Ardiek eta ahariek ilea babesteko argizari bat erabiltzen dute, lanolina, hain zuzen ere. Gizakiok lanolina erauzten ikasi dugu eta hainbat erabilera eman dizkiogu: kosmetikan, medikuntzan, lubrikatzaileen industrian… Argitaratu berri den ikerketa baten emaitzen arabera, ordea, beste erabilera bat ere izan dezake; hain zuzen ere, lanolina abeltzaintzarekin lotutako biomarkatzaile arkeologikoa ere izan daiteke.
Lanolina animalia-jatorria duen argizaria da, zenbait ugaztunen sebo-guruinek ekoizten dutena. Sebo-guruinak erdiko dermisean kokatzen dira eta lipidoz beterik dauden zelulek osatzen dituzte. Guruin horiek ile-folikuluetara jariatzen dute seboa. Seboaren funtzio nagusia azala eta ilea lubrikatzea da, babes-funtzioa betez. Ardien kasuan, funtzio lubrikatzaile hori duen argizaria da lanolina, hain zuzen ere. Gizakiok artiletik lanolina erauzten ikasi dugu eta, horrela, lanolinari hainbat erabilera eman dizkiogu. Nagusiki produktu kosmetikoetan eta zainketa pertsonalerako produktuetan erabiltzen den arren, medikuntzan eta industrian ere hainbat erabilera ditu.

Lanolinari artile-gantza ere deitzen zaio; esan bezala, artiletik erauzten den substantzia delako. Lanolinak baselinaren antzeko testura duela esan daiteke: itsaskorra da, koipetsua, horixka eta ia usairik gabekoa. Dena den, lanolinara iritsi aurretik haren jatorrira joan behar dugu: artilera.
Artilea ardietatik ─besteak beste─ lortzen den zuntza da. Izan ere, ardien eta aharien ilea da, izatez. Artileak duen argizaria ardiak berak ekoizten du eta haren azalean metatzen da ardia hazten den neurrian. Argizariak geruza hidrofoboa osatzen du eta, horrela, ardiaren ilea babestua gelditzen da. Jariakinak glizerolik ez duenez, argizari gisa sailkatzen da. Beste hainbat konposatuz osatuta dago lanolina, baina nagusienak argizari-esterrak dira. Argizari-esterrak gantz-azido baten eta kate luzeko alkohol baten artean osatutako esterrak dira. Lanolinaren argizari-esterrak identifikatzeko saiakerak egin diren arren, gaur egun ez dakigu oraindik konposatu guztiak zehazki zeintzuk diren. Identifikazio horren zailtasuna ulertzeko, kontuan hartu behar da lanolinak 8.000 eta 20.000 argizari-ester desberdin izan ditzakeela kalkulatu dela. Ester horietaz gainera, hidroxiesterrak, diesterrak, lanolinaren alkoholak eta lanolinaren azidoak ere baditu, besteak beste. Konposatu horiek bere horretan erabiltzen dira kosmetikoen industrian, baina oinarrizko konposatu horietatik abiatuta lortzen diren beste produktu batzuk ere interes handikoak dira kosmetikan eta azalaren tratamenduen industrian.
Moztu berria den artilearen % 5 eta % 25 artean lanolina gordinari dagokio. Ardi motaren arabera, lanolinaren ehunekoa aldatu egiten da. Edozein kasutan, artilearen osagai garrantzitsua da. Merino arrazako ardi baten artiletik 250-300 mililitro argizari lor daitezke, gutxi gorabehera. Argizari horren garbiketa egin ondoren, zikinkeria eta izerdiaren gatzak kentzen dira eta, horrela, lanolina gordina lortzen da. Lanolina horrek zein lanolinaren deribatuek hainbat erabilera dituzte medikuntzan eta, batez ere, kosmetikan. Lanolina alergia-sortzailea ere izan daiteke zenbait kasutan. Besteak beste, oso ohikoa da lanolina haurren azala babesteko produktuetan eta edoskitzen ari diren emakumeen titiburuak tratatzeko produktuetan.
