Estrategia terapeutiko berritzaileak parkinsonean: nanopartikulak

Argitalpenak · Dibulgazioa

Parkinsonen gaixotasuna (PG) nahasmendu neurodegeneratibo motor ohikoena da. Gaur egun, 65 urte baino gehiagoko biztanleriaren %3 ari eragiten dio, eta biztanleria zahartu ahala, haren prebalentziak gora egiten du. PG gai beltzaren zati trinkoko neurona dopaminergikoen galera progresiboagatik eta horrek eragindako mugitzeko desgaitasunagatik bereizten da.

Gaur egun, klinikan gehien erabiltzen diren tratamenduak dopamina ordezkatzeko terapia farmakologikoak dira, eta lebodopak erreferentziazko tratamendua izaten jarraitzen du. Azken tratamendu horrek, sintoma motorren arintze eraginkorra lortzen du, baina ez du gaixotasunaren progresioa geldiarazten, eta denborarekin tratamenduaren eraginkortasuna murriztu eta ondorio kaltegarriak eragiten ditu. Eragin kaltegarri horiek administrazio bidearekin lotuta egon daitezke. Izan ere, farmakoa aho-bidez administratzean, hartzaile dopaminergikoen aktibazio ez-jarraitua eragiten du, tratamenduarekin lotutako asaldura motorren agerpena bultzatuz. Agonista dopaminergikoak ere erabilgarri izan daitezke PG tratatzeko, hartzaile dopaminergikoetara lotu eta nolabait dopaminaren neurotransmisioa berreskuratzen baitute. Terapia farmakologikoez gain, terapia ez-farmakologikoen onurak ere ikertzen dira animalia-ereduetan; hala nola, animaliak ingurumen aberastuetan edukitzearenak. Ingurumen aberastuak faktore neurotrofikoen adierazpena areagotzea eragin dezake, glia zeluletatik eratorritako faktore neurotrofikoarena (GDNF) edota garunetik eratorritako faktore neurotrofikoarena (BDNF) esaterako.

Orain arte, PGren aurkako tratamendu berrien erronkarik handiena, garuneko hesi fisiologikoa den eta substantzien trukaketa kontrolatzen duen hesi hematoentzefalikoa (HHE) zeharkatzeko estrategiak garatzea izan da. HHEren izaera babesleak PGrako farmakoen eraginkortasuna mugatu egiten du, eta hortaz, azken urteotan arreta jarri da HHE gurutzatzea ahalbidetzen duten administrazio-sistema berrien ikerketan. Zehazki, nanogarraiatzaileek HHE zeharkatzeko gaitasuna dute, eta farmako hidrofilo eta hidrofoboekin kargatu daitezke, horien banaketan eraginkortasuna hobetuz. Beraz, aukera ezin hobeak izan daitezke PG tratatzeko.

nanopartikulak
Irudia: burmuinean farmakoak administratzeko nanosistemak. Nanogarraiatzaile organiko eta ez-organikoen ezaugarri nagusiak. Laburdurak: LNS: Lipidozko nanopartikulak solidoak; NGL: Nanoegituratutako garraiatzaile lipidoak; BioRender.com webgunean sortu dira. (Irudia: Zubelzu, Maider et. al. (2023). Iturria: Ekaia aldizkaria)

Nanogarraiatzaileak farmakoak gune jakinetara garraiatzeko erabiltzen diren nanomaterialak dira. Matrize organikoz (lipido eta polimeroak, esaterako) edo ez-organikoz (urrea, silika, zilarra edo karbonoa kasu) osatuta egon daitezke. Garrantzitsua da nanogarraiatzaileek ondorengo ezaugarriak betetzea: beraien osagarri diren metabolitoak ez-toxikoak edo toxikotasun maila baxukoak izan behar dute; farmakoen lotura ez oztopatzeko diseinatuta egon behar dute eta farmakoen askapen goiztiarra ekidin behar dute. Nanogarraiatzaile organiko nahiz ez-organikoak erabiliz, lebodopa, agonista dopaminergikoak edo faktore neurotrofikoak bezalako farmakoen eraginkortasuna aztertu da PG animalia-ereduetan, eta emaitza itxaropentsuak lortu dira. Horrela, nanoteknologia PGren aurrean estrategia terapeutiko berritzailea izan daitekeela ondorioztatu da.

Hala eta guztiz ere, entsegu aurreklinikoetan nanopartikulen potentziala azaleratu den arren, oraindik ez dira nanopartikula asko erabiltzen entsegu klinikoetan. Gaur egun, liposomak eta CNM-Au8 urrezko nanopartikulak ari dira ikertzen hurrenez hurren lehen eta bigarren fasean aurkitzen diren entsegu klinikoetan. Nanopartikulak entsegu klinikoetan erabiltzen hastea oztopatzen duten arrazoietako batzuk euren kostua eta segurtasun falta dira. Beraz, ondorengo ikerketetan erronka horiei aurre egiten saiatzea ezinbestekoa da nanogarraiatzaileak PGean erabiltzeko etorkizuneko teknologia eraginkor eta baliagarri direla egiaztatzeko.

Artikuluaren fitxa:

  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 46
  • Artikuluaren izena: Estrategia terapeutiko berritzaileak Parkinson gaixotasunean: nanopartikulak
  • Laburpena: Parkinson gaixotasuna (PG) nahasmendu neurodegeneratibo motor ohikoena da, gai beltzaren zati trinkoko neurona dopaminergikoen galeragatik eta horrek eragindako mugitzeko desgaitasunagatik bereizten dena. Klinikan gehien erabiltzen diren egungo tratamenduek, hala nola lebodopak, garuneko neurotransmisio dopaminergikoa lehengoratzen dute. Hala ere, tratamendu horiek sintomatikoak baino ez dira, denbora pasatu ahala eraginkortasuna galtzen dute eta eragin kaltegarri larriak eragiten dituzte. Eragin kaltegarrietako batzuk administrazio-bidearekin lotuta daude; izan ere, aho-bidezko farmakoek hartzaile dopaminergikoen aktibazio ez-jarraitua eragiten dute, tratamenduarekin lotutako asaldura motorren agerpena bultzatuz. Horregatik, tratamendu berritzaileak aurkitzeaz gain, segurtasun-profil hobeak dituzten administrazio-sistema berriak garatzea beharrezkoa da. Hala, azken urteetan nanopartikulen eraginkortasuna aztertzen duten ikerketak egin dira. Izan ere, nanopartikulek hesi hematoentzefalikoa (HHE) erraz zeharkatzeaz gain, farmakoen bioerabilgarritasuna eta eraginkortasuna hobetuz eragin kaltegarriak minimizatzen dituzte. Nanogarraiatzaile organiko eta ez-organiko desberdinak erabiliz, lebodopa, agonista dopaminergikoak edo faktore neurotrofikoak bezalako farmakoen eraginkortasuna aztertu da PG animalia-ereduetan, emaitza itxaropentsuak lortuz. Hala, nanoingeniaritzako partikulek oso tresna erabilgarria dirudite, HHE gurutzatuz farmakoak modu seguru, eraginkor eta iraunkorrean emateko, eta, beraz, PG bezalako nahasmendu neurologikoak tratatzeko etorkizun handiko estrategia bilaka daitezke.
  • Egileak: Maider Zubelzu, Jone Razquin, Andrea Vaquero-Rodríguez, Raphaelle Bidgood, Naiara Ortuzar, Harkaitz Bengoetxea, Cristina Miguelez, José Ángel Ruiz-Ortega, José Vicente Lafuente eta Teresa Morera-Herreras
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 151-166
  • DOI: 10.1387/ekaia.24852

Egileez:

Maider Zubelzu, Jone Razquin, José Ángel Ruiz-Ortega eta Teresa Morera-Herreras UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Farmakologia Saileko eta Biobizkaiko Gaixotasun Neurodegeneratiboen taldeko ikertzaileak dira.

Andrea Vaquero-Rodríguez, Naiara Ortuzar, Harkaitz Bengoetxea eta José Vicente Lafuente UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Neurozientziak Saileko eta Biobizkaiko Gaixotasun Neurodegeneratiboen taldeko ikertzaileak dira.

Raphaelle Bidgood eta Cristina Miguelez UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Farmakologia Saileko ikertzaileak dira.


Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.