Mexikoko dardara

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Bi lurrikara bortitz izan dira Mexikon bi astetan, Tehuantepecen eta Pueblan. Eta bigarrena, gainera, herri horrek inoiz jasandako lurrikararik kaltegarrienaren egun berean, 32 urte beranduago. Lurrikarak ez dira fenomeno arrotzak Mexikon, Ozeano Bareko Su Eraztunaren parte izaki, lurrikarak eta sumendi erupzioak ohikoak dira.

Rivera eta Cocos izeneko bi plaka ozeanikoen mugimenduaren ondorio dira bai lurrikarak, baita sumendi erupzioak ere.

1. irudia: Rivera eta Cocos plakak Mexikoko kostaldean daude. (Ziortza Guezuragak eraldatutako irudia).

Rivera eta Cocos plaka ozeanikoak subdukzio izeneko prozesuan dabiltza. Zehazki, Ipar Amerikako eta Karibeko plakekin. Plaka ozeanikoa beste plaka baten azpitik sartzen denean gertatzen da subdukzioa.

2. irudia: Subdukzio prozesuan plaka ozeanikoa beste plakaren azpian sartzen da beheranzko mugimenduarekin. (Ziortza Guezuragak eraldatutako irudia).

Kasu honetan, plaka ozeanikoa Iparramerikako eta Karibeko plaka kontinentalaren azpitik sartzen da. Puntu batean grabitate-indarra konbergentzia-indarra baino handiagoa da eta hondoratutako plakan estentsio-indarrak ematen dira intraslab lurrikarak emanez. Apurketa gertatzen denean plakan bildutako tentsioa askatzen da eta intraslab izeneko lurrikara sortu. Mexikon aurten izandako bi lurrikarak, irailaren 8koa eta irailaren 19koa (8.1 eta 7.1 magnitudekoak, hurrenez hurren) mota honetakoak izan ziren, Cocos plakan gertatutako apurketen ondorioz.

3. irudia: Plaka ozeanikoa beheranzko mugimendua du beste plakaren azpitik, ematen dira apurketa puntura arte (Ziortza Guezuragak moldatutako irudia).

Hain denbora gutxian izandako fenomenoak izanik, bigarrena lehenaren erreplika dela pentsa liteke. Apurketaren ostean zonalde horretan gertatzen den Lurraren barrenaren doiketa dira erreplikak. Kasu honetan, baina, 600 km. baino gehiago daude bi puntuen artean, bata bestearen erreplika kontsideratzeko gehiegi. Honek ez du esan nahi, hala ere, bien artean harremanik ez dagoenik: bi lurrikarak Cocos plakan izan dira, sakontasun berdintsura (40-80 Km.) eta lehen gertaerak nahikoa indarra izan zuen plakan eragiten duten indarretan aldaketak eragiteko.

1985eko lurrikara, ezberdina

Irailaren 19an bi lurrikara sendo jasan ditu Mexikok, bata 2017an eta 1985ean bestea. Data, baina, kointzidentzia baino ez da. 1985eko lurrikara Mexikok inoiz jasan duen lurrikararik suntsigarriena izan da eta, datu zehatzik ez badago ere, Munduko Bankuak egindako txostenak 9.500 hildako aipatzen ditu. Heriotza gehienak Mexiko Hirian izan ziren, lurrikararen epizentroa izan zen Michoacánetik 450 kilometrora.

Sismologian mugarria izan zen 1985eko lurrikara. Ordura arte sismologoek ez zekiten Mexikoko kostaldeko zonalde hori (Michoacán) lurrikarak sortzeko gaitasuna zuen ala ez. Datu historikoek ez zuten aktibitate seismikorik erakusten, hutsune seismiko gisa kontsideratzen zen. Michoacáneko bretxa aseismikotzat jotzen zen, lurrikara handiak sortu ezin zezakeena. 1985ean 8.1 magnitudeko lurrikara sortu zuen arte.

Aurtengo bi lurrikarak ez bezala, 1985eko lurrikara ez zen intraslab motakoa izan, interplate (plaken artekoa) baizik. Kasu honetan ere subdukzioan gertatzen den fenomenoa da eta batutako tentsioa apurketa bidez askatzean du oinarria, plaka baten baitan sakoneran gertatu beharrean bi plaken arteko mugan gertatzen dela da ezberdintasuna.

