Marteko karkabak eta zeihartasun zikloak

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Termino batzuek a priori geologiarekin harreman txikia izan dezaketela eman dezake –zentzu hertsian, bederen–, baina, adibidez, planeta bateko klima baldintzatzeko gai dira, eta horrekin batera, haren kanpo dinamika, higadura prozesu eta prozesu deposizionaletan arrastoa utziz, Lurra, Marte edo beste planeta baten historia klimatikora haren geomorfologiaren edo sedimentologiaren bitartez hurbiltzeko aukera izateraino. Gaur landuko dugun hitza zeihartasuna da; hau da, planeta baten errotazio ardatzaren inklinazioa orbita planoari dagokionez. Esan dezakegu angelua zenbat eta handiagoa izan, orduan eta muturrekoagoak izango direla urtaroak, nahiz eta planetaren eremu bakoitzak bere berezitasunak izan.

Pentsa genezake planetek egonkor eusten diotela denboran errotazio ardatzaren inklinazio horri; egiari zor, ordea, hori ez da horrela. Ziklo batzuetan balio hori aldatzen joaten da zeihartasun handieneko eta txikieneko uneen artean. Gure planetan, aldaketa horiek nahiko txikiak dira –22,1º eta 24,5º artean–, baina Marten, zeihartasuna batzuetan 10º inguruko balioetan egon daiteke zeihartasun baxuko aldietan, eta, beste batzuetan, ardatza 40º-tik gora inklinatzen da.

karkabak
1. irudia: Marteko zeihartasun ziklo muturrekoak nolakoak izan daitezkeen azaltzeko irudia. Egun, goiko ezkerreko irudiaren antzeko egoeran egongo litzateke. (Iturria: NASA/JPL-Caltech.)

Martek zeihartasun handiena izango zukeen uneak ezin hobeak izango ziratekeen poloen masa handia transferitzeko atmosferara. Hau da, poloetako gordailu horietan izotza eratzen ari den karbono dioxidoaren zati bat sublimatzen amaitzeko eta presio atmosferikoa igoarazteko (egungo presio atmosferikoa bikoizten duten balioetara iritsi zitekeen). Horren ondorioz, tenperatura altuagoetara iritsiko zen, bai eta gainazaleko ur likidoa izateko egonkortasun baldintza hobeak izatera ere.

Itzul gaitezen, ordea, geologiara. Marten, hainbat sakan txiki agertzen dira, gure planetan karkaba deitzen diegunak. Lurrean, maldadun eremuetan euriaren higaduragatik eratu ohi dira, uraren indarrak eta, batzuetan, materialen konpetentzia eskasak –edo baita kontsolidatutako materialen proportzio txiki bat ere– ebakidura bat gertatzea eta materialak hegalean behera garraiatzea ahalbidetzen du.

karkabak
2. irudia: Lurreko karkabak, kasu honetan Guadalajara probintzian. (Iturria: Informazio Geografikoaren Zentro Nazionala (CNIG).)

Gainera, Marten behatutako karkaba horietako batzuk denbora geologikoan nahiko berriak ematen dute; hori hautematen da forma ondo kontserbatzen dutelako, ez dituztelako aldatu beste prozesu batzuek eta ez dutelako inpaktu krater handirik. Nolanahi ere, egungo baldintzek ez badute ahalbidetzen ur likidorik egotea gainazalean –ez behintzat karkaba berrienak sortzeko lekuetan eta kantitatean–, nola sortuko ziren?

Azterlan batzuek iradokitzen zuten karbono dioxidozko izotzak eratuta egongo liratekeela, eta haren sublimazioan –solidotik gas egoerara igarotzea, likidotik igaro gabe– eragingo zela materialak – edo azpian dituztenak– desegonkortzea eta hegalean behera erortzea, batzuetan gas egoerako karbono dioxidoak berak lagunduta, errazago garraiatzeko aukera emango lukeen “lubrifikatzaile” gisa balioko bailuke. Mekanismo hori funtzionala izan daiteke gaur egun ere, bereziki Marteko udaberrian eta udan, Eguzkiak argiztatutako hegaletan.

Prozesu hau denboran errepikatzen denean, ikusten ditugun karkabak sortzen dira, eta hala deskribatzen dute Pilorget et al.-en (2016). Esan dezakegu higadura “lehorrean” gertatzen dela; izan ere, ura ez da beharrezkoa karkabak sortzeko. Hala ere, gaur egun, planeta gorria behatu eta gainazalean gertatzen diren aldaketak aztertzeko aukera izan dugun bitartean, behintzat, karkabetan ez dago jarduera nabarmenik; hortaz, Marteren historiako beste une batzuetako herentzia izan daiteke, egungo modelatuaren irudikapena baino.

