Iballa Burunat Pérez: «Neurozientzia musikalaren arloko ikerketak garuna hobeto ulertzen lagun diezagula nahi dut»

Ikertzen dut

Iballa Burunat Pérez Kanarietako ikertzailea da, musikaren neurozientzian espezializatuta dago eta Finlandiako Centre of Excellence in Music, Mind, Body and Brain zentroan lan egiten du.

Musikari profesional gisa prestatu ondoren, musikak eragiten dituen erantzun emozional eta oroimenezkoek txundituta, esperientzia musikalari lotutako garunaren ikerketara bideratu zuen bere karrera. Diziplinarteko prestakuntza jaso du, musikologia sistematikoa eta neurozientzia kognitiboa barne hartzen dituena, gizakion esperientzia musikala ikertzera orientatuta. 2017an Brain integrative function driven by musical training during real-world music listening izeneko doktorego tesia defendatu zuen (Jyväskyläko Unibertsitatea), eta erakunde mailako doktorego tesi onenaren saria eman zioten (2018). Tesian, neuroirudia, erauzpen akustikoko metodo konputazionalak eta multialdagaien analisia konbinatu zituen esperientzia musikalak garuna nola moldeatzen duen ikertzeko. Bere ikerketa ildoak inplikazio garrantzitsuak ditu ulertzeko modalitate bateko esperientziak (adibidez, prozesatze motorra edo bisuala) nola eragin dezakeen beste modalitate bateko prozesatze neuralean (entzumen-pertzepzioa). Era berean, bere emaitzek frogatzen dute benetako entzumen-baldintzak simulatzen dituzten diseinu esperimentalen bidez datu solido eta fidagarriak eskura daitezkeela neurozientzian, eta hori gakoa da ulertzeko nola prozesatzen duen garunak musika ohiko bizitzan.

Doktoregoa egin ostean, doktorego ondoko ibilbidea egin du Finlandian diziplinarteko ikerketan, eta nazioarteko laborategiekin aritu da elkarlanean Europan, Asian eta Kanadan. Bere lanak lagundu du ulertzen erritmoaren irudikapen neurala, bai eta garunak musikarien arabera berrantolatzeko duen modua ere. Adibidez, simetria maila ezberdina izaten du eskuzko koordinazioarekin, zinematikoarekin eta posturarekin lotutako arlo motor eta bisualetan, eta alderdi horiek aldatu egiten dira jotzen den instrumentuaren arabera. Era berean, metodo esperimental errealistagoen erabilera sustatu du eta neurozientziaren esparruko erreplikazio ikerlanen alde egin du emaitza fidagarriagoak lortzeko. Bere ikerketarik berrienak, PNASen argiratutakoak, erakusten du garunak musika segmentatu egiten duela hizkuntza segmentatzen duen antzeko modu batean. Horri esker, esperientzia musikala egituratu, zentzua eman eta gogoratu dezakegu.

Irudia: Iballa Burunat Pérez. (Argazkia: Petteri Kivimäki, ikertzaileak emanda).

Zein da zure ikerketa arloa?

Nire ikerketa arloa musikaren neurozientzia da, baina esparru zabala da oso. Ikertzen dugu nola prozesatzen dugun musikaren alderdi bakoitza, nola harmonia, tinbrea edo melodia, beren kabuz, esplorazio bide anitzak irekitzen dituen erronka handia diren. Erritmoa sakonago aztertu dut; musikaren alderdi horrek oso aztarna nabarmena du garunak haren aurrean erreakzionatzeko duen moduan, eta gakoa da ulertzeko nola prozesatzen ditugun denbora-patroiak eta nola sinkronizatzen dugun beste batzuekin, baina baita ere ulertzeko nola eragiten duen gure erantzun fisiologikoetan. Erritmoak gai intrigagarriak pizten ditu, hala nola musikak gugan eragiten duen mugimendua. Fenomeno konplexu horiek ikertzeko ezinbestekoa da diziplinarteko ikerketatik heltzea, hainbat ikuspegi izateko eta ulermen osoago bat lortu ahal izateko.

Zergatik zabiltza arlo horretan?

Egia esan, erantzuna sinplea da: musika ikusezina da, baina, hala ere, gugan eragiten du modu boteretsuan. Nola ez dut ba hori ikertuko?

