Zientzia auzitegietan (VII): zientziak huts egiten duenean

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Auzitegi-zientziaren eta, bereziki, toxikologiaren oinarriak kimika analitikoa eta neurketa kuantitatibo zehatzak badira ere, akatsak gerta daitezke. Zientzia bera perfektua den ala ez eztabaidagaia izan daiteke, baina bada eztabaidaidarik sortzen ez duen zerbait: ikertzaileak ez dira perfektuak. Analisi-metodoak ere ez dira perfektuak eta akatsak, egon, egon daitezke. Auzitegi-zientzien esparruan akatsak garesti ordaintzen dira: errudunak libre gera daitezke eta errugabeak zigortu egin daitezke.

Aaron Olson eta Charles Ramsay ikertzaileek 2025. urte honetan bertan auzitegi-kasuen berrikuspena argitaratu berri dute, azken 48 urteetan toxikologiaren alorrean egon diren akats garrantzitsu batzuk aipatuz. Askotan errepikatzen den akatsa alkoholemia-probak izaten dira. Esaterako, 2010era arte, Columbiako Metropoliko Polizia Departamentuak tresnen kalibrazioan sistematikoki egiten zituen akatsen ondorioz, % 20-40ko gehikuntzarekin ematen zituen alkoholemia-tasak. Hori 14 urtean zehar gertatu zen, langile berri bat akatsaz ohartu zen arte. New Jersey-n ere antzekoa gertatu zen, eta 20.000 alkoholemia-probaren emaitzak bertan behera utzi behar izan zituzten. Erresuma Batuan 2017an zabarkeria kasu larria atzeman zuten. Randox Testing Services enpresak auzitegi-analisiak egiten zituen; bada, datuak manipulatu egiten zituztela jakin zen eta 10.000 auzitegi-kasu baino gehiago berrikusi behar izan zituzten. Egindako proba analitikoak trafiko-delituekin, indarkeriazko krimenekin, bortxaketekin eta heriotza susmagarriekin lotuta zeuden. Kasu horrek agerian utzi zuen zein garrantzitsua den auzitegi-analisiak modu zuzenean egitea.

akatsak
Irudia: toxikologiaren historian zehar hainbat akats larri egin dira. (Argazkia: cottonbro studio – domeinu publikoko irudia. Iturria: pexels.com).

Aipatutakoak Olson eta Ramsayk egindako lanaren adibide batzuk besterik ez dira, baina badira gehiago. Beste edozein arlotan bezala, auzitegi-analisietan akatsak egon daitezke. Kasu askotan, azkenean akatsak antzeman egiten dira eta horrexegatik da hain garrantzitsua auzitegi-laborategien lan zorrotza eta egindako analisien berrikuspena, beharrezkoa den kasu guztietan. Adibide horien guztien artean, bada kasu bat nabarmentzekoa dena: Patricia Stallings-en semearen heriotza.

1991. urtean biziarteko kartzela-zigorrera kondenatu zuten Patricia Stallings bere haurraren hilketagatik. Patricia eta haren senarra bikote arrunta ziren 1989ko udan haien haurra jaio zenean, Ryan izeneko mutikoa. Ryanen osasuna okertu egin zen laster. Egun jakin batean, botaka egin zuen biberoia hartu ostean. Pare bat egun geroago, ez zen jateko gai eta arnasteko arazoak zituen. Bikotea medikuarenera joan zen eta, hark, azalpenik emateko gai ez zenez, umearen odol-analisia egitea eskatu zuen. Analisian etilenglikola topatu zuten.

Etilenglikola substantzia nahiko toxikoa da, industrian erabiltzen dena. Hala ere, ziurrenik erabilera ohikoena eta ezagunena ibilgailuen izotz-kontrakoa izatea da. Etilenglikolak zapore gozoa duenez, eta koloregabe zein usaingabea denez, ez da harritzekoa haurren edo animalien intoxikazio kasuak ohikoak izatea etilenglikola hartzeagatik. Hain justu, etilenglikola irensten bada, okadak, azidosi metabolikoa, hiperbentilazioa, disfuntzio kardiobaskularra edo giltzurrunetako gutxiegitasuna ager daiteke. Etilenglikola bera ez da intoxikazioaren eragilea, baizik eta etilenglikolaren metabolitoak: azido glikolikoa eta azido oxalikoa, nagusiki.

