Lo egin, kume

Dibulgazioa · Gaztezulotik

Aitorpen batekin hasi behar dut gaurkoan. Bai, daitort: loti ederra baino lotiagoa naiz. Eta udazken-negu bide honetan gabiltzala, hotza eta iluntasuna gero eta handiagoak diren sasoi honetan, ohearen deia gero eta indartsuagoa da. Niretzat behintzat.

Berri txarrak ditu zientziak lotiak garenontzat, baina. Klima-aldaketaren eraginetako bat lo-galera baita. Bai, irakurtzen duzuen bezala. Ikerketa bat egin dute mundu osoko smartwatch direlakoen datuekin eta zera aurkitu dute: klima-aldaketak eragindako tenperatura altuak lo-galera mamitsuekin lotuta daude: urtero 11 gau inguru gutxiago lo egitea adina litzateke. Broma gutxi. Hamaika gaupasa eta farra bakar bat ere ez.

lo
1. irudia: begi-bistakoa den atsedenaz gain, funtzio oso garrantzitsuak betetzen baititu loak bai osasun fisikoan, bai osasun mentalean. (Argazkia: Ivan Oboleninov – pexels lizentziapean. Iturria: Pexels.com)

Eta pentsa zenezakete, bueno horrenbesterako ere ez da. Zeinek ez ditu hamaika (eta hamaika gaupasa gehiago egin. Lo falta horren ondorioak horrenbesterako ere ez dira izango. Hain oker ibiliko zinatekete, baina. Begi-bistakoa den atsedenaz gain, funtzio oso garrantzitsuak betetzen baititu loak bai osasun fisikoan, bai osasun mentalean.

Loak emozioak prozesatzen laguntzen digu eta, bide beretik, dementziaren aurrean babeslea ere bada. Lo faltak dituen ondorioak asko eta anitzak dira. Eta bat bera ere ez da ona. Adibidez, gau bakar batez loa galtzeak antsietatea %30 igotzea dakar, antsietateak jota gabiltzan garai honetan. Geneetan ere du eragina lo faltak: ikerketa batean ikusi dute gau batez lo ez egiteak kalteak eragiten dituela DNAn. Ezer ez dago salbu.

Eta ezer ez diodanean ezer ez da. Ikerketa ugari egin dira lo faltaren inguruan eta lotura aurkitu da: minbizia izateko arriskua areagotzearekin, gaixotasun kardiobaskularrekin, neuroendekatzaileekin eta baita metabolikoekin ere. Gaupasak arrisku-kirol gisa hartu beharko lirateke.

Are gehiago, harreman sozialetan ere badu eragina. Eta ez bakarrik lo gutxi egitean umore txarragoa dugulako. Hori ere hala dela baieztatuta dago, ez izan zalantzarik. Baina, are gehiago, ikerketa baten arabera, lo falta dugunean, denbora gutxiago ematen dugu besteen aurpegiei begira. Begiratu ere ez ditugu nahi. Aurpegia eta keinuak ezinbestekoak dira harreman sozialetan eta, beraz, egiten ditugun irakurketak ez dira hain zuzenak eta gure harremanek sufritu ditzakete ondorioak.

Zehazki zer eragin du lo faltak? Asko laburbilduta, jendea itsusiago ikusten dugu. Haserre diruditen aurpegiak gutxi fidatzekoak iruditzen omen zaizkigu lo gutxi egin dugunean. Eta aurpegi neutroak eta izutuak ez zaizkigu hain erakargarriak iruditzen.

Ikertzaileen arabera, lo-galerak jendea argi negatiboan ikustea eragiten du eta, horrek, arazo sozialak sor ditzake eta indibiduoak gizartetik aldentzea ekarri. Irakurtzen duzuen bezala: aurpegi-espresioak ondo ez irakurtzeak eta jendea itsusiago ikusteak gizarte-bazterketa eragin dezake. Eta hau guztia lo gutxi egiteagatik. Gaupasak bizitza sozialaren parte zirela sinetsita egon gara asko, ba.

Lo egin,

Gaupasa eta gaupaseroekin gabiltzala diodanean, ni nabil, egia esan, nirea baita testua, baina ulertzen duzue. Aipamen zuzena gaupaseroei: giza garuna ez dago diseinatuta gauerditik aurrera esna egoteko. Ez diot nik, zientzialariek baizik.