Artikulu honetan soilik mendi batzuetako hegaletan eta kraterretan agertzen diren karkabak hartu ditugu kontuan. Karkaba horiek, dirudienez, jatorri desberdina dute eremu polarretako dunetan sortzen direnekin alderatuta; izan ere, eragile higatzailea urtaro zikloen ondoriozko karbono dioxidoa besterik ez dela dirudi. Horiek egungo klimaren adierazgarri dira.

Science aldizkarian Dickson et al.-ek (2023) argitaratutako azterlan berri bati esker ura berriro ere jopuntuan jarri da, karkabak sortzeko eragile gisa. Gaur egun, Marteren errotazio ardatzaren inklinazioa kontuan hartzen badugu, karkabak dauden guneetan ez dira beharrezko presio eta tenperatura baldintzak betetzen gainazaletik hurbil dauden erregolitoetan edo biltegi geologikoetan dagoen ur izoztua urtzeko, eta, hortaz, ura hegalean behera joatea ahalbidetzeko. Baina planetaren zeihartasuna 35 °C inguruan dagoenean, baldintza egokiak izango lirateke izotza urtzeko eta ura azalean egonkor mantentzeko, higadura-prozesuak sortzeko eta behatzen ditugun sedimentuak metatzeko behar beste denbora egon dadin.

karkabak
3. irudia: Karkabak Marten, HiRISE tresnari esker jasota. Irudiaren malda ezkerretik (altuena) eskuinera (baxuena) joango litzateke. Halaber, karkaben bukaeran hainbat “abaniko” agertzen dira, urak eramandako materialen ondorioz. (Iturria: NASA/JPL-Caltech/UArizona.)

Ondorio horretara iristeko, zientzialariek eredu klimatiko bat garatu dute. Bertan, karkaba berrienen kokapena markatu dute eta aldi berean sortzeko zein unetan eta zein baldintzaren arabera sor daitezkeen aztertu dute; hori oso argi azaldu daiteke Marteko zeihartasun zikloen bidez. Izan ere, karkabak sortzeko prozesu horiek azken milioi urteetan errepikatu zitezkeen, eta baliteke azkenekoz duela 630.000 urte gertatu izana.

Aurkikuntza horrek ondorio ugari ditu. Lehenengoa planeten ustiapenari lotuta dago; izan ere, izotz deposituak aztertzeko aukera izan genezake. Halaber, astrobiologiari dagokionez, ur likidoa –gutxitan bada ere– oso garrantzitsua izan daiteke Marten egon daitekeen bizitzarako, halakorik egotekotan. Gainazalean ur likidoa dagoen tarte hori zubi moduko bat izan daiteke baldintza hotz eta lehorren eta planetako espazio bizigarrien tartea handitzen dutenen artean.

Hala ere, zalantzarik gabe, ikerketa honek agerian uzten du oso zaila dela geologia interpretatzea Lurretik haratago. Horregatik, hain zuzen ere, diziplinarteko hurbilketa egitea beharrezkoa da, Eguzki Sistemako planeten eta bestelako elementuen historia ulertzeko.

Erreferentzia bibliografikoak:

  • Dickson, James L.; Palumbo, Ashley M.; Head, James W.; Kerber, Laura; Fassett, Caleb I.; Kreslavsky, Mikhail A. (2023). Gullies on Mars could have formed by melting of water ice during periods of high obliquity. Science 380, 6652, 1363-1367. DOI: 10.1126/science.abk2464
  • Dickson, James L.; Head, James W. (2009). The formation and evolution of youthful gullies on Mars: Gullies as the late-stage phase of Mars’ most recent ice age. Icarus 204, 1, 63-86. DOI: 10.1016/j.icarus.2009.06.018.
  • Dundas, Colin M.; Diniega, Serina; Hansen, Candice J.; Byrne, Shane; McEwen, Alfred S. (2012). Seasonal activity and morphological changes in martian gullies. Icarus, 220, 1, 124-143. DOI: 10.1016/j.icarus.2012.04.005
  • Dundas, Colin M.; McEwen, Alfred S.; Diniega, Serina; Hansen, Candice J.; Byrne, Shane; McElwaine, Jim N. (2019). The formation of gullies on Mars today. Geological Society, London, Special Publications 467, 1, 67-94. DOI: 10.1144/SP467.5
  • Treiman, Allan H. (2003). Geologic settings of Martian gullies: Implications for their origins. Journal of Geophysical Research, 108, E4, 8031. DOI: 10.1029/2002JE001900
  • Pilorget, C.; Forget, F. (2016). Formation of gullies on Mars by debris flows triggered by CO2 sublimation. Nature Geoscience 9, 1, 65-69. DOI: 10.1038/ngeo2619

Egileaz:

Nahúm Méndez Chazarra geologo planetarioa eta zientzia-dibulgatzailea da.


Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2023ko uztailaren 24an: Las cárcavas marcianas y los ciclos de oblicuidad.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.