Zientzia auzitegietan (I): hastapenak

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Azken hamarkadetan ugariak izan dira auzitegi-zientzia hizpide izan duten film eta telesail ospetsuak. Ospetsuenen artean CSI dugu, zalantzarik gabe, baina beste hainbat ere izan dira, gaur egun genero oso bat True Crime gisa definitzen delarik. Telesailetan ikusten dena ez da beti horrela izaten, hedabide honetan bertan jada aipatu den bezala, baina onartu behar da auzitegi-zientziak eta, bereziki, kriminologia ikasi nahi dutenen kopuruak gorakada handia izan duela. Azter dezagun, bada, zer den auzitegi-zientzia deitzen den hori, Gil Grissom-etik harago.

Auzitegi-zientzia edo zientzia forentsea diziplina zabala da, eta haren funtsa da legearekin lotutako gaiak argitzeko metodo, teknika eta ezagutza zientifikoak erabiltzea. Zentzurik zabalenean, auzitegi-zientziak esparru desberdin asko hartzen ditu bere baitan: ingurumenarekin lotutako arauak, sendagaiak, elikagaiak, pestizidak… Arlo horietan eta beste askotan, badira bete beharreko arau eta legeak eta, hortaz, auzitegi-zientziak arlo horietan gertatzen diren delituekin ere egiten du lan. Hala eta guztiz ere, hilketak edo antzeko krimen larriak dira, ziurrenik, auzitegi-zientzia entzutean burura datorkigun lehen ideia. Horiek ere badira, jakina, auzitegi-zientziaren esparrukoak. Hurrengo lerroetan zientziak justizia-auzitegietan delituak argitzeko egin dezakeen lanaz arituko gara.

Auzitegi
1. irudia: krimenaren agertokian dauden objektuek delituak argitzeko informazioa gordetzen dute. (Argazkia: stevepb – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com).

J. M. Mulet-ek (2016) bere liburuan aipatzen duen moduan, auzitegi-zientzia diziplina oso berria da, baina ez bakarrik diziplina bera: nahiko berria da delituak metodo zientifikoaren eta ebidentzien bidez ebazteko beharra ere. Horrek ez du esan nahi lehenago erabiltzen ez zirenik krimenak argitzeko metodoak eta teknikak, baina kasu askotan haien eraginkortasuna zalantzan jarriko genuke gaur egun. Mendeetan zehar, pertsona bat errudun jotzeko nahikoa izan zitezkeen ebidentziarik gabeko akusazioak, aurreiritziak, momentu txarrean leku txarrean egotea eta abarrak. Antzeko norabidean, McDermid-ek (2014) pozoien kasua aipatzen du. Toxikologia garatu zen arte, oso zaila zen -eta kasu askotan ezinezkoa- heriotza naturalak hilketetatik bereiztea eta, mende askotan zehar, pozoiak izan ziren hilketa-metodo eraginkorrenak.

Zientziaren garapenarekin batera, ulertu zen krimen baten agertokiak informazio oso baliagarria eman dezakeela eta, informazio hori modu egokian aztertzen bada, krimena argitzeko funtsezko informazioa dela. Aipatzekoa da, adibidez, John Toms hiltzailearen kasua; izan ere, bera izan zen ebidentzia forentseen loturaren bidez errudun jotako lehen pertsona. Txantxa badirudi ere, Guinness errekorretan jasota dago.

1784an, Edward Culshaw tiroz hil zuten. Garai hartako armak aurrekargakoak ziren; alegia, kanoitik kargatzen ziren eta sarritan paper-bola bat sartzen zen jaurtigaia eta bolbora estutzeko. Bada, Culshawren gorpua aztertu zutenean, paper-bola horietako bat aurkitu zuten garezurrean. Bola hori ez zen edozein motakoa, egunkariko orri baten goiko aldea zen zehazki, eta ez zen egunkariko orri bat, garai hartan ohikoak ziren ballad sheet bat baizik-. Hilketaren susmagarri nagusia John Toms zen eta haren poltsikoan aurkitu zuten orriari falta zitzaion zatia. Hori ebidentzia nagusia izanik, Lancasterren egindako epaiketan errudun jo zuten eta, esan bezala, bera izan zen dokumentuen analisian oinarritutako ebidentzia forentseen loturaren bidez zigortutako lehen pertsona.

Gaur egun auzitegi-zientzia ez da diziplina bakarrekoa; hain zuzen ere, zientziaren hainbat alorrek parte hartzen dute delituak argitzeko prozesuan: kimika, fisika, biologia, geologia, medikuntza, psikologia, ingeniaritza, informatika eta beste hainbat sailka daitezke auzitegi-zientzien barruan. Telesailetan eta filmetan ikusten dugunaren ondorioz, sarritan nahastu egin ditzakegu auzitegi-medikuntza eta auzitegi-zientzia, baina, kontzeptuak argitze aldera, kontuan hartu behar dugu mediku forentseek giza gorputzak tartean daudenean egiten dutela lan. Analisia zientzialari forentseekin lankidetzan egitea izaten da ohikoena; esate baterako, su-arma baten tiroz hildako gorpua medikuak aztertuko du, baina tiro-aztarnen konposizioa zientzialari forentseari dagokio. Pozoiketa kasu batean ere antzeko zerbait esan daiteke: mediku forentseak gorpua eta pozoiketaren sintomak aztertuko ditu, baina pozoiaren aztarnak zientzialari forentseak aztertuko ditu.

Jada esan dugun bezala, forentse hitzak medikuak eta gorpuak ekarriko dizkigu gogora, ziurrenik. Hala ere, euskarazko hitzak are garbiago uzten du esanahia: auzitegikoa, auzitegietarako egiten den zientzia. Horixe da, hain zuzen ere, zientziaren esparru hau: auzitegietan ebazten diren delituak argitzen laguntzea. Edozein kasutan, forentse hitzaren jatorri etimologikora bagoaz, forensis hitza latinetik datorrela ikusiko dugu, eta “foro-koa dena” adierazten duela. Antzinako Erroman, Foroan eztabaidatzen zen modu publikoan, eta bertan egiten ziren epaiketak. Frogak aurkeztuz eta argudiatuz ematen ziren epaiak. Hori horrela, argi gelditzen da zientzia forentseaz ari garenean zertaz ari garen: legeekin eta lege-hausteekin lotura duen horretaz. Eta ez hori bakarrik, metodo zientifikoan oinarrituta aztertutako ebidentziek argudio sendoagoak ematen laguntzen dute. Horrela, argiago geldituko da krimen bat benetan nola gertatu den, eta hortik eratorritako erabakiak -bai krimen bat leporatzeko, bai errugabe bat libratzeko-, justuagoak izango dira.

Erreferentzia bibliografikoak:

  • Esteban Santos, Soledad (2023). La Química en el contexto de la ciencia forense. In Cornago Ramírez, Mª del Pilar; Esteban Santos, Soledad. Química Forense (21-47 or.). UNED
  • McDermid, Val (2014). Forensics: what bugs, burns, prints, DNA, and more tell us about crime. Grove Press.
  • Mulet, J.M. (2016). La ciencia en la sombra. Planeta argitaletxea.

Egileaz:

Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg), Kimikan doktorea, zientzia dibulgatzailea eta GOI ikastegiko irakasle eta ikertzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.