Brontze Aroko hilobietan anbara simulatzen duten piezak aurkitu dituzte. Pinu erretxinaz, erle argizariaz edota linazi olioaz estalitako harri edo oskolak dira.
Tamainaren pertzepzioan galtzeko arriskua dakarte zifra handiek, baina portzentajeek beti laguntzen dute gauzak hobeto ulertzen. Hala, faltsututako produktuetan urtean 429.000 milioi euro inguru mugitzen direla esanez gero, zifra handia eman dezake. Baina zifra hori are esanguratsuagoa da —2019ko azken datuetan abiatuta— aipatzen badugu horrek suposatu zuela munduko merkataritzaren % 2,5.
Egungo gizarte kapitalisten ezaugarria eman badezake ere, produktu bat beste baten itxuran pasaraztea ez da, inondik inora, gaur egungo kontua. Are, Journal of Archaeological Science aldizkarian argitaratutako ikerketa batek agerian jarri duenez, historiaurrean aurkitu daitezke praktika horren lehen adibideak. Bertan eman dute iberiar penintsulako historiaurre berantiarrean anbararen antza duten baina bestelako osagaiez eratuta dauden lepoko aleen berri. Historiako lehen konpositea —hainbat materialekin egindako material berria, hain zuzen— izan dela diote artikuluaren egileek.

Ikerketa horren bitartez egiaztatu ahal izan dute Brontze Aroko artisauak gai izan zirela anbara erreplikatzeko. Artikuluan Sitgesen dagoen Cova del Gegant izeneko hilobiratze aztarnategian aurkitutako erretxinaz estalitako lepoko aleen deskribapenean abiatzen dira. Abiapuntuan dago aztarnategi horretan aurkitutako anbarezko bi ale eta antzeko itxura tamaina eta forma zuten beste lau ale, K.a. XV. mendean datatutakoak. Azken hauek “modu fidagarri batean anbararen errendimendu sentsorialaren ezaugarrien mailara iritsi” nahi dutela laburbildu dute zientzia artikuluan.
Baina ikerketa egin duen Sevillako Unibertsitateko ikertzaile taldea harago joan da, eta penintsulan dauden antzeko elementuen analisia egin du. Piezen identifikazioa eta ezaugarritzea egiteko, izpi infragorriak eta ordenagailu bidezko mikrotomografiak erabili dituzte.
Landare baskularrek sortzen duten erretxinan abiatzen da anbara. Kanpo elementuek haietan sortutako zauriak estaltzeko erabiltzen dituzte landareek erretxinak, eta, modu horretan, infekzioak saihesteko gai dira. Erretxina izanik ere, polimerizazio prozesu baten ondoren fosildu egin daiteke, anbar gisa ezagutzen dugun materiala sortuz.
Material leuna eta distiratsua da anbara, eta kolore deigarriak izan ohi ditu. Lehen itxura batean, harribitxi baten antza du. Bere jatorriagatik, material urria da naturan, eta, aipatu dugunez, horri gehitu dakioke itxura ederra duela. Horregatik, historiaurreko eliteek estimu handian zuten. Bada, material horren urritasuna beste abantaila bat da ikertzaileentzat. Izan ere, normalean eremu baten egoera ekonomikoaren adierazletzat jo izan da, eta arkeologoentzat oso baliagarria izan da historiaurreko lehen sare komertzialen gaineko informazioa eskuratzeko.
Iberiar penintsulan, ordea, ez dago anbar askorik, eta batez ere Baltiko aldetik ekartzen zuten, lehen sare komertzialen bidez. Ezaugarri horrek material horren garrantzia are gehiago handitu zuen.
Neolito Arotik (K.a. V-III milurtekoak) Erdi Brontze Arora (K.a. II. milurtekoaren lehen erdia) aurkitu dituzte antzeko aztarnak, anbareko aleekin batera. Orotara, hamabost aztarnategitan anbara simulatzen duten 2.000 pieza baino gehiago aurkitu dira orain arte. Ikertzaileek diotenez, halako materialak momentuz iberiar penintsulan baino ez dira aurkitu, eta gizateriaren historian topatu izan diren zaharrenak dira. Ondorengo garai historikoetan jasota daude apaindura hauek egiteko errezetak, erromatarren garaitik hasita eta Erdi Aroraino.

