Asteon zientzia begi-bistan #499

Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Matematika

Informatikari talde batek CVM izeneko algoritmo berritzaile bat garatu du, datu-fluxu bateko elementu bakarren kopurua modu eraginkorrean zenbatesteko. Ausazkotasuna erabiliz, algoritmoak aukera ematen du elementuak zerrenda luzeetan zenbatzeko, Facebookeko erabiltzaileak edo testu bateko hitzak, adibidez, elementu guztiak gogoratu behar izan gabe. Metodoak hobetu egiten du eskura dugun memoriaren tamaina, eta aurrerapen handia dakar elementu desberdinen arazoa konpontzeko. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran.

Osasuna

OMEk patogeno berrien jatorriak ikertzeko nazioarteko esparru bat argitaratu du, SAGO taldearekin elkarlanean. Pandemiak edo izurrite larriak eragin ditzaketen patogeno arriskutsuen agerpena prebenitzea du helburu ekimen horrek. Zerrenda berrituan, SARS-CoV-2, ebola eta zika bezalako birusak eta kolera bezalako bakterioak daude. Giza eta animalien arteko transmisioaren ikerketa, azterketa genetikoak eta biosegurtasun neurriak jorratzen ditu esparruak. Gainera, zaintza-sistemak eta araudiak ezartzen ditu agerraldiak modu eraginkorragoan detektatzeko eta kontrolatzeko. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Teknologia

Ikertzaileek FPL (Flexible Power Links) potentzia-bihurgailuak aztertu dituzte, sare elektriko adimendunek akats elektrikoen aurrean duten erresilientzia hobetzeko. Matlab-Simulink programarekin egindako ikerketan, bi bihurgailu topologia alderatu zituzten: lau adarrekoa eta hiru adarrekoa. Lau adarreko topologiak eraginkortasun hobea eta korronte txikiagoa eskaintzen ditu, irteerako iragazkiaren tamaina txikitzeko aukera emanez. Hala ere, hiru adarrekoa merkeagoa da, eta kontrolatzeko errazagoa. Bi ikuspegi horien helburua da hornidura elektriko jarraitua eta orekatua bermatzea, baita sarean akatsak daudenean ere. Datuak Zientzia Kaieran.

Adimen artifiziala

Nazioarteko ikertzaile-talde batek DL4MicEverywhere plataforma garatu du. Horri esker, zientzialariek adimen artifiziala erabil dezakete irudi biomedikoak erraz aztertzeko. Portugalgo Gulbenkian Institutuak beste kolaboratzaile batzuekin batera sortutako tresna honek zelulen eta ehunen identifikazioa errazten du, irudien bereizmena hobetzen du eta ezagutza tekniko aurreraturik gabe analisi konplexuak egiteko aukera ematen du. Plataforma edozein ordenagailutatik sar daiteke eta FAIR (irisgarria, elkarreragingarria eta berrerabilgarria) irizpideak jarraitzen ditu. Informazio guztia Zientzia Kaieran.

Kutsadura

Environmental Research Letters aldizkarian argitaratutako ikerketa baten arabera, metano-kontzentrazioa inoiz baino gehiago handitu da azken bost urteetan eta metanoaren urteko isuriak % 20 hazi dira azken bi hamarkadetan. Isurtzen den metanoaren bi heren giza jardueretatik dator, hala nola erregai fosiletatik, abeltzaintzatik eta zabortegietatik. Metanoa berotegi efektuko bigarren gas garrantzitsuena da, CO2aren atzetik. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Fisika

Soken teoriak, fisikaren teoria liluragarri eta konplexuenetako batek, zientzia fikziozko autoreak inspiratu ditu, Liu Cixin kasu, bere narratibetan ezinezkoak diren teknologiak imajinatzera. Lurraren iraganaren oroitzapena izeneko trilogian, Liuk fisikaten teoria hori erabiltzen du “sofoiak” sortzeko. Sofoi hauek dirudiena baino sinpleagoak dira, baina dimentsio osagarriak zabaltzeko gaitasunak ematen dien ñabardura abstraktu horrek bihurtzen ditu fenomeno exotiko. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran.

LHCko zientzialariek lehenengo aldiz behatu dute quarken arteko lotura kuantikoa ATLAS detektagailuan, Nature aldizkarian jakinarazi bezala. Aurretik, energia baxuko partikuletan behatu zen gurutzatze kuantikoa, baina hemen, protoien talken ondoren, energia handiko baldintzetan lortu zen. Milioi bat quark t eta anti-t pare aztertuta, quarken artean astunenak, haien spinetan endredo kuantikoaren ebidentzia antzeman zen. Quark hauek, bizitza laburra izan arren, elkarlotura mantentzen dute beste partikula batzuk sortu aurretik. Informazioa Elhuyar aldizkarian.

Astrofisika

Ikertzaileek ondorioztatu dute Lurrak eraztunak izan zituela Ordoviziarren garaian, duela 446 milioi urte. Ekuatoretik gertu dauden 21 krater aztertzean, asteroide bat planetatik gertu igarotzean zatitu egin zela ondorioztatu zuten, dozenaka milioi urtez iraun zuen eraztun sistema bat sortuz. Fenomeno horrek kliman eragina izan zezakeen eta hirnantiako glaziazioarekin, (Lurraren historiako garairik hotzenetako batekin) zerikusia izan zezakeen. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Medikuntza

UPV/EHUko ikertzaileek protokolo zehatz bat garatu dute neke kronikoaren sindromea ebaluatzeko, gaixotasun neurologiko konplexua eta diagnostikatzeko zaila, batez ere emakumeetan. Ikerketa Frontiers in Psychiatry aldizkarian argitaratu zen, eta sintomak karakterizatu eta pazienteen azpitaldeak sortu zituen, patologia hori beste batzuetatik bereizten lagunduz, post-COVID-19 sindromea kasu. Nerbio-sistema autonomoaren funtzioak eta autoantigorputzak ebaluatu zituzten, inpaktu neurologikoa eta immunea aztertzeko. Protokolo horri esker, diagnostiko azkarragoak eta zehatzagoak egin ahal izango dira, eta aurrerapauso erabakigarria izango da batez beste bost urte behar dituen gaixotasun batean. Informazio guztia Elhuyar aldizkarian.

Egileaz:

Enara Calvo Gil kazetaria da eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrako komunikazio digitaleko teknikaria.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.