Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Fisika
1931n, Hans Bethek sistema kuantiko konplexuen portaera zehaztasunez aurreikusteko metodo bat garatu zuen: ansatz-a (“abiapuntu”, alemanez). Spin kateetan oinarrituta, partikulen arteko elkarreragin kolektiboak deskribatzen ditu. Hasieran erabilera mugatua izan arren, geroago izotzaren egitura, partikula azpiatomikoen talkak eta grabitate kuantikoa bezalako arloetan aplikatu zen. Gaur egun, fisikaren arlo gutxitan ez du eragin Bethek duela ehun urte baino gehiago izandako ideiak. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran.
Teknologia
Trenbideek gero eta garrantzi handiagoa izango dute garraio jasangarrian, kutsadura gutxiago sortzen baitute. XX. mendean zehar trenen elektrifikazio-prozesu orokor bat eraman zen arren, trakzio-teknologia tradizionalak mantendu izan dira. Trakzio-teknologia berriek, hala nola bateriek eta hidrogeno-pilek, aukera berriak eskaintzen dituzte, baina erronka tekniko eta ekonomikoak dakartzate. CAFek eta Ikerlanek metodologia holistiko bat garatu dute trakzio-sistemak modu eraginkorrean diseinatzeko, testuinguru ekonomiko eta tekniko ezberdinetara egokituz. Honek lagundu dezake trenen diseinua optimizatzen eta garraioaren deskarbonizazioa bizkortzen. Xehetasunak Zientzia Kaieran.
EHUko Microfluidics Cluster taldeko ikertzaileek hutsaren bidezko litografian oinarritutako teknika berritzaile bat garatu du, zehaztasun mikrometrikoz 3D mikroegiturak sortzeko. Molde malguak eta presio negatiboa erabilita, material likidoak edo gelifikatuak forma konplexuetan modelatu daitezke, fotolitografiaren pareko bereizmena lortuz. Metodo honek material funtzional desberdinak substratu bakarrean integratzea ahalbidetzen du, eta aplikazio ugari ditu: sentsore miniaturizatuak, zelula-kultibo aurreratuak, nanopartikula-ereduak eta diagnostikorako gailu eramangarriak, besteak beste. Datuak Elhuyar aldizkaria.
Astrofisika
Vera C. Rubin behategiak bere lehen irudi ikusgarriak aurkeztu ditu, izarren hautsa, Trifida eta Aintzira nebulosak erakutsiz ezagutzen ez ziren xehetasunekin. Behategiak materia ilunaren izaera argitzeaz gain, eguzki-sistema eta Esne Bidea hobeto ezagutzea ere, helburu ditu. Txilen kokatuta dago, 3.200 milioi pixel dituen kamera erraldoiarekin, eta zeru australaren time-lapsea jasoko du etengabe. Dagoeneko milaka asteroide berri identifikatu dituzte. Informazioa Elhuyar aldizkarian.
Arkeologia
Harbin hirian (Txina) duela 15 urte aurkitutako Homo longi izendatutako garezurra denisovarra dela baieztatu dute. Ezaugarri morfologiko bereziek zaildu zuten lehen identifikazioa, baina orain, paleoproteomikaren bidez 95 proteina endogeno eta hortzetako kalkuluetatik erauzitako DNA mitokondriala aztertuta, denisovarrekin bat datorrela egiaztatu dute. Emaitzak Science eta Cell aldizkarietan argitaratu dira. Aurkikuntzak adierazten du denisovarrak Siberiatik Txinara hedatu zirela, eta erabilitako metodoa baliagarria dela antzinako fosilak sailkatzeko. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.
Biologia
Synechococcus zianobakterioek, nahiz eta bizitza laburra izan, erloju zirkadiano bat dute, eta horren bidez eguneroko argi/ilun zikloetara egokitzen dira. Mª Luisa Jabburren ikerketek frogatu dute bakterio hauek fotoperiodoa erabil dezaketela negurako prestatzeko, mintzaren jariakortasuna aldatuz. Egun laburretan hazitakoek hotzarekiko erresistentzia handiagoa dute. Erritmo zirkadianoa duten geneak (KaiA, B, C) funtsezkoak dira egokitzapen horretarako. Ikerketaren nondik norakoa Zientzia Kaieran.
Medikuntza
EHUko ikertzaileek listuan oinarritutako ehunka markatzaile genetiko identifikatu dituzte, hainbat gaixotasun kroniko aurresateko baliagarriak: minbizia, diabetesa, parkinsona eta patologia kardiobaskularrak, besteak beste. Listuko polimorfismo genetikoek geneen jarduera alda dezakete, eta diagnostiko goiztiarrerako tresna ez-inbasibo indartsua bihurtu daitezke. Gainera, odoleko adierazle tradizionalak baino zehatzagoak dira zenbait kasutan. Ikerketak listuko datu genetikoen base publiko handiena sortu du, eta ikerketarako sarbide librea eskaintzen du, etorkizuneko aurrerapenak erraztuz. Informazio guztia Elhuyar aldizkarian.
Egileaz:
Enara Calvo Gil kazetaria da eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren komunikazio digitaleko teknikaria.