Guztioi gertatu zaigu: musika une bat besterik ez dugu behar arazo baten aurreko gure erreakzioa edo norbaiti erantzuteko modua aldatzeko. Efektu hori bera lortzeko hitz asko eta pertsuaziozko argumentu ugari beharko genituzke, baina sekuentzia harmoniko sinple batek segundo bat baino gutxiago behar du hori bera lortzeko. Une batean, ukaezina dena indarrez sartzen da eta gure barne mundua eraldatzen du. Ageriko misterio horrek eramaten nau hori ikertzera: ukiezina den zerbaitek nola eralda ditzake gure garuna eta gure esperientzia segundo hamarren batzuetan? Musikak gure pertzepzioa eta aldartea aldarazten dituen dantza neuronal bat eragiten du. Intrigagarria da hain abstraktua den zerbaitek erantzun biologiko hain potenteak piztea, hala nola dopamina askatzea. Eta hori ikertzeak laguntzen digu azaltzen zergatik duen musikak hain inpaktu sakona giza esperientzian, maila indibidualean, gizartean nahiz kulturan.

Izan al duzu erreferenterik zure ibilbidean?

Beti inspiratu nau pertsonaren batek bere ikuspegiagatik. Haurra nintzela, gogoratzen dut nire osaba Enrique, psikobiologoa, bere laborategiko ohiko esperimentuei buruz hitz egiten (ez ziren beti gomendagarriak otorduetarako). Istorio horiek aztarna utzi zuten nigan, eta ziur nire interesa pizten lagundu zutela. Etxean, «Jainkoa existitzen da?» bezalako galderek ez zituzten inoiz erantzun azkarrak jasotzen, gaia ixteko emandakoak. Matematikari buruzko edozein zalantzaren aurrean, nire aita Pitagorasetik hasten zen; pazientzia gako zen orduan. Galdera batek beste batera eramaten zuen… eta, azkenean, galdetu aurretik baino galduago nengoen! Frustratzen nintzen arren, orain grazia egiten dit gogoratzeak, eta ulertzen dut zergatik egiten zuten hori. Gero, doktoregoan, Petri Toiviainen fisikari eta musikologo katedradunaren ikuskaritzapean lan egiteko zortea izan nuen; haren zorroztasunak eta ezagutza zientifikoak nire ikertzeko modua moldeatu zuten. Erreferenteak ditut zenbait diziplinatan, bereziki filosofian, ezagutzaren beraren oinarriak eta gure metodoen eta gure esperimentuen baliozkotasuna zalantzan jartzera animatzen baikaitu.

Eta erreferente «negatiboak» ere baditut: egin behar EZ dena (zenbaitetan, adibide onek baino indar handiagoz) erakutsi didaten pertsonak, egoerak edo jardunak, hipotesiaz beraz itsu-itsuan maitemintzetik datu ezerosoak bazter uzteari edo konbikzioa ebidentziarekin nahastera arte. Ikasbide horiek urrea balio izan dute. Eskerrik asko, antiadibideak!

Azkenik, esan nahi dut ikuspegi eta diziplina ezberdinak esploratzeak asko lagundu didala zientziari datxekien gaiei buruz hausnartzen, hala nola askatasun akademikoari eta adierazpen askatasunari buruz, biak ala biak garapen eta osotasun zientifikoaren oinarrizko zutabe direnak. Ez dira zientzia, berez; zentsura edo kanpoko presiorik gabe ikertu, argitaratu eta irakasteko askatasuna oinarrizko printzipio bat da, eta, zientzialariak garen aldetik, erantzukizuna daukagu eskubide hori babesteko, ezagutzak zorroztasunez eta zintzotasunez aurrera egin ahal izateko ingurunea bermatzeko.

Zer da zure alorrean deskubritu edo ebatzi nahi zenukeena?

Ikertzen jarraitu nahi dut nola den posible musika bezain ukiezina den zerbait gai izatea garuneko mekanismo hain sakonak aktibatzeko eta gure jokabidean eragiteko. Bere gramatikan eta sintaxian ezkutuan dago musikak giza esperientzian inpaktu hori izatea azal duen gakoetako bat, eta horrek ikertu nahi nukeen beste gai batera eramaten nau, gure musikaltasunaren mugak: noraino iristen da giza gaitasuna musika prozesatu, ulertu eta sortzeko; deskubritzea zein puntura arte badagoen sortzetiko gramatika musikal unibertsal bat, gizaki guztiok partekatzen duguna, eta zer mekanismo neurobiologikok definitzen duten gaitasun hori. Ikusi dut askotan gehiegi azpimarratzen direla kulturen arteko alde musikalak, espezie gisa batzen gaituen alderdi biologikoa bazter utzita. Eta orduan beste kontu bat ere dago tartean: hizkuntza. Hizkuntza nahiz musika gizakion soinuzko egiturak dira, denboran hedatzen dira eta sintaxi, patroi eta predikzioaren menpe daude, eta (neurri batean, gutxienez) sare zerebral gainjarrietan finkatzen dira, klasikoki egiturazko prozesatzeari lotutako eskualde frontalak barne. Musika asmakuntza kulturala besterik ez da, edo espezie gisa definitzen gaituen leihoa? Jakin nahi nuke, halaber, zergatik diren erritmoa eta sinkronizazioa hain ezaugarri sakonak gizakiengan, eta zer esan diezaguketen gure sustrai ebolutiboei buruz. Galdera infinituak, baina denbora finitua.

