“Gazte-galderak” egitasmoak DBHko ikasleen zalantzak, galderak eta zientzia ikusminari erantzutea du helburu. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta The Conversation plataformaren ekimena da eta zientzialari adituen dibulgazio-artikuluen bidez ematen diote erantzuna gazteen jakin-minari.
Bergarako Aranzadi Ikastolako 3. DBHko ikasleen galdera: Animaliek pertsonek ikusten ditugun kolore berak ikusten dituzte?
Ez da galdera erraza, pertsona guztiek ere ez baitituzte koloreak berdin “ikusten”. Adibidez, daltonismo motaren bat dutenek bereizmen txikiagoa daukate, baina, horrez gain, tonu gehienak desberdin ikusten dituzte.
Beste muturrean tetrakromatak daude: 100 milioitik gora tonalitate bereizteko gai dira, jende gehienak baino 100 aldiz gehiago.

Duela ez asko, jakin izan dugu Pingelapeko biztanleek zuri-beltzean ikusten dutela mundua; benetan ere bitxia. Eta duela gutxi, harritu egin gara jakitean teknologia oso-oso sofistikatu batekin egindako saiakera bateko 5 partaidek kolore berri bat ikusi ahal izan dutela: “olo” kolorea.
Baina gizakietan antzemandako egoera hain desberdin horiek ez dira aitzakia izan behar galderari ez erantzuteko. Goazen, bada, erantzuna atalez atal azaltzen.
Nola bereizten ditugu koloreak gizakiok?
Antzematen ditugun koloreak burmuinak egindako interpretazioa da: fotorrezeptore mota batek nerbio bulkada bidez ikusmenaren azalera bidalitako seinaleen interpretazioa, hain zuzen ere. Fotorrezeptore horiek konoak dira eta erretinan, gure begi hondoan, daude.
Kono mota ezberdinak daude. Konoak, ikusmen pigmentuen bidez, sentiberak dira argiaren uhin luzerekiko edo espektro elektromagnetikoarekiko. Hartara, objektuek islatzen dituzten uhin luzerek (hau da, koloreek) modu jakin batean kilikatzen dituzte kono mota desberdinak. Azkenik, ikusten ditugun koloreak (hobe esanda, gure burmuinak koloretzat interpretatzen duena) kono mota desberdinek emandako erantzunen konbinazioa da.
Jende gehiena trikromata da. Horrek esan nahi du gure erretinan hiru kono mota ditugula: gorria, berdea eta urdina. Horiei esker “ikusten” eta bereizten ditugu urdin-moretik gorrira doazen uhin luzerak. Horri “espektro ikusgaia” deritzogu.
Gizakiontzat ikusgai, noski. Baina, zer ikusten dute animaliek?
Animaliek ere koloreetan flipatuko ote dute?
Zientzian beharrezkoa den zuhurtzia ahaztu gabe, esan dezakegu animalia gehienek ziurrenik ez dituztela gu bezala ikusten koloreak. Badakigu animalien begietako fotorrezeptoreen pigmentu motak eta kopurua ez datozela bat gizaki trikromatek dituztenekin.
Eta kontuan izanda, bestalde, nolakoak diren kono horiek, apustu egiteko moduan gaude esatean gure inguruko animaliek gutxi flipatzen dutela koloreetan.
Horrela, ugaztun ez-primate gehienek ikusmen dikromatikoa daukate, hau da: erretinan bi kono mota baino ez dituzte. Horien adibide ditugu txakurrak, katuak eta azeriak.
Horrek ez du esan nahi, baina, zuri-beltzean ikusten dutenik: txakurrek, adibidez, arazorik gabe bereizten dituzte horia eta urdina, nahiz eta arazoak izan gorria eta berdea bereizteko. Zezenek txakurren antzera ikusten dituzte koloreak, eta, beraz, usteak uste, ez die gorriak erakartzen!
Ziurrenik, ugaztunek daltonismo motaren bat daukaten pertsonek bezala antzematen dute mundua. Hala ere, badago salbuespenik dikromatismoaren arau horretan: espezie gautarrak eta itsasoko ugaztunak, hain zuzen ere. Zetazeoek, pinnipedoek eta manatiek, oro har, ikusmen monokromatikoa daukate, eta horrek nabarmen mugatzen die koloreak bereizteko gaitasuna.
Bestetik, baleak ditugu, eta horiek, bai, zuri-beltzean ikusten dute: hondartutako baleetan egindako analisiek erakutsi dute animalia hauek ez dutela konorik erretinan. Badirudi baleek ozeanoaren inguru ilunetarako izan duten muturreko egokitzapena dela.
Beste salbuespen bat ugaztun primateena da –horien artean gizakia bera–, martsupialak eta intsektu askok legez, ikusmen trikromatikoa baitaukate, nahiz eta hiru konoen xurgatze espektroa desberdina izan kasuan-kasuan.
Gizakiontzat ikusezinak diren koloreak

Intsektu batzuk, adibidez erleak eta tximeletak, espektro ultramorea (UV) ikusteko gai dira: hegazti eta arrain batzuek ere gaitasun hori dute, bai eta zenbait ugaztunek ere.
Gizakiontzat arraroa da hori: ez daukagu zehaztuta ultramorea, ez dugulako espektroaren zati hori ikusten edo argi ikusgaiaren espektrotik kanpo (edo mugatik oso hurbil) geratzen delako guretzat edo gure begiaren lenteak blokeatu egiten duelako.
Zorionez, 2024an, koloreen ikusmenean adituak diren zientzialariek teknologia garatu zuten animalien ikusmena modu errealistan simulatzen duten bideoak grabatzeko.
Begi superdotatuak
Orain, ustez kolore asko ikusten dituzten animaliez hitz egingo dugu. Narrasti, anfibio, hegazti eta intsektu gehienak tetrakromatak badira ere (lau kono mota dituzte), badira intsektu eta hegazti batzuk (usoak eta papillon tximeletak barne) goragoko kategoria batean daudenak: pentakromak dira (bost kono mota). Polikromaten podiumean mantis izkira daukagu (Odontodactylus scyllarus): 12 pigmentu mota baino gehiago ditu.
Hala ere, hasieran azaldu dugun bezala, “ikusmena” prozesu konplexua da. Mantis izkiraren kasuan, 2014an ikusi zuten koloreak bereizteko gaitasun oso mugatua daukala nahiz eta fotorrezeptore ugari izan. Izan ere, ikusmenaren bidez lortutako informazioa integratzerakoan, bere burmuinak gaitasun txikia dauka gizakiok daukagunaren aldean.
Animalia batek koloreak bereizi ahal izateko, nahitaez izan behar ditu xurgatze espektro desberdindun fotopigmentuak ikusmen organoetan. Baina hala ere, horrek ez du bermatzen koloreak bereizteko gaitasuna daukanik.
Laburbilduz, egun daukagun informazioaren arabera, esan dezakegu koloreak ikusi eta bereizteko gaitasuna ez dela unibertsala: animalia batzuek ez dute kolorerik ikusten, beste batzuek zenbait bereizteko gaitasuna daukate eta beste batzuek gizakiok ezin ikus ditzakegun koloreak ikusten dituzte. Aniztasunaren adibide zoragarria!
Egileaz:
Fisiologiako katedraduna da Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU).
Artikulu hau The Conversation plataformako Júnior atalean irakur daiteke gaztelaniaz: ¿Los animales ven los mismos colores que las personas? 12-16 urte bitarteko ikaslea bazara eta zientziaren inguruko galderarik izanez gero, bidali helbide honetara: tcesjunior@theconversation.com