Lo patroi irregularra izateak bihotzeko arazo larriak izateko arriskua %26 handitu dezakeela ondorioztatu du korrelazioan oinarritutako ikerketa batek.
Urtetan zehar pilatutako zientzia ebidentziak aditzera ematen du gauzak horrela direla, eta sen arruntak ere ondo ulertzen du hori: argi dago gutxi lo egitea osasunerako oso kaltegarria izan daitekeela. Hori dela eta, loaren iraupenean eta kalitatean oinarritu dira orain arte lo ohituren eta osasunaren arteko harremanen inguruko ikerketak, baina ez dira asko izan loaren erregulartasunaren gainean egin direnak; hots, ohera joateko eta ohetik altxatzeko antzeko ordutegia erabiltzen ote den aztertzen dutenak.
Familia, lana, oporrak edo bestelako aisialdia izan daitezke ohera joateko orduan ohiko ordutegiak aldatzea ekarri dezaketenak, eta agian aldagarritasun hori guztiz kaltegabea dela eman dezake. Alabaina, gauzak oso bestelakoak izan daitezkeelako zantzuak dituzte zientzialariek. Journal of Epidemiology & Community Health aldizkarian argitaratutako ikerketa baten arabera, erregularrak ez diren lo ordutegiak izateak ondorio negatiboak izan ditzake osasun fisiko eta mentalean.
Ez da aurreneko aldia horrelako planteamendu bat mahai gainean jartzen dena, zientzialariek aspalditik dakitelako loaren aldakortasunak erritmo zirkadianoei eragiten diela. Alabaina, eragin hori norainokoa den jakitea ez da erraza. Orain hori argitzen ahalegindu dira, eta, zalantza barik, emaitzak zeharo harrigarriak dira.
Erloju biologiko baten funtzioa betetzen dute erritmo zirkadianoek, eta loaren patroiak zehazten dituzte, baina bestelako prozesutan ere ezinbestekoak dira. Loa arautzeaz gain, besteak beste, digestioan, hormonen sorreran edota gorputzaren tenperaturaren arautzean eragina ere badute.
Bada, zientzialari talde honek berretsi duenez, erritmo zirkadianoak sarritan eteteak ondorio kaltegarriak izan ditzake. Besteak beste nahasmendu metabolikoak edo gaitz kardiobaskularrak izateko arriskuak handitzen dituelakoan daude zientzialariak. Are, osasunerako epe luzerako ondorioak uste baino larriagoak izan daitezkeela sinetsita daude ikertzaileak.
Datu andana esku artean izan dituzte Ottawako Unibertsitateko (Kanada) ikertzaileek: 40 eta 79 urte arteko 72.269 pertsonarenak. Horien guztien lo patroien inguruko jarraipen datuak erabili dituzte. Aukeratutako pertsona horiek ez zeukaten aurretik bihotzeko arazo nabarmenik. Erresuma Batuko Biobankuan bildutako datuak dira horiek.
Parte hartzaile horien loaren jarraipena zazpi egunen egina zieten, eta, modu horretan, pertsona bakoitzaren Loaren Erregulartasun Indizea kalkulatzeko gai izan dira. Adierazle honetan 87 puntu baino gehiago dituztenek lo patroi erregularra dutela ebatzi dute; 72 baino gutxiago dituztenak, berriz, irregulartasunaren barruan sailkatu dituzte. Tartean direnak, erdibideko eremu batean sartu dituzte ikertzaileek.
Loari buruzko datu horiek heriotza erregistroekin alderatu dituzte, bai eta loaren neurketa egin ondorengo zortzi urteetan zehar jasotako ospitaleratze datuekin ere. Horiek arakatzean arreta berezia jarri diete bihotzari lotutako arazoei. Atera duten ondorio esanguratsuenetakoa izan da lo ordutegi iraunkorra jarraitu ez dutenek osasun kalteak izateko arrisku gehiago izan dituztela. Kontrara, lo egiteko ohitura egonkorragoak izan dituztenek osasun egoera hobea dutela ikusi dute, bai alde fisikoan zein mentalean. Besteak beste, aldaketarik gabeko ordutegiak jarraitu ez dituztenek hantura gehiago izan dituzte, eta hau lotuta dago hainbat gaitz kroniko izateko arriskuarekin: diabetesa, hipertentsioa edota bihotzeko gaitzak, esaterako.
