Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Arkeologia
Shöningeneko lantzak, osorik dauden ehiza-tresna zaharrenetakoak, berriki 200.000 urte dituztela ondorioztatu dute, aminoazidoen errazemizazioan oinarritutako analisi-metodo bati esker. Egurrean zizelkatuta, Erdi Paleolitikokoa, lehenengo neandertalen aroko, Alemaniako aztarnategi batean aurkitu ziren. Aztarnategiak ehizaren ebidentzia argiak eskaintzen ditu, bereziki zaldiena, eta horrek gizakien lankidetza eta espezializazioa erakusten du. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.
Australian aurkitu dituzte orain arte ezagutzen diren amnioto baten oinatzik zaharrenak, duela 356 milioi urtekoak. Hori, amniotoak agertu zirela uste zen garaia baino 35-40 milioi urte lehenagokoa da. Oinatzek bost atzeko erpe dituzten sauropsido primitibo baten arrastoak izan litezkeela uste dute, eta 80 cm inguruko luzera izan zezakeela kalkulatu dute. Aurkikuntzak iradokitzen du amniotoen eboluzioa askoz lehenago eta azkarrago gertatu zela uste zena baino. Nature aldizkarian argitaratu dute ikerketa. Datuak Elhuyar aldizkarian.
Teknologia
Orakuluak, galdera espezifikoei berehala eta zuzen erantzuten dieten gailu hipotetikoak, konplexutasun konputazionalaren teoria aztertzeko tresna indartsuak dira. Ikertzaileek orakuluak erabiltzen dituzte konplexutasun moten arteko harremanak aztertzeko, eta ulertzeko ea problema batzuk benetan zailak diren ala ez; hala nola errazak diren problemak «P» deiturikoak eta egiaztatzeko errazak diren problema motak «NP» deiturikoak. Orakuluen bidez, P = NP edo P ≠ NP diren egoerak simulatu daitezke. Gainera, ordenagailu kuantikoen ahalmena aztertzeko eta algoritmo berriak garatzeko baliagarriak izan dira. Informazio guztia Zientzia Kaieran.
Medikuntza
Nature aldizkariko ikerketa batek erakutsi du aspirinak metastasia saihestu dezakeela. Aspirinak COX-1 entzimaren jarduera inhibitzen du, eta horren bidez TXA2 tronboxanoaren ekoizpena murrizten du. TXA2 honek T linfozitoen jarduera immunologikoa oztopatzen du; beraz, TXA2 gutxitzeak immunitateak minbizi-zelulei aurre egitea ahalbidetzen du. Entsegu klinikoek baieztatu dute aspirinak metastasiak gutxitzen dituela eta bizi-itxaropena luzatzen duela. Hala ere, albo-ondorioak (urdailaren kaltea, odoljarioak) direla eta, ikertzaileek mekanismo horretan esku hartuko duten botika espezifikoagoak garatzea proposatzen dute. Datuak Zientzia Kaieran.
Osasuna
Ariketa fisiko egokitua COVID iraunkorra dutenentzat onuragarria dela ondorioztatu du Nora García Alonso fisioterapeutak bere doktoretza-tesian. Indarra eta potentzia ariketak lantzen dituen programa batek nekea, ahulezia, arnasa hartzeko zailtasunak eta estresa murriztu ditu, eta gaitasun funtzionala nahiz bizi-kalitatea hobetu ditu. Navarrabiomed ikerketa-zentroan egin da ikerketa ehun bat parte-hartzaileekin eta emaitzak European Heart Journal aldizkarian argitaratu dira. Ariketa fisikoa praktika klinikoan txertatzeko ebidentziak lortu dituztela berretsi du egileak. Xehetasunak Elhuyar aldizkarian.