Gainera, musika eta garunaren arteko harremana hobeto ulertzearen abantaila teoriaz harago doa, eta jakintza hori testuinguru klinikoetan edo hezkuntzari lotutakoetan modu praktikoan eta adimendunean aplikatzeko aukerak irekitzen ditu. Helburua hau izango litzateke: oinarrizko ezagutza hori esku-hartze efektiboetara eramatea, hala nola elementu musikaletan oinarritutako terapiak, osasun mentala edo birgaitze neurologikoa hobetzeko, depresioa, antsietatea, iktusa, dementzia edo hizketaren nahasmendua bezalako baldintzetan; edo heziketa tresnak garatzea musikaren boterea aprobetxatzeko oinarri zientifiko sendoarekin. Badaude jada esku hartze musikalak, baina askotan hobeto funtzionatzen dute intuizioagatik edo esperientzia klinikoagatik, eta ez hainbeste teknika horiek eraginkor bihurtzen dituzten mekanismo neurobiologikoak sakonki ulertzen direlako.

Hau da, nire nahia da neurozientzia musikaleko ikerketak garuna ulertzen lagun diezagula, bai eta, ahal bada, pertsonen bizitzan benetako inpaktua izan dezala ere.

Zein aholku emango zenioke ikerketaren munduan hasi nahi duen norbaiti?

Esango nioke «harritzeko prest» egoteko; horrek oso ondo laburbiltzen du. Ikertzeak berekin dakar ziurgabetasuna onartzea eta prozesuaren urrats guztiak zalantzan jartzea, galdera bat planteatzeko modutik hasi eta datuak interpretatzeko modura arte. “Egin kasu zure intuizioari” topikoa hor dago, baina intuizioa gure esperientziek eta joerek biziatuta egon daiteke, eta jokaldi makurra egin diezaguke. Zenbaitetan asmatzen da, baina beste askotan ez… Orduan, nola fidatu horretaz? Erabil ezazu galderak sortzeko, ez erantzunak biribiltzeko. Denborarekin (eta behin eta berriro erori ostean) ikasi nuen nire intuizioek ezagutu ere egiten ez nituen joerak zituztela.

Eta hor sartzen da umiltasuna: zientzia umiltasun ariketa etengabea da —umiltasun intelektualari buruz ari naiz—, espero edo nahi ez dena onartzeko, egiara hurbiltzeko. Egoa atean uzten dut; izan ere, helburua ez da arrazoia izatea, baizik eta datuei hitz egiten uztea, zure hipotesirik kuttunenak zalantzan jartzen dituztenean ere. Ikasi akatsarekin elkarbizitzen: ez da porrota, ideia berrien hazia baizik. Gaitasun horiek guztiak eskarmentuaren bidez ikas daitezke soilik.

Bestetik, esango nioke bere jakingura pizten duen problema edo arlo bat hautatzeko, intelektualki estimulatzailea iruditzen zaiona. Esan pasioa edo motibazioa, baina txinparta horretatik pixka bat izan behar da nahitaez jakinguraren motorrerako eta ikerketarako beharrezkoa den konstantziarako. Lan exijentea da, eta ez da gai bat aukeratu behar “sexy”a delako edo modan dagoelako; hori ikertzeak benetan merezi duela uste behar duzu. Baina, topikoez harago, pasio horrekin batera ezagutza eta konpetentzia teknikoen oinarri sendoa ere behar da. Zientzia zorrotza egiteko ezagutzarik gabe, pasioak bakarrik ez du balio. Hori horrela, ezinbestekoa da pasioa ez dadila obsesibo bihurtu. Hori hala bada, lanak espazio guztia hartzen du azkenean, eta isolamendu sozialera eta muturreko nekera eraman gaitzake. Eta ez da erraza oreka aurkitzea jakingