Tren arrunten dinamikan dauden arazo garrantzitsuenak ardatz muntatuen ezegonkortasun dinamikoa eta bogien bihurgunean inskribatzeko zailtasuna dira. Arazo hauek kontrajarriak dira, zeren lehenengoari mesede egiten dioten faktoreek bigarrenari kalte egiten diote, eta alderantziz. Faktore horien atariko diseinua egiteko, aldez aurretik trenbide-dinamikako paketeren batekin egiaztatu behar da, hala nola, SIMPACK erabiliz. Horrez gain, oso erabilgarria litzateke aurreko faktoreek trenbide zuzenean eta kurban duten eragina fisikoki ikustea ahalbidetzen duen entsegu-banku bat izatea. Entsegu bankuari esker, faktore horiez gain, beste batzuk ere ziurtatu daitezke, hala nola, esekitzen ez den masa, gurpilen errodadurako zirkunferentzia nominalaren diametroa, gurpilaren profila, ardatzen arteko distantzia, etab. Hau bera bogie arruntetatik haratago ere heda daiteke eta ezohikoak diren bogiei aplikatu.

Saiakuntza-banku ugari daude hainbat laborategi, ikerketa-zentro, unibertsitate eta trenbide-sektoreko enpresatan. Horien artean, eskalazko trenbidetik zirkulatzen duten eskalazko ibilgailuak daude, hala nola, Sevillako Unibertsitateak egindakoa edo Delfteko Unibertsitatean eraikitakoa. Horrez gain, eskala osoko entsegu-bankuak ere erabiltzen dira, hala nola, Alemaniako Deutsche Bahnek Munich-Froimannen garatutakoa eta Txinako Chengduko South West Jaiotong Unibertsitateko Traction Power State Key Laboratory-n dagoena. Azkenik, eskalako arrabol-banku asko daude, eskalarik ohikoena 1:5ekoa izanik. Eskala horretako bankuetatik hurrengoak nabarmentzen dira: Torinoko Politeknikoan egindako bankua, Delft-eko Unibertsitateak egindakoa eta Manchester Metropolitan University-ko Rail Unit-ek eraikitakoa.
Bilboko Ingeniaritza Eskolako Ingeniaritza Mekanikoa Sailak saiakuntza-banku bat eraiki du bogie eta ardatz muntatuetarako, artikulu honetan aurkezten dena. Saiakuntza-banku hau kurba baten inskripzioan gertatzen diren fenomenoak eta trenbide zuzenetik zirkulatzean agertzen diren ezegonkortasun dinamikoak ulertzera bideratuta dago. Aukeratutako trenbidearen zabalera 5″ da, 0,127 m Nazioarteko Sisteman. Eskala 1:12 da, osagai estandarrak eskuratzeko erraztasunagatik aukeratua.
Saiakuntza-bankuaren lehen helburua, ardatzak eta bogieak zuzen batetik zirkulatzen dutela simulatzea da, ezegonkortasunak aztertuz, erraila simulatzen duen elementuaren aitzinamendu-abiadura pixkanaka handitzen den heinean. Bigarren helburua, ardatz edo bogien kurbako inskripzioa aztertzea da. Bankuaren bidez trenbide zuzen, baita kurba batetik zirkulazioa simulatu ahal izatearen premisak (gurpil bakoitzaren euskarriaren abiadura lineala desberdina izatea lortu behar da) bi motor independente erabiltzearen komenigarritasuna ekarri zuen.
Fabrikatu eta entseatzen diren ardatzetatik, 1/20ko konikotasuna duen ardatz baterako lortutako zeharkako desplazamenduak aztertu dira. Kasu honetan, bi motorren arteko biraketa abiaduraren aldea 1% denean, ardatz muntatuak akats hori 2,12 mm-ko zeharkako desplazamenduarekin konpentsatu behar duela lortu da. Eskalako egoera hori errealitateko 150 m-ko erradioko kurbari dagokio.
Eraikitako bankuak oraindik baditu erronkak. Gaur egungo egoeran, peralte gutxiegitasun nulua dugu. Hau da, kurban dauden ardatzen edo bogien peralte praktikoa peralte teorikoarekin bat baletor bezala jokatzen du, eta ez dago konpentsatu gabeko zeharkako azeleraziorik. Etorkizuneko helburuetako bat azelerazio hori kanpotik eragitea da, baita bankuari kulunka eragitea ere, peralte praktiko egokia simulatzeko. Bigarren erronka bat bogie ezohikoen fabrikazioa litzateke.
Artikuluaren fitxa:
- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: 46
- Artikuluaren izena: Trenbide ardatzen eta bogien saiakuntza-bankua
- Laburpena: Artikulu honek UPV/EHUko Ingeniaritza Mekanikoa sailean diseinatu eta eraikitako roller rig edo bogien saiakuntzarako bankua erakusten du. Saiakuntza-bankuaren trenbide zabalera 5»ekoa da. Eskala hori aukeratzearen arrazoia merkatuan eskala horretako osagaiak aurkitzeko erraztasuna da. Artikuluan, zenbait laborategi, ikerketa-zentro, unibertsitate eta trenbide-sektoreko enpresatan dauden ardatz, bogie eta trenen saiakuntza-bankuen azterketa konparatiboa egiten da. Horrez gain, saiakuntza-banku horien beharra, aplikazio-eremua, prestazioak eta mugak aztertzen dira. Azterketa konparatibo horren helburua da artikulu honetan deskribatzen den saiakuntza-bankuaren ezaugarriak eta prestazioak mugatzea da. Bestalde, egindako proiektua deskribatzen da, hautatutako osagaiak eta horien justifikazioa aurkeztuz, betiere prezioa beharrezko ezaugarri eta prestazioekin uztartuz.
- Egileak: Paul Gómez-Tejedor, Ernesto García Vadillo, Nekane Correa, Javier Santamaría, Rakel Robles, Olatz Oyarzabal, Javier Astarloa, Raúl Cosgaya eta Felipe Uriondo
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 355-270
- DOI: 10.1387/ekaia.25888
Egileez:
Paul Gómez-Tejedor, Ernesto García Vadillo, Nekane Correa, Javier Santamaría, Rakel Robles, Olatz Oyarzabal, Javier Astarloa eta Raúl Cosgaya UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako Ingeniaritza Mekanikoa Saileko ikertzaileak dira.
Felipe Uriondo UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako Ingeniaritza Elektrikoa Saileko ikertzailea da.
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.