Science Advances aldizkarian argitaratutako ikerketa batek ondorioztatu du gaitasun kognitiboek ez dutela zertan gainbehera egin behar adinean, baldin eta irakurketa eta matematikako ohiturak mantentzen badira. 16-65 urte bitarteko 3.000 alemaniarren datuak aztertuta, ikusi dute gaitasunak 40 urtera arte hazten direla eta, lantzen badira, 65 urtera arte egonkortzen direla. Hezkuntza-maila eta lanbideak ere eragina dute, eta ohiturak ez dituztenen kasuan, bereziki aritmetikaren arloan, beherakada nabariagoa da. Ikerketaren nondik norakoak Zientzia Kaieran.
Nutrizioa
UPV/EHUko Gluten 3S ikerketa-taldeko ikertzaileek GLUTLEARN programa garatu dute zeliakiei eta haien zaintzaileei zuzenduta, Instagram bidez nutrizio ezagutza hobetzeko. Sei asteko online programak gaixotasunaren eta glutenik gabeko dietaren inguruko ezagutza handitu du, elikagai seguruak identifikatzeko eta kontaktu gurutzatua saihesteko konfiantza areagotuz. Parte-hartzaileen % 90ek eduki gehienak ikusi dituzte, eta % 84k programa “ezinbestekotzat” jo dute. Ikerketak sare sozialen erabilera osasun hezkuntzan eraginkorra dela frogatu du, baldin eta zorroztasun zientifikoa bermatzen bada. Computers in Biology and Medicine aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak. Datuak Alea aldizkarian.
Psikologia
Pentsamenduak gure esperientzietatik, pertzepzioetatik eta emozioetatik abiatuta sortzen diren eraikuntza mentalak dira, eta garunaren jarduera koordinatuaren ondorioz agertzen dira. Hala azaldu du María del Carmen Sanjuan Artegain psikologo kognitiboak Bergarako Aranzadi Ikastolako 3. DBHko ikasleek egindako “Nola sortzen dira pentsamenduak?” galderari erantzunez, Zientzia Kaierako Gazte-galderak atalean. Garuna organo fisikoa da, baina gogoa haren jardueratik sortzen den software antzeko sistema bat litzateke. Psikologiaren eta neurozientziaren arabera, pentsamenduak ez dira ausaz sortzen: irudikapen mentalen konbinazioa dira, eta hizkuntza eta oroimena bezalako azpisistemek elkarrekin lan eginez eraikitzen dituzte.
Klima-aldaketa
BC3 ikerketa-zentroak nazioarteko beste zentro batzuekin batera egindako ikerketaren arabera, Europako hiri gehienak atzera daude klima-aldaketara egokitzeko neurrietan. Aztertutako egokitzapen-planen % 70ek ez dute funtsik, eta ia inork ez ditu komunitate kalteberak kontuan hartzen. Horrek ekitate sozialean eta arriskuen kudeaketan hutsune handiak sortzen ditu. Nature Climate Change aldizkarian argitaratutako ikerketak ohartarazten du Europaren berotzea azkarragoa dela eta plan integratu, datuetan oinarritutako eta ahulenei arreta emango dieten estrategiak beharrezkoak direla. Ikerketak, gainera, planak ebaluatzeko tresna berriak eskaintzen ditu. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.
Genetika
Lehen aldiz, CRISPR edizio genetikoaren terapia pertsonalizatua erabili da gaixotasun genetiko arraro batekin jaio zen haur bat tratatzeko, eta arrakasta izan du. KJ izeneko haurrak CPS1 genean mutazio larriak zituen, eta horrek sintoma hilgarriak eragiten zituen. Filadelfiako eta Penn Medicineko (AEB) haur-ospitaleko ikertzaileek base-editoreen teknika erabili zuten —DNA moztu gabe nukleotidoak aldatzen dituen metodoa— eta terapia nanopartikula lipidikoetan kapsulatuta eman zioten. Lehen dosia 2025eko otsailean jaso ondoren, haurra behar bezala garatzen garatzen ari da. Xehetasunak Elhuyar aldizkarian.
Egileaz:
Enara Calvo Gil kazetaria da eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren komunikazio digitaleko teknikaria.