Migraina mota desberdinak daudela ezaguna da, besteak beste, migraina akutua (auraduna edo aura gabekoa) eta kronikoa bereiz ditzakegu, nahiz eta ez ohiko beste migraina batzuk ere badauden. Migraina mota guzti horien prebentziorako tratamendu desberdinak ditugu eskura, baina oraindik migraina motaren araberako erabilera ez dago errotuta.
Egoera honen aurrean, plazeboarekin kontrolatutako saio klinikoen berrikusketa sistematikoa egin zen datu base desberdinak erabiliz. Aztertu ziren saio klinikoen arabera, migraina akutuen kasuan, CoQ10 koentzima, D3 bitamina aktiboa eta isoflabona izan ziren eraginkorrak migrainaren maiztasuna, intentsitatea eta krisialdien iraupena (aldagai primarioak) txikitzeko bildutako saio kliniko urrietan. Migraina kronikoaren prebentziorako ere aipaturiko sustantzia berdinek aldagai primarioak jaitsi zituzten. Horietaz gain, topiramatoa, probiotikoak eta prebiotikoak, β-blokeatzaileak eta anti-CGRP-ak ere aldagai primario bakarren batean frogatu zuten eraginkortasuna. Auradun zein aura gabeko migraina akutuaren prebentziorako, berriz, amitriptilina izan zen aldagai primarioa guztiak hobetu zituen farmako bakarra. Hala ere, beste farmako batzuk (topiramatoa, nadolol, anti CGRP-ak edo BOTOX-A) ere lehen mailako aldagai zehatz batzuetarako edo bigarren mailako aldagaietarako ere eraginkor agertu ziren.

Behin farmakoen eraginkortasun datuak aztertuta, horiek Bizkaiko Osasun Zentroetan migrainen tratamendu profilaktikoaren maneiurako erabiltzen ziren farmakoekin alderatu ziren. Lehen mailako kontsultetan zein neurologiako zerbitzu espezializatuetan migrainaren prebentziorako estandarizatutako protokolorik ez zegoela ikusi genuen eta zentro bakoitzak gida desberdinak erabiltzen zituela. Lehen mailako zerbitzuetako giden arabera, migraina akuturako, β-blokeatzaileak, topiramatoa eta amitriptilina dira gomendatutako farmakoak eta migraina kronikorako, berriz, topiramatoaren erabilera lehenesten da. Neurologiako kontsulta espezializatuetako gidei dagokionez, auradun zein aura gabeko migraina akutuan propranolol eta topiramatoa erabiltzea gomendatzen da, eta migraina kronikorako, berriz, topiramatoa. Beraz, gida horietan aipatzen diren farmako askok (amitriptilina, topiramatoa, antiCGRP), baina ez guztiek, gure berrikusketa sistematikoan lortutako eraginkortasun emaitzekin bat egiten dute.
Ikerlan honen arabera, farmako bakoitzari buruz bildutako ebidentzien kopurua oso txikia izan da. Farmako bakoitzaren erabilera migraina motaren arabera ez da argi bereizten aztertutako saio klinikoetan. Beraz, beharrezkoa izango litzateke migrainaren prebentziorako farmakoen eraginkortasunaren inguruko ebidentzia gehiago argitaratzea, prebenitu nahi den migraina motaren araberako eraginkortasuna frogatzeko eta azkenik, migraina motaren araberako gidalerro bateratutak ezartzeko Euskal Osasun sistema publikoan.
Artikuluaren fitxa:
- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: 47
- Artikuluaren izena: Migrainaren tratamendu profilaktikorako farmakoen eraginkortasunaren azterketa.
- Laburpena: Migraina ohiko zefalea primarioa da. Oro har, migraina akutua eta kronikoa bereiz ditzakegu, baina ezohiko beste migraina batzuk ere badaude. Migrainaren profilaxirako tratamendu desberdinak ditugu eskura, baina migraina motaren araberako erabilera ez dago errotuta. Horregatik, lan honen helburua izan da migrainaren tratamendu profilaktikorako erabiltzen diren farmakoen eraginkor-tasuna ikertzea. Horretarako, plazeboarekin kontrolatutako saio klinikoen berrikusketa sistematikoa egin zen datu-base desberdinak erabiliz. Gainera, emaitzak Euskal Osasun Sistema Publikoan erabiltzen diren tratamenduekin alderatu ziren. Ikerlanaren arabera, migraina akutua prebenitzeko, CoQ10 koentzimak, D3 bitamina aktiboak eta isoflabonak eraginkorrak izan ziren migrainaren maiztasuna, intentsitatea eta krisialdien iraupena (aldagai primarioak) txikitzeko bildutako saio kliniko urrietan. Migraina kronikoaren prebentziorako, aipaturiko sustantzia berdinek ere aldagai primarioak jaitsi zituzten. Horietaz gain, topiramatoa eta probiotikoak ere aztertutako aldagaietan eraginkorrak zirela ikusi zen. Auradun zein aura gabeko migraina akutuaren prebentziorako, berriz, amitriptilina izan zen aztertutako aldagai nagusiak hobetzeko eraginkortasuna aurkeztu zuen farmako bakarra. Beste farmako batzuk, besteak beste anti CGRP, atogepant eta nadolol, aldagai zehatz batzuetarako edo bigarren mailako aldagaietarako soilik izan ziren eraginkorrak migraina mota desberdinetan. Gainera, Bizkaiko ESI batzuetako lehen mailako kontsultetan zein neurologiako zerbitzu espezializatuetan, migrainen prebentziorako estandarizatutako protokolorik ez dagoela ikusi dugu eta zentro bakoitzak bere gida erabiltzen du. Gida horietan aipatzen diren farmako askok (amitriptilina, topiramatoa, antiCGRP), baina ez guztiek, bat egiten dute gure berrikusketa sistematikoan lortutako eraginkortasun-emaitzekin. Ikerlan honen arabera eta erabilitako prozedura sistematikoarekin, farmako bakoitzarekin bildutako ebidentzien kopurua oso txikia izan da. Beraz, beharrezkoa litzateke migrainaren prebentziorako farmakoen eraginkortasunaren inguruko ebidentzia gehiago argitaratzea eta ondoren migraina motaren araberako gidalerro bateratua ezartzea Euskal Osasun Sistema Publikoan.
- Egileak: Nerea Olivares eta Aitziber Mendiguren
- Argitaletxea: EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 109-144
- DOI: 10.1387/ekaia.26314
Egileez:
Nerea Olivares eta Aitziber Mendiguren EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Farmakologia Saileko ikertzaileak dira.
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