Patricia Stallingsen haurrak odolean etilenglikola izateko arrazoi bakarra egon zitekeen: norbaitek jarri zuen bertan. Hasierako susmoak amarengan jarri ziren eta epaileak kautelazko neurriak ezarri zituen kasua ebatzi bitartean. Ryan beste familia baten tutoretzapean jarri zuten. Alabaina, horrek ez zuen hobekuntzarik ekarri, zirudienez. Ryanen amari baimendutako bisita horietako batean, biberoia eman zion umeari. Egun gutxi batzuk geroago haurraren osasuna okertu egin zen eta medikuek ezin izan zuten ezer egin. Ryan hil egin zen.

Hasieratik haren ama izan zen susmagarri nagusiena eta azkarra izan zen ikerketa. Umearen autopsian ikusi zen bezala, odolean etilenglikola zegoen eta biriketan, aldiz, oxalato kristalak ─aipatu dugun bezala, oxalatoa etilenglikolaren metabolito toxikoetako bat da─. Hori gutxi balitz, Stallings senar-emazteen etxean etilenglikola topatu zuten eta biberoiean ere etilenglikol arrastoak zeuden. Ez zen asko luzatu kasuaren azterketa, nahiz eta galdera bat erantzun gabe gelditu zen: zergatik hil zuen bere semea Patricia Stallingsek? Zein zen krimenaren eragingarria? Bada, hilketari azalpena eman nahian, fiskaltzak argudiatu zuen amak Münchhausen-en sindromea izan zezakeela. Sindrome hori dutenek nahita eragiten dizkiote sintoma fisiko nahiz psikikoak beren buruari. Hortaz, eta beste azalpenik eman gabe, adierazi zuten Patriciak bere buruari kalte egin beharrean bere semeari egiten ziola, eta horrelako batean semea hil zuela, nahita edo nahi izan gabe. Argudio horiekin eta autopsiaren emaitzekin, zinpeko epaimahaiak biziarteko kartzela-zigorrera kondenatu zuen Patricia.

Gauzak horrela, onartu behar da kasu batzuetan zientziaren bideak ezin asmatuzkoak direla. Ryan hil zenean haurdun zegoen beraren ama, eta Patricia kartzelan zegoela jaio zen David Jr. Ama kartzelan zegoenez, David txikia adopzioan eman zuen Estatuak. Jaio eta hilabete gutxi batzuetara David gaixotzen hasi zen, eta Ryanen antzeko sintomak edukitzen hasi zen. Ama ezin zen erruduna izan. Hortaz, Ryanen hilketa benetan hilketa bat izan al zen?

Erreferentzia bibliografikoak:

Olson, Aaron; Ramsay, Charles (2025). Errors in toxicology testing and the need for full discovery. Forensic Science International: Synergy, 11, 100629. DOI: 10.1016/j.fsisyn.2025.100629

Mulet, J.M. (2016). La ciencia en la sombra. Planeta argitaletxea.

Shoemaker, James D.; Lynch, Robert, E.; Hoffmann, Joseph W.; Sly, William S. (1992) Misidentification of propionic acid as ethylene glycol in a patient with methylmalonic acidemia. The Journal of Pediatrics, 120(3), 417-421. DOI: 10.1016/S0022-3476(05)80909-6


Egileaz:

Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg), Kimikan doktorea, zientzia dibulgatzailea eta GOI ikastegiko irakasle eta ikertzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.


Zientzia auzitegietan buruzko artikulu-sorta:

  1. Zientzia auzitegietan (I): hastapenak
  2. Zientzia auzitegietan (II): artsenikoa eta Marsh-en proba
  3. Zientzia auzitegietan (III): krimenaren agertokia
  4. Zientzia auzitegietan (IV): pozoiak eta toxikologia
  5. Zientzia auzitegietan (V): Orfila eta Lafarge kasua
  6. Zientzia auzitegietan (VI): aztarnak, ebidentziak eta frogak
  7. Zientzia auzitegietan (VII): zientziak huts egiten duenean

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.