Gauerdia pasata, emozio negatiboek erakartzen omen dute gure arreta, ideia arriskutsuek beren tokia aurkitzen dute eta inhibizioa jaitsi egiten da. Zenbait ikertzailek uste dute giza erritmo zirkadianoarekin harremana dutela aldaketa hauek.

lo
2. irudia: giza garuna ez dago diseinatuta gauerditik aurrera esna egoteko. (Argazkia: SHVETS production – pexels lizentziapean. Iturria: Pexels.com)

Ikuspegi ebolutibotik badu zentzua, haien esanetan. Askoz eraginkorragoak gara egun argiz ehizatzen eta biltzen, eta gaua atsedenerako egokia bada ere, garai batean gauez ehizatuak izateko arrisku handiagoa genuen.

Arrisku honi aurre egiteko, gauez handitu egiten da estimulu negatiboekiko arreta. Bere garaian, mehatxu ikusezinen aurrean jauzi egiten lagunduko zigun estimulu negatiboetan arreta jartze honek, gaur egun, sari/motibazio sistema eraldatzea ekar dezake eta jarrera arriskutsuak bultzatzea. Gauez esna egotea suizidio arrisku-faktorea dela ere aurkitu dute.

Lo egin, kume

Lo faltak dituen eraginen artean nire gogokoenetakoa, dena den, − erabat zorizkoa dirudielako, gehienbat − zera da: lo gutxi egiteak sabelaldean gantz gehiago pilatzea dakarrela. Garagardo-sabelandia baino, insomnio-sabelandia omen.

Zehazki, ikerketaren emaitzen arabera, % 9ko gantz-gehikuntza ikusi zen sabel aldean eta, hori gutxi balitz, % 11ko gehikuntza errai-gantz abdominalean. Lo nahiko ez egiteagatik. Barne-organoen inguruan metatzen den gantza da errai-gantza eta gaixotasun kardiobaskular eta metabolikoen arrisku handiagoarekin dago lotuta.

Normalean, gantza larruazalaren azpian metatzen da eta, dirudienez, erraietara mugitzea eragiten du lo faltak. Eta kontu honekin laguntzeko, ikerketa berean egiaztatu dute lo gutxiago egiten dutenek, batez beste, 300 kaloria gehiago kontsumitzen dituztela. Are sabelandiago.

Galdutako loa berreskuratzea irtenbidea izan daitekeela pentsatuko zenukete, agian. Jaiak bukatzen direnean edo hain bero ez denean, oheari besarkada eman eta galdutako loa aurkitzea. Baina ez da hain erraza.

Ez gara gutxi astean zehar galdutako loa asteburuan berreskuratzen saiatzen garenok (adin batekoak garenok, behintzat; izpiritu gaztea dutenek are lo gutxiago egiten dute asteburuan). Honetan ere albiste txarrak ditu zientziak: loa ezin da berreskuratu.

Loa ez da transakzio bat. Ikertzaileek ikusi dutenaren arabera, astean zehar bost ordu lo galtzeak eta asteburuan bost ordu horiek berreskuratzeak ez du balantzea berdintzen. Kostua du: energia gastuak murrizten dira, pisua gehitzen da eta gorputzak intsulina nola erabiltzen duen ere aldatzen da. Nahiz eta, teorian, lo-zorra kitatuta egon, ondorioek diraute.

Nahiko ezkor geratu zait testua, konturatzen ari naiz; gauerdi ostean idatzia dirudi. Balantza pixka bat orekatzeko, bitxikeria bat dakart: badirudi lo gaudenean ez dugula entzuten. Gortu egiten omen gara. Nolabait.

Ikertzaileen arabera, soinuen aurrean garunak ematen duen erantzuna esna gaudenean den bezalakoa da, baina garuneko alfa-beta uhinen, arretarekin lotuta dauden uhinen, aktibitatea asko handitzen da. Ikertzaileek ondorioztatu dutenez, aktibitate maila altu horrek iradokitzen du soinuak aztertu egiten direla garunean, baina ez direla kontzientziara pasatzen.

Horra alarma entzunda ere esnatzen ez den jendearen azalpena.

Erreferentzia bibliografikoak:


Egileaz:

Ziortza Guezuraga (@zguer) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko arduraduna.


Jatorrizko artikulua Gaztezulo aldizkarian argitaratu zen 2023ko abenduan, 256. zenbakian.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.