Carlos Odriozola Sevillako unibertsitateko historiaurrelariak argitu du lehen aleak Andaluzian eta Bartzelonan atzeman zituztela, eta horien ekoizpenean milurteko baten aldea zegoela. “Penintsularen punta batetik bestera errepikatzen zen patroi bat zegoen, eta milurteko batez mantendu egin zen. Hori dela eta, uste dugu faltsutzea uste baino zabalduagoa zegoela”, adierazi du.
Faltsutzeaz hitz eginda ere, ohartarazi dute faltsifikazio kontzeptua problematikoa izan daitekeela; antzeko ezaugarriak partekatzeaz gain, balitekeelako funtzio berdinak bete izana. Horren adibidetzat jo dute amerindiarrek urrea eta pirita berdin-berdin erabiltzen zituztela, biei egozten baitzieten argi sakratua izatea.
Artikuluan azaldu nahi izan dute zein izan den erretxinaz estalitako mikroesferen teknologiaren garapena eta funtzioa. Analisiaren bitartez, egiaztatu dute zenbait geruzez osatuta daudela, berariaz egindako diseinu baten adierazle. Aurkitutako materialetan, erdigunea oskolezkoa edota harrizkoa zen, eta erreplika lortzeko pinu erretxinaz, erle argizariaz edota linazi olioaz estaltzen zituzten gune horiek. Horien bitartez kolore laranjaka lortzen zuten. Hori berez ez badakite ere, ikertzaileak sinetsita daude horiek guztiak batzeko irakindako kolagenoaz baliatzen zirela itsasgarri gisa.
Sinetsita daude “nahita hartutako diseinu erabakien” emaitza direla, “seguruenera anbararen ezaugarri bisualak simulatzera bideratuak”. Ondorioztatu dutenez, “itxura hori lortzeko berariaz egindako ahaleginak, eta denboran eta espazioan horren zabalduta egoteak, horrek guztiak adierazten du erretxinaz estalitako aleek esanahi sinbolikoa eta soziala zutela, anbarezko aleek zutenaren antzekoa”.
Ale horien ekoizpenaren atzean egon ahal zen arrazoiari dagokionez, anbararen horniduraren sendotasun ezagatik eta fidagarritasun eskasagatik egin zutela uste dute, baina, modu berean, rol eta bereizketa sozial berrien sinbolismoarekin lotu dute fenomenoa. Hain zuzen, ikertzaileek nabarmendu dute garai horretako testuinguruak pistak ematen dituela portaera hau azaltzeko: orduko gizarteetan aldaketak gertatzen ari ziren eta, gero eta gehiago, egitura hierarkikoagoak ezartzen ari ziren, aurreko gizarteak berdinagoak ziren bitartean. Garai horren bueltan nagusiek beren estatusaren berri eman behar zuten, apaindura jantzi eta bestelako elementuen bitartez, eta anbara zen prestigioa ematen zuen materialetako bat.
Hori dela eta, sinetsita daude faltsututako anbar honen agerpena deboran bat etorri zela elite berri hauen gorakadarekin. Beren hedapena oso zabala denez, eta eliteen testuingururi lotuta daudenez, ikertzaileek diote garrantzi handikoak izan behar zirela iberiar penintsulako historiaurreko berantiarreko eliteen artean “prestigiozko teknologia” gisa.
Egileek aitortu dute gustatuko litzaiekeela argitzea boteretsuek artisauei egindako enkarguak ote ziren, baina, datu arkeologikoen argitara, horren ebidentzia zuzenik ez dute. Arazoa da faltsututako pieza hauek sakabanatuta agertu direla hainbat hilobitan, eta ez daudela zuzenki lotuta pertsona konkretuei.
Erreferentzia bibliografikoa:
Odriozola, Carlos P.; Garrido-Cordero, José Ángel; Sousa, Ana C.; Martínez-Blanes, José María; Romero-García, Galo; Sánchez-Gómez, Daniel; Edo i Benaigues, Manel; Romero-Vera, Diego; Simón-Vallejo, María Dolores; Zambrana Vega, María Dolores; Molina González, José Luis (2024). Crafting illusions: Human-made composite coating used to simulate amber beads in prehistoric Iberia. Journal of Archaeological Science, 168. DOI: 10.1016/j.jas.2024.106011
Egileaz:
Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.