Journal of Animal Ecology aldizkarian argitaratutako ikerketak Afrikako animalia erraldoien mugimendu-sistema efizienteak azaltzen ditu. Ikertzaileek 157 elefanteren migrazio-mugimenduak jarraitu dituzte bi hamarkadatan zehar. Jasotako datuek elefanteen ibilbide-hautaketa konplexuak erakusten dituzte. Hegaztien antzera, energia-kostu txikiko estrategiak erabiltzen dituzte lurraldean zehar mugitzeko. Ikerketaren bitartez, zientzialariek espero dute biodibertsitate-aniztasuna mantentzeko ezinbestekoak diren animalia hauen kontserbazio-estrategiak optimizatzea.
Oxford unibertsitateko ikertzaileek Kenya iparraldeko elefanteen migrazioak ikertu dituzte 22 urtez. Argitaratu berri den ikerketak animalia erraldoi hauen hautaketen zergatiak argitu ditu. Elefanteek kostu-irabazi erabakiak hartzen dituztela frogatu du artikuluak, eta beren inguruaz kontziente direla erakutsi. Zientzialarien hitzetan, “animaliek migrazio-ibilbideak aukeratzerakoan ez dute soilik ur-iturrien gertutasuna bilatzen; horrez gain, beste hainbat faktore hartzen dituzte kontuan bidaien efizientzia energetikoa optimizatzeko”.

Animalien mugimenduak mantentzen du ekosistemen oreka eta biodibertsitatearen aniztasuna hazi eta mantenugaien sakabanaketaren bitartez. Animalia guztien artean, ‘megafauna’ deitu ohi zaien eta 1.000kg baino gehiago pisatzen duten animaliek, gainerako animaliek baino distantzia handiagoak egin ditzaketenez, garrantzi handiagoa dute. Pleistozeno berantiarraren hasieran, duela 120.000 urte inguru, tamaina handiko 48 herbiboro-espezie zeuden, baina gizakiaren hedapenaren ondorioz, gaur egun soilik 8 daude eta, horien artean, sabanako elefante afrikarra da handiena1.
Animalia hauek kaloria gutxiko landarediz elikatzen dira eta, beraz, egunero kantitate handiak jatera behartuta daude beren pisu erraldoiak mugitzeko. Hau dela eta, hautespen naturalaren legeak gainditu ahal izateko, garrantzitsua da elefanteek mugimendu-esfortzuak neurtzea, batez ere zeharkatzen dituzten paisaia zabal eta malkartsuetan. Horregatik, kontserbazio-estrategia eraginkorrak diseinatzeko, funtsezkoa da animalia hauek paisaian zehar nola mugitzen diren ulertzea.
157 elefanteren arrastoari jarraitzen 22 urtez
Ikerketa berriak 157 elefanteren mugimenduak jarraitu ditu, 1998tik 2020ra, Kenya iparraldean. Datuak ‘Save the Elephants’ deituriko ikerketa eta kontserbaziorako erakundeak jaso zituen GPS sistemen bitartez2. Jasotako elefanteen jarraipen-datuak aztertzeko, ikerketa-taldeak ENERSCAPE izeneko modelaketa-metodo berria erabili zuen. Metodo honen bitartez, mugimenduaren energia-kostuak kalkulatu zituzten, animalien gorputz-masa eta lurraren orografia kontuan hartuta. Modelatutako estimazioak elefanteen desplazamendu-erabakiak argitzen laguntzen duten energia-paisaia zehatzak eraiki zituen inguruko landarediaren produktibitatea eta uraren erabilgarritasuna erakusten duten satelite-datuekin bateratuz.
Animalien ibilbide-hautaketa aztertzeko, ikertzaileek urrats-hautaketa izeneko sistema estatistiko bat erabili zuten. Metodologia honek elefanteek hautatutako bideak eta lekuak alderatzen ditu aukeratu zitzaketenekin. Horrela, ikertzaileek zehaztu egin zuten zein ingurumen-faktorek eragiten duten elefanteek lekuz aldatzeko eta ibilbideak hautatzeko orduan hartzen dituzten erabakietan.

Hegaztien hegaldi eraginkorren antzera
Zientzialariek, jasotako datuetatik, elefanteen portaera hegaztien antzekoa dela ondorioztatu zuten. Hegaztiek nahita baliatzen dituzte igoera termiko mesedegarriak hegaldiaren energia-kostuak murrizteko. Era berean, elefanteen % 94k malda handiak eta lur malkartsua saihesten dituzte.
Ezaugarri horiez gain, elefanteen migrazioen baldintzatzaile dira elikagai ugariko eremuak, ur-iturrien kokapena eta mugimendu-abiadura. Ikerketaren arabera, elefanteen % 93k landareri-ekoizpen handiko eremuak aukeratzen dituzte beren bidaietan. Ur-iturrien inguruko datuak aztertzean, berriz, ikertzaileek ez dute ondorio zehatzik argitu; izan ere, ikertzaileen hitzetan, “nahiz eta elefanteen desplazamendu guztietan ur-iturrien presentzia dagoen, haien hautaketa ez da hurbiltasunean oinarritzen eta, horrek frogatzen du mugimendu-aukera konplexuagoak hartzen dituztela”. Bestalde, elefanteen abiadurak haien mugimendu-erabakiak baldintzatzen dituela aurkitu zuten zientzialariek. Animaliak abiadura handiz mugitzen direnean kostu energetiko txikiko ibilbideak hautatzeko joera handiagoa erakusten dute (% 93), astiro doazenean baino (% 74).
Etorkizuneko kontserbazio-estrategiak hobetzen
Ikertzaileen arabera, etorkizuneko kontserbazio-estrategiek kontuan hartu beharko lituzkete animaliek habitatak aukeratzerakoan dituzten lehentasun indibidualak. Emilio Berti ikerketa-buruak dioenez, “lortutako emaitzek ondorio garrantzitsuak dituzte kontserbazio-neurriak ebaluatzeko eta planifikatzeko orduan. Izan ere, adibidez animalien sakabanatze-korridoreak zehazterakoan, hautatutako eremuetako mugimenduen energia-kostuak esplizituki kontuan hartuko baitira”.
Gainera, zientzialarien hitzetan, “garatutako sistema hobetzeko aukera dago beste faktore osagarri batzuk txertatuz”. Horrela, etorkizunean, urtaroen aldaketak, gizakien asaldurak eta klima-aldaketak elefanteen joan-etorrian dituzten eraginak ikertu nahi dituzte. Klima-aldaketak eragin nabarmena izan dezake elikagaien eta ur-iturrien eskuragarritasunean eta, ikerketa honek oinarriak ezarri ditu elefanteek aldaketa hauei nola erantzuten dieten aztertzeko.
Erreferentzia bibliografikoak:
[1] Hirt, Myriam R.; Barnes, Andrew D.; Gentile, Alessandro; Pollock, Laura J.; Rosenbaum, Benjamin; Thuiller, Wilfried; Tucker, Marlee A.; Brose, Ulrich (2021). Environmental and anthropogenic constraints on animal space use drive extinction risk worldwide. Ecology Letters, 24, 12, 2576-2585. DOI: 10.1111/ele.13872
[2] Berti, Emilio; Rosenbaum, Benjamin; Vollrath, Fritz (2025). Energy landscapes direct the movement preferences of elephants. Journal of Animal Ecology, 94, 5, 908-918. DOI: 10.1111/1365-2656.70023
Egileaz:
Oxel Urra Elektrokimikan doktorea da, zientziaren eta artea uztartzen duten proiektuetan aditua, egun zientzia-komunikatzailea da.