Duela gutxi argitaratutako ikerketa baten emaitzen arabera, lanolina biomarkatzaile gisa erabili ahal izango litzateke prehistoriako ardien ile-mozketa nola egiten zen aztertzeko. Euskal Herriko Unibertsitateko zientzialariak egileen artean dituen ikerketaren arabera, lanolinaren degradazio mekanismoak ezagutuz, aztertu egin daitezke ardien ilea mozteko erabilitako tresna arkeologikoak. Tresna horien analisiak informazio garrantzitsua emango luke abeltzaintzaren jatorria ulertzeko.
Claudia Adsuar Fuster eta bere lankideek egindako lanaren arabera, lanolina nahaste konplexua bada ere, biomarkatzaile arkeologiko gisa erabil daiteke. Biomarkatzaile arkeologikoak konposatu organiko iraunkorrak dira ─lipidoak, proteinak eta polinukleotidoak, esate baterako─, erregistro arkeologikoetan presente daudenak. Horiek jatorri edo erabilera zehatzekin lotu daitezke eta, horrenbestez, antzinako giza jarduerei buruzko informazioa lortzeko baliagarriak izan daitezke. Biomarkatzaile arkeologikoak konposatu erresistenteak izan behar dute; izan ere, denbora-tarte luzeetan egonkor edo nahiko egonkor iraun behar dute. Adsuar Fuster eta bere lankideek azpimarratzen dutenez, biomarkatzaile berriak identifikatzea ez da lan erraza. Alde batetik, esan bezala, aukeratutako biomolekulak iraunkorrak izan behar dute eta, bestetik, espezifikoak izan behar dute ─hau da, giza jarduera zehatz batekin lotura izan behar dute. Bigarren baldintza hori betetzea beti ez da erraza; izan ere, konposatu asko ez datoz iturri edo jarduera bakar batetik.
Chemistry-Methods aldizkarian argitaratu berri duten ikerketan lanolinaren degradazio-mekanismoak aztertu dituzte, aging edo zahartze prozesuaren zehaztasunak ezagutzeko. Lanolina ardien ilea mozteko tresnetan aurkitzea espero dutenez, aurrerapauso handia da lanolinaren degradazioa harrizko tresnetan nola gertatzen den zehatz-mehatz jakitea. Horretarako, era askotako harrizko materialetan lanolinaren degradazio-mekanismoak aztertu dituzte eta degradazio-patroia ikertu dute metodo analitiko ez-suntsitzaileak zein mikro-suntsitzaileak erabiliz. Ondorioetan aipatzen dutenaren arabera, lanolinarekin lotutako biomarkatzaile iraunkor eta espezifikorik ez dute aurkitu, baina konposatu interesgarrien profila lortu dute eta hori erabilgarria izan daiteke lagin arkeologikoetan lanolina identifikatzeko. Gauzak horrela, lagin arkeologikoekin erabiltzeko prest dagoen estrategia analitikoaren berri eman dute Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileek.
Oraindik findu beharreko estrategia bada ere, lagin arkeologikoekin haren erabilgarritasuna probatzen denean gauza ziurra da geure arbasoen abeltzantza-jarduerak zehatzago ezagutu ahal izango ditugula. Eta hori guztia artilean ezkutatuta dagoen konposatuen nahaste konplexu horri esker: lanolina.
Erreferentzia bibliografikoak:
Adsuar Fuster, Claudia; Caruso, Francesco; Gómez-Laserna, Olivia; Romani, Martina; Barrio, Ramón J.; Verès, Josep Maria; Forgia, Vincenza; Maguregui, Maite; Vallejo, Asier (2025). Analytical study of lanolin as potential biomarker of prehistoric sheep-shearing practice. Chemistry-Methods, 00. DOI: 10.1002/cmtd.202400093
Sengupta, 10.21608/ejchem.2018.4214.1372
; Behera, J. (2014). Comprehensive view on chemistry, manufacturing & applications of lanolin extracted from wool pretreatment, American Journal of Engineering Research, 3(7), 33.43. DOI:Egileaz:
Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg), Kimikan doktorea, zientzia dibulgatzailea eta GOI ikastegiko irakasle eta ikertzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.