Ziurrenik pozoiak dira auzitegi-zientziaren atalik erakargarri eta misteriotsuena. Aurreko atal batean aipatu genuen bezala, drogak eta pozoiak hilketen errege-erreginak izan dira historian zehar eta ohikoak, era berean, zineman eta literaturan. Horrek guztiak eman die pozoiei intrigaren eta misterioaren usaina.
Toxikologia substantzia toxikoak aztertzen dituen zientzia da, baina, horrez gain, substantzia toxiko horien eraginak ere aztertzen ditu. Auzitegi-toxikologia, aldiz, auzitegi-zientziekin lotura duen toxikologiaren atala da; alegia, pozoiak eta pozoiketak aztertzen dituen auzitegi-zientzia.Ez da erraza pozoia zer den esatea. Jatorrian venenum hitza egon daiteke, aldi berean wen jatorri indoeuropearreko hitzean oinarritzen dena -maitatu, beneratu-. Hau ez da kasualitatea; izan ere, Venus jainkosa erromatarrean kokatzen da hitzaren jatorria.

Venus, besteak beste, maitasunaren jainkosa zen eta, hasiera batean, venenum-ak maitasuna eta erakarpen sexuala eragiteko edabe magikoak ziren. Hortaz, hasieran venenum-ek ez zuten zentzu negatiborik. Hala ere, pixkanaka droga eta edabe guztietara zabaldu zen hitza -bai sendagai gisa erabiltzen zirenak, bai heriotza edo kalte larriak eragiteko gai zirenak-. Era berean izendatzen ziren edabeak, Afrodita -Venusen pareko jainkosa grekoa- izenean oinarrituta. Kasu honetan, izenak ez du zentzu-aldaketarik izan eta gaur egun ere afrodisiako deritze desio sexuala handiagotzen duten substantziei. Venenum hitzaren kasuan, aldiz, zalantzak sor zitezkeen substantzia onuragarria edo kaltegarria ote zen eta, horrexegatik, venenum bonum edo venenum malum gisa markatzen ziren. Erdi Aroan pozoi hitza substantzia kaltegarrientzat bakarrik erabiltzen hasi ziren eta, aldiz, sendagaiak zirenak farmako gisa ezagutzen ziren.
Hala eta guztiz ere, azalpen terminologikoak ez ditu argitzen gure zalantzak. Pozoiak organismoan kalteak eragiteko gai diren substantziak dira; alegia, substantzia toxikoak. Toxikoa da organismoan asaldurak eragiteko gai den edozein substantzia, baina beti ere toxikotasuna hartu behar da kontuan. Toxikotasunak substantzia jakin batek toxikoa izateko duen gaitasunaren maila ematen du; izan ere, esan daiteke edozein substantzia izan daitekeela toxiko. Zein da, bada, pozoi baten eta substantzia toxiko baten arteko desberdintasuna?
Galdera hori erantzuteko Parazeltso mediku suitzarraren hitz ezagunetara jo behar dugu: dosis sola facit venenum, hau da, dosiak soilik egiten du pozoia. Hain zuzen ere, esaldi horrek argi uzten du edozein substantzia izan daitekeela toxikoa, zenbatekoa den haren bere kontzentrazioa. Ura bera ere toxikoa da, eta dosi hilgarria ere badu: 90 g/kg. Horrek esan nahi du ura pozoia dela? Jakina, ez, ohiko kontzentrazioan urak ez baitu kalterik eragiten.
Antzeko zerbait esan daiteke sendagaiei buruz; izan ere, gaixotasunen aurkako eragin onuragarria dute, baina dosi toxikora iritsiz gero kaltegarriak dira. Hori guztia kontuan hartuta, zenbait adituren arabera toxikoa litzateke kantitate txikian ere arriskutsua den substantzia, eta pozoia, aldiz, dosi toxiko altuagoa izan dezakeen substantzia. Hala ere, esan bezala, definizioak ematea ez da kontu erraza. Hizkuntza arruntean pozoiak asmo bat ere adierazten du; alegia, ekintza kriminal bat burutzeko helburuarekin erabiltzen den substantzia litzateke: norbait hiltzeko edo bere organismoan kalteak eragiteko helburuarekin erabiltzen den substantzia. Aldiz, intoxikazioak nahi gabe gertatu izanaren adiera ere badu, pozoitze batek ez duena.
Gaur egun, hala ere, ‘toxiko’ eta ‘pozoi’ sinonimotzat har ditzakegu, nahiz eta ‘toxiko’ litzatekeen ikuspuntu zientifikotik hobetsi beharrekoa; izan ere, horrek biltzen ditu pozoi klasikoak eta baita dosiaren arabera kaltegarriak izan daitezkeen substantziak. Toxikoa da, beraz, organismoan sartzean bizi ahal izateko ezinbestekoak diren prozesu biokimikoak asaldatzen dituen edozein eragile kimiko. Hortik eratorrita, toxikologia toxikoak aztertzen dituen zientzia da. Oro har, toxikologiak aztertzen du bizidunengan substantziek eta produktu kimikoek duten toxikotasuna, baina ez hori bakarrik: toxikologiak aztergai ditu, horrez gain, substantzia toxikoen akzio-mekanismoak eta intoxikazioen diagnostikoa, prebentzioa eta tratamendua. Auzitegi-toxikologiak, berriz, auzitegietako esparruan egiten ditu azterketa horiek; alegia, intoxikazioen analisia eta intoxikazioak eragiten dituzten substantzien analisia ¾pozoiak, drogak eta sendagaiak, besteak beste¾.
Hasieran esan dugun bezala, pozoiak ezagutzen diren armarik zaharrenetakoak dira eta toxikologoak aspalditik ahalegindu dira substantzia hilgarriak detektatzen eta antidotoak bilatzen. Lan hori sistematizatzeko ahalegina egin zuen lehena, toxikologiaren aitzindaria, Mateu Josep Bonaventura Orfila i Rotger izan zen, 1787an Menorcako Maó hirian jaioa. Orfilak toxikologiaren oinarriak ezarri zituen eta XIX. mendearen erdialdean parte hartu zuen Frantzia astindu zuen epaiketa ospetsuenetakoan. Epaiketa horretan, hiltzailea harrapatzeko gako nagusia izan zen artikulu-sorta honetan aipatua dugun Marsh-en testa, baina horretaz hurrengo atalean arituko gara.
Erreferentzia bibliografikoak:
- Esteban Santos, Soledad (2023). Venenos en la Toxicología Forense. In Cornago Ramírez, Mª del Pilar; Esteban Santos, Soledad. Química Forense (349-389 or.). UNED
- McDermid, Val (2014). Forensics: what bugs, burns, prints, DNA, and more tell us about crime. Grove Press.
- Mulet, J.M. (2016). La ciencia en la sombra. Planeta argitaletxea.
Egileaz:
Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg), Kimikan doktorea, zientzia dibulgatzailea eta GOI ikastegiko irakasle eta ikertzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
Zientzia auzitegietan buruzko artikulu-sorta:
- Zientzia auzitegietan (I): hastapenak
- Zientzia auzitegietan (II): artsenikoa eta Marsh-en proba
- Zientzia auzitegietan (III): krimenaren agertokia
- Zientzia auzitegietan (IV): pozoiak eta toxikologia