Parametro fisikoetan ez ezik, loaren ordutegien alterazioak buruko gaitzei ere eragiten die, antsietatearekin eta depresioarekin lotu dituztelarik. Erritmo zirkadianoek metabolismoa eta immunitatea arautzen dituztenez, azken horietan ere asaldurak gertatzen direlakoan daude ikertzaileak. Atzean dagoen arrazoia da erritmo zirkadianoak egunaren iraupenarekin batera joan ohi diren prozesu fisiologikoak direla, eta, beraz, egunaren argira eta gauaren iluntasunera egokitu ohi direla. Erritmo hauetan oreka galtzen denean, estresa sortzen da, eta glukosaren arautzea ere eten egiten da.
Hormonei dagokienez, serotonina eta dopaminaren produkzioan eragiten dute erritmo zirkadianoek, eta zientzialariek uste dute horrek antsietatea eta depresioa sortzen dituela. Neurotransmisore hauek aldartean zuzeneko eragina daukatenez, arazoak osasun mentalean zuzeneko eragina duelakoan daude zientzialariak, horiek gainera iraunkor bilakatu daitezkeelako.
Halako ikerketa baten aurrean burura ohi datorren galdera logikoa da ea noraino kontuan hartu izan diren bestelako faktoreek zeresanik ote duten harreman horretan. Adibidez, lo egiteko ohitura duen pertsona batek seguru aski dieta orekatuagoa izan dezake, eta estres gutxiago. Zentzu horretan, ikerketa nahiko irmoa da, beste hainbat aldagairen eragin posiblea ere kontuan hartu dutelako. Besteak beste, adina, jardun fisikoa, pantailen aurreko denbora, dieta, txandakako lanaldia, botiken erabilera, osasun arazoak edota kafearen, tabakoaren edo alkoholaren kontsumoa.
Ikertutakoen artean, oro har, modu erregularrean lo egiten duten gehienek gomendatutako loaldien luzerak mantendu dituzte (% 61). Modu irregularrean egiten zutenen artean, berriz, ehunekoa 48 % izan da. Gauzak hala izanik ere, azken hauen artean, berdin nahikoa lo egin ala ez, istripu zerebrobaskularra gutxiegitasun kardiakoa edota bihotzekoa izateko arriskua bere horretan mantendu da, % 26 horretan. Erdibidean egon direnen artean, hau da, loaldi partez irregularra izan dutenen kasuan, arriskua %8 handitzen da. Beraz, egileek nabarmendu dute jaso dituzten emaitzek iradokitzen dutela loaldiaren erregulartasuna loaldiaren iraupen minimoa baino garrantzitsuagoa izan daitekeela.
Logikoa denez, argi dago zein izan daitekeen arrisku hauek guztiak arintzeko modua: lo ohitura iraunkorra mantentzea, eta ohera joateko eta altxatzeko ordutegi zehatzak izatea, baita asteburuetan ere. Kontu honetan Jean-Philippe Chaput egile nagusia nahiko irmoa da, eta ordu erdiko zehaztasun batekin lokartzea eta esnatzea gomendatu du. “Zero aldakortasunik gero eta gertuago egon, orduan eta hobeto” nabarmendu du, baita “asteburuetan ere”. Chaputek garrantzi gehiago eman dio esnatzeko orduari, ohera joateko orduari baino.
Erreferentzia bibliografikoa:
Chaput, Jean-Philippe; Biswas, Raaj Kishore; Ahmadi, Matthew; Cistulli, Peter A.; Rajaratnam, Shantha M. W.; Bian, Wenxin; St-Onge, ;arie-Pierre; Stamatakis, Emmanuel (2024). Sleep regularity and major adverse cardiovascular events: a device-based prospective study in 72 269 UK adults. J Epidemiol Community Health, Published Online First. DOI: 10.1136/jech-2024-222795
Egileaz:
Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.