Islandian teknologia berritzailea erabili dute erupzioak hobeto aurreikusi ahal izateko: gertatu baino ordu erdi lehenago atzeman dituzte lurpeko magmaren mugimenduak.
Zenbait sektorek noizean behin kritika gogaikarria egiten diote zientziaren jardunari, horretarako ia-ia gehienetan azken hamarkadetan zientziaren eta teknologiaren garapenari esker eskura dituzten baliabide teknologikoak erabiliz. Baina —oso muturreko kasuetan ez ezik—, ageriko arrazoiengatik, hondamendien aurreikuspenarekin zerikusirik duten ikerketek goreneko babesa jasotzen dute gizartearen partetik. Azalpen beharrik ez duen kontua da: norabide horretan izandako aurrerapenek biziak eta ondasunak salbatzen dituzte.

Ondotxo dakite hori Islandian. Jakina da berez herrialdea oso eremu bolkanikoan kokatuta dagoela, Ipar Amerikako eta Eurasiako plaka tektonikoen artean zabaltzen den ozeano dortsalean, hain zuzen. Reykjanes penintsula (Islandiako hego-ekialdean) da herrialdeko zonalde populatuenetakoa da, eta, aldi berean, sumendi jarduera gehien duenetakoa. Penintsula horretan batez ere 2021etik dezente handitu dira erupzioak, eta horrek, besteak beste, eragin du hainbat aldiz Grindavik herriko etxeak ebakuatu behar izana. Hori gutxi balitz, ikertzaileak sinetsita daude bereziki eremu hau hainbat urtez iraungo duen sumendi jarduera garai batean sartzen ari dela azken urteetan.
Reykjavikeko Unibertsitateko sismologo Vala Hjorleifsdottir lanean ibili da bertan alerta goiztiarreko sistema bat jarri ahal izateko, eta Caltech Kaliforniako Teknologia Institutuko (AEB) ikertzaileekin kolaboratu du erupzio baten adierazle izan daitezkeen seinaleak bereizi aldera. Orain, Science aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean, alerta hori lortu dutela azaldu dute: zuntz optikoa erabiliz, zehaztasun handiz eta ia-ia gertatu ahala Svartsengi izeneko sumendi eremuan izaten diren laba mugimenduak iragarri dituzte.
Banatutako detekzio akustikoa (DAS, ingelesezko siglen arabera) erabili dute. Teknika horren bitartez, gai izan dira telekomunikazio kableak sentsore sare bat modura erabiltzeko. Eta sarearen bitartez lortu dute lurrean gertatzen diren aldaketak hautematea. Magmaren eta lurzoruaren mugimenduen berri izateko 100 kilometroko zuntz optikoko kable bat ezarri dute, eta horrekin sentsoreen matrize bat eratu dute. Keflavik hiritik egin dute horren jarraipena.
2010. urtetik aurrera sismologoen artean gero eta gehiago erabiltzen eta fintzen den teknikak modu honetan funtzionatzen du: laser izpiak zuntz kableetara bideratuta daude, eta kableetan jasotzen diren bibrazioak atzematen dituzte. Jasotako aldaketak aintzat izanda, zientzialariak gai dira ondorioztatzeko noiz igarotzen diren uhinak. Hala, sistemak aukera ematen die denbora errealean eta milimetrotako doitasunez lurzoruan gertatzen diren mugimenduak detektatzeko. Ljosleidarinn telekomunikazio enpresarekin batera zuntzaren ezarpena nahiko azkar egin zuten, hamar egunenean.
Orotara, urte betean bederatzi sumendi dikeren intrusioak atzeman dituzte. Azaleratzen ez diren baina lurraren barruan gertatzen diren magma mugimenduak dira intrusioak. Neurketen historikoan, horietatik sei azaleratu ziren, arrakaletatik magma askatu zutelarik. Beste hirurak, berriz, lurrazalera iritsi baino lehen gelditu egin ziren.

2023ko azaroaren 10ean gertatutako erupzioaren ondoren jarri zituzten kableak, eta handik hilabete batera erregistratu zuten lehen erupzioa: abenduaren 18an garatu zen, eta kilometro bateko arrakala eragin zuen. Bigarrena Grindavik herritik gertu jazo zen, eta erupzioak hainbat etxe suntsitu zituen. Beste sei erupzio gertatu ziren, azkena Stora-Skogfell sumenditik bi kilometrora gertatu zelarik.
Sumendi gertaera bakoitzean lurrean gertatutako deformazioak jaso dituzte, patroi modura. Horren ondorioz ikusi ahal izan dute dikeen hazkunde tasa puntu gorenera iristen dela erupzioa gertatu baino 15-22 minutu lehenago. Jasotako lehen datuetan abiatuta, zientzialariek alerta goiztiarreko sistema bat garatu dute. Horri esker, 30 minutu eta zenbait ordu aurretik abisua emateko gai izan dira.
Jiaxuan Li egile nagusiak alerta goiztiarreko sistema honen erabilgarritasunaren adibide praktiko bat ekarri du gogora; esan duenez, 2024ko abuztuan, Caltech institutuan bilduta zegoenean, sakelako telefonoak alerta bat bidali zion, eta 26 minutu geroago Hjorleifsdottirrek jakinarazi zion erupzioa benetan gauzatu zela, eta ebakuazio abisua emana zutela.
Ikertzaileek babestu dute zuntz optikoa lagungarria izan daitekeela, orain arte erupzioak atzemateko erabili izan diren tekniken osagarri modura. Zuntzak bereziki failen mugimenduan eta mendi hegalen deformazioan datu argigarriak eman ditzake. Teknika honek ez du prozesamendu handiegirik, eta, hortaz, denbora errealean lurzoruaren gaineko monitorizazioak egiteko sistema egokia dela babestu dute.
”Oraindik lan asko dago egiteko, eta sumendi guztiak desberdinak dira, baina DASek gaitasun berria eskaintzen du aurretik ikusi ezin genituen gauzak ikusteko”, esan dute zientzialariek.
Erreferentzia bibliografikoa:
Egileaz:
Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.