Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Fisika
Hutsaren desintegrazioa, unibertsoa suntsi lezakeen fenomeno kuantikoa, uste baino askoz lehenago gerta liteke, nahiz eta oraindik denbora asko falta den hori gertatzeko. Higgsen eremuak, partikulen masaren arduradunak, energia egoera baxuago baterantz “tunel bat” egin lezake, energia gutxiagoko burbuila bat argiaren abiaduran hedatzea eraginez, atomoak kolapsatuz. Duela gutxi egindako kalkuluen arabera, hori aurreikusitakoa baino 10.000 aldiz azkarrago gerta liteke, baina, zorionez, denbora asko falta da horretarako. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran.
Genetika
Nature aldizkarian argitaratutako ikerketa batek erakutsi du gantz-ehuneko zelulek obesitatearen “memoria” gordetzen dutela, pisua galdu arren. Transkripzio-aldaketek eta aldaketa epigenetikoek (RNA sekuentzian eta gene-adierazpenean) gantz-azidoen sintesia eta gantz-zelulen sorrera eragiten dituzte, pisua berriro hartzeko aukera handituz. Gizakien eta saguen gantz-zeluletan egindako azterketek aldaketa horiek berresten dituzte. Ikertzaileen arabera, mekanismo horiek ulertzeak lagun dezake epe luzerako pisu-kontrola hobetzen. Datuak Elhuyar aldizkarian.
Azterketa genetiko berri batek erakutsi du almidoia digeritzeko AMY1 genea bikoiztu zela duela 800.000 urte, nekazaritzaren agerpena baino askoz lehenago. Gene horrek listu amilasa ekoiztea ahalbidetzen du, almidoia modu eraginkorragoan metabolizatzeko. Honek adierazten du gure arbasoek karbohidratoak barne hartzen zituztela beren dietan, landareak etxekotu aurretik. Eboluzioan zehar, genearen kopiak ugaritu egin dira, eta kopuru handiagoa dutenek hobeto aprobetxatu dute almidoia, gizaki modernoaren eta beste espezie batzuen egokitzapenean lagunduz. Egokitzapen honek garunaren garapenean eta dieta aldakorretara moldatzean eragina izan du. Informazioa Zientzia Kaieran.
Kimika
Sara Beldarrain Pavok, POLYMATeko doktoregoko ikasleak, titanio dioxidoaren (TiO2) erabilera optimizatzea du helburu, pinturen jasangarritasuna hobetzeko. TiO2 pigmentu zuritzailea pintura zuriaren oinarria da, baina haren kostu ekonomiko eta energetiko altuak erronka dira. Beldarrain partikula inorganikoen sakabanaketa hobetzeko polimero-kateak eta elur-panpina itxurako polimero-partikulak garatzen ari da. Ur-oinarriko pinturetan proba eginda, filmaren opakutasuna eta babes-propietateak hobetzea lortu dute. Hurrengo pausoa sistema eskalagarriak sortzea da. Zientzialari honen inguruko informazio gehiago UEU webgunean.
Geologia
Duela gutxi egindako ikerketa baten arabera, Stonehengeko “Aldarea” arroka ez dator Gales hegoaldetik, uste zen bezala, baizik eta Eskozia iparraldetik, 750 km-ra. Hau, zirkoia, apatitoa eta errutiloa bezalako mineralen analisi bati esker aurkitu zen, arroken jatorri geologikoa zehaztea ahalbidetzen dutenak. Aurkikuntzak antzinako zibilizazioen garraio-gaitasun aurreratua nabarmentzen du, eta geologiak arkeologia nola osatzen duen erakusten du. Azalpenak Zientzia Kaieran.
Medikuntza
Meta-analisi batek ondorioztatu du bihotz-biriketako egoera gorputz-masaren indizea (GMI) baino hobea dela gaixotasun kardiobaskularrak eta heriotza-arriskua iragartzeko. British Journal of Sports Medicine aldizkarian argitaratutako ikerketak, 400.000 behaketa aztertuta, erakutsi du arriskuak berdinak direla bihotz-biriketako egoera berean, GMI edozein dela ere. Hortaz, ikertzaileek proposatu dute obesitatearen prebentzioan fokua osasun kardiobaskularrean jartzea, pisua galtzean zentratu beharrean. Aurkikuntzak estrategiak berrikusteko baliagarriak dira, obesitatearen prebalentzia eta inpaktu ekonomikoa handitzen ari baitira. Datuak Elhuyar aldizkarian.
Argitalpenak
Lunatikoak. Zientziaren bidezidorretatik (2013) Egoitz Etxebeste Adurizek idatzi eta Manu Ortegak ilustratutako liburuak zientzia irauli zuten 40 pertsonaiaren istorioak biltzen ditu. Besteak beste, Sophie Germain, Ignaz Semmelweis eta Anton van Leeuwenhoek izango dira bertan. Nahiz eta batzuk “lunatikotzat” jo zituzten beren garaian bizitzari eta zientziari beste modu batez begiratzeko gaitasuna edo ausardia izan zutelako, haietako asko ameslariak edo bide berriak ireki zituzten zientzialariak ziren. Izenburuak “Lunatikoen Kluba” aipatzen du, ilargi betearen azpian biltzen zen XVIII. mendeko zientzialari talde bat, Erasmus Darwin eta James Watt kasu. Datuak Zientzia Kaieran.
Ingeniaritza informatikoa
Ainhize Barrainkua Agirrek algoritmoen ekitatean eta gizarte-inpaktuetan du ikerketa-arloa. Bere tesiak ziurgabetasuna modelizatuz diskriminazioa neurtu eta zuzentzeko metodo matematikoak aztertzen ditu. Algoritmoak, gizarteko joera diskriminatzaileak islatuz, jarrera arrazista edo matxistak erreproduzitu ditzakete. Bere ikerketak hiru zuzenketa-maila aztertzen ditu: datuak garbitzea, entrenamendua moldatzea eta emaitzak egokitzea. Erronka nagusiak datu falta edo gizartearen izaera dinamikoa dira. Algoritmoek gizartean duten eraginari buruz hausnartzen du, hauek justizia soziala bultza dezaten eredu berriak proposatuz. Zientzialari honen inguruko informazio gehiago UEU webgunean.
Egileaz:
Enara Calvo Gil kazetaria da eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren komunikazio digitaleko teknikaria.