4. irudia: Intraslab lurrikarak ez bezala, bi plaken arteko mugan gertatzen dira interplate lurrikarak. (Ziortza Guezuragak eraldatutako irudia).

Lurrikaretan hiru uhin sismiko mota nagusi sortzen dira: P(-rima) eta S(-econda) lurraren barruan higitzen diren bitartean eta azaleko uhinak lurrazalera heltzen direnean. Interplate gertakizun hauek uhin-trenak sortzen dituzte, azaletik hurbil bidaiatzen direnak eta Mexikoko Haranean, non izugarri anplifikatzen diren, harrapatuta geratzen diren uhin-trenak. Bi arrazoi daude anplifikaziorako:

  1. Interplate apurketak luzeak eta azalekoak dira, kontaktu puntu berean ziklikoki irristatzearen ondorioz. Apurketa luze hauek periodo luzeko azaleko uhinak sortzen dituzte.
  2. Mexiko Harana laku baten arroa da. Bertako sedimentuak urez saturatutako buztinak dira, uhin seismikoen eraginpean gelatina bezalako portaera dutenak.

Lurrikaren kontra prebentzioa lantzeko erabakigarria izan zen 1985eko lurrikara: eraikin-kodea eguneratzea eta bai Babes Zibilaren eta baita SASMEX lurrikara alerta sistemaren sorrera ekarri zituen. Urtero, gainera, lurrikara simulazioa egiten dute irailaren 19an (aurten lurrikara baino bi ordu lehenago bukatu zena), zeinari esker hainbat bizitza salbatu dira pertsonen entrenamenduari zor.

Aurten izan diren bi lurrikarak oso bestelakoak izan dira. Intraslab motatakoak izanik, beheranzko bidean dagoen plakan gertatu dira, non arrokak plaken arteko mugan baino sendoagoak diren. Hauek, hortaz, energia gehiago behar dute apurtzeko eta apurketak motzagoak eta gogorragoak dira. Intraslab lurrikarak interplateak baino txikiagoak izaten dira, proportzionalki energia gehiago askatzen badute ere. P eta S uhin seismikoek, azaleko uhinak baino periodo motzagoa dutenak, daramate energia hori.

Aurtengo lurrikarak bezala, sakonean gertatzen diren fenomenoak erronka dira abisu eta alerta sistementzat. Justu kontinentearen azpian gertatzen dira eta lehenengo uhinak (energetikoenak) zuzenean igotzen dira jendea bizi den zonaldeetara. Bestela esanda, ez daude uhin gogorrak ailegatu baino lehen uhin ahulik, abisu seinalerik.

Etorkizunean zer gertatuko den jakiterik ez dago. Hala ere, intraslab lurrikarak interplate fenomeno handien aurretiko gertakariak izatea da subdukzio zonaldeetan dagoen ziklo seismiko komuna. Aurtengo bi lurrikarak Tehuantepec eta Guerrero bretxa seismikoetan gertatu dira eta hauetan ez da interplate gertakaririk izan azken mendean.

Iturria: What´s going on beneath Mexico?


Egileaz: Ziortza Guezuraga kazetaria eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren kolaboratzailea da.

3 iruzkinak

  • Euskarari jartzen zaion arreta akatsik gabe eta zuzen agertu daiten arlo zientifikoari jarriz gero lan hau ezin izango zen argitaratu. Bloke diagrama guztiak oker daude azal kontinental eta ozeanikoa litosferaren parte baitira, plaka kontinentalik ez da existitzen, marruskadurak ezin du bi plaken arteko konbergentzia gelditu, …….
    Sentitzen dut, baina frustrantea da ikasleei etengabe esatea terminoak zehazki erabili behar direla, gero horrelakoak irakurri behar badituzte.

    • Kaixo, Arturo:

      Moldatu ditut bloke diagramak litosferaren atalak zeintzuk diren argi gera dadin. Zehaztasun falta horrek eragin izan dituen gaizki-ulertu eta eragozpenengatik barkamena eskatzea baino ez zait geratzen.

      Edukiari dagokionez, Daniel García ikertzaileak egindako “What’s going on beneath Mexico?” artikulutik zuzenean ekarria da.

      Noski, hobekuntza eta zuzenketa oro ongietorriak dira eta benetan eskertzen dizut ekarpena.

      Mila esker!

      Ziortza Guezuraga.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.