Berun bidezko kutsadurarik zaharrena aurkitu dute

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Egeo itsasoan topatu duten kutsadura hau duela 5.200 urtekoa bada ere, erromatarrek Grezia konkistatu zutenean bereziki handitu zen ingurumenera botatako beruna, orain dela urte 2.150 inguru.

Zer egin dute ba erromatarrek gure alde? Life of Brian film ospetsuko pasarte ezagunetako bat da, seguruenera errealitate zurrun bat agerian uzten duelako: hein handi batean gure zibilizazioaren hainbat oinarri Erromak jarri zituen. Bada, zerrenda horri beste ekarpen bat gehitu dakioke, baina, oraingoan, ez dirudi ospatzeko moduko zerbait denik: berun bidezko kutsaduraz ari gara.

Berun
1. irudia: METEOR ikerketa ontziarekin Egeo itsasoko sedimentu nukleoak eskuratu dituzte. Horri esker, gizakien jarduera ekonomikoak ekosistemetan izan zuen eragina berreraiki dute. (Argazkia: Studgeogr – CC BY-SA 3.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

Egiari zor, eta gauza gehienetan bezala, berez fenomenoaren agerpena aurretikoa izango da seguruenera, baina erromatarrek beste maila batera eraman zuten. Oro har, prozesu hori zibilizazioen garapenarekin batera indartu zen Mediterraneoaren ekialdean giza jarduerak izandako inpaktua aztertu duen Heidelbergeko unibertsitateko (Alemania) ikertzaile talde bat garapen hori berreraikitzen ahalegindu da. Hala, Egeo itsasoan eta inguruko kostetan hartutako sedimentuen analisiek erakutsi dute gizakiak duela 5.200 urte hasi zirela ingurumena kutsatzen berunarekin, Communications Earth & Environment aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean azaldu dutenez.

Orain arte berunagatiko kutsadura zaharrena Balkanetako penintsulan aurkitutako aztarnak ziren, duela 4.000 urte inguru Crveni Potok izeneko aztarnategian aurkitutakoak. Hortaz, neurketa berriek milurteko bat atzeratu dituzte atzemandako lehen aztarnak. Garai urrun horretatik poluitzaileen arrastoak aurkitu dituzten arren, kutsadura handiena duela 2.150 gertatu zela ondorioztatu dute. Eta hemen sartzen dira tartean, noski, erromatarrak. Izan ere, Kristo aurreko 146. urtean izandako Korintoko batailaren ondoren gailendu ziren erromatarrak greziarren aurrean, eta, handik aurrera, Grezia konkistatzaile berrien eskuetan geratu zen. Erromatarren iristearekin batera, berun kutsadura asko handitu zen, garai horretan metalen ustiapenak gorakada nabarmena izan zuelako, eta gauza bera gertatu zen nekazaritzaren zabalpenarekin eta deforestazioarekin. Ondorengo Bizantziar Inperioan ere atzeman dute poluitzaileen aztarna.

Ondorio hauetara iristeko itsas hondoan eta Tenaghi Philippon (Grezia iparraldean) izeneko zohikaztegian pilatutako sedimentuak ikertu dituzte. Modu horretan, Egeo itsasoaren ekialdean iraganean zegoen kutsaduraren gaineko informazioa eskuratu ahal izan dute. Horrez gain, polen analisiak egin dituzte landarediaren aldaketak aztertzeko, eta erradiokarbono bidezko datazioak ere erabili dituzte kronologia zehazteko. Horiekin guztiekin historia klimatikoa berreraiki dute.

Metalei dagokienez, urrea, zilarra eta beste hainbat metal erauzi eta landu zituzten, besteak beste, txanponak ekoizteko. Andreas Koutsodendris ikertzailearen esanetan, “zilarraren ekoizpenean beruna askatzen denez, besteak beste, ingurumenean gertatu zen metal astun honen kontzentrazioen gorakada aldaketa sozioekonomiko handi baten adierazle da”. Ikusi dute, oro har, ordura arte gizakiaren eragina lokala zela, baina, handik aurrera, eskala handiago batera pasa zela.

Berun
2. irudia: Egeo itsasoan bildutako 14 laginetan oinarritu dute ikerketa, berun eta polen aztarnen analisian abiatuta. (Argazkia: Koutsodendris, Andreas; et. al (2025) Communications Earth & Environment)

Polenaren azterketari esker, ikusi ahal izan dute eremu geografiko hori nola aldatu zen duela 5.000 eta 2.000 urte artean. Izan ere, garai horren bueltan, berun kontzentrazioetan ez ezik, landaredian ere aldaketak atzeman dituzte. Aldaketa nagusienak lautadetako basoetan gertatu ziren, horiek murriztu zirenean. Modu berean, nekazaritzaren zabalpenaren berri izan dute, batez ere olibondoen eta mahatsondoen laboreak handitu zirelako zantzuak aurkitu dituztelako polenetan.

Emaitzen arabera, deforestazio handia gertatu zela ondorioztatu dute. Hau bereziki bi faktoreri lotuta dago: nekazaritzaren gorakadari, eta, beste behin, meatzaritzaren zabalpenari. Izan ere, gero eta lur gehiago bideratu ziren laboreak jartzera, eta horrek basoen murrizketa ekarri zuen. Baina, modu berean, metalak lurretik ateratzeko eta gero horiek funditzeko egur asko erabili behar izan zuten, deforestazioaren arazoa handituz.

Prentsa ohar batean Jörg Pross irakasleak nabarmendu du berun bidezko kutsaduraren eta landarediaren garapenaren gaineko datuek erakusten dutela “zehazki noiz gertatu zen nekazaritza gizarte baten eta moneta gizarte baten arteko trantsizioa, eta nola eragin zion ingurumenari”.

Berunaren kontzentrazioa neurtzeko, X izpien fluoreszentzia (XRF) eta masa espektrometria (ICP-MS motakoa) erabili dituzte. Orotara, hamalau sedimentu nukleo jaso eta aztertu dituzte. Itsasoko sedimentuen kasuan, Meteor eta Aegaeo itsasontzi ozeanografikoekin 2001 eta 2021 bitartean hartutako laginetan oinarritu dute ikerketa, baina kostaldeko lurretan ere jaso dituzte.

Erreferentzia bibliografikoa:

Koutsodendris, Andreas; Maran, Joseph; Kotthoff, Ulrich; Lippold, Jörg; Knipping, Maria; Friedrich, Oliver; Gerdes, Axel; Kaboth-Bahr, Stefanie; Bahr, André; Schulz, Hartmut; Sakellariou, Dimitris; Pross, Jörg (2025). Societal changes in Ancient Greece impacted terrestrial and marine environments. Communications Earth & Environment, 6, 25. DOI: 10.1038/s43247-024-01921-7


Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.