial liquid water on Mars. Science, 361, 6401, 490–493. DOI: 10.1126/science.aar7268

Lalich, Daniel E.; Hayes, Alexander G.; Poggiali, Valerio (2024) Small variations in ice composition and layer thickness explain bright reflections below martian polar cap without liquid water. Science Advances, 10, 23. DOI: 10.1126/sciadv.adj9546


Egileaz:

Nahúm Méndez Chazarra geologo planetarioa eta zientzia-dibulgatzailea da.


Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2024ko uztailaren 8an: ¿Lagos subglaciales en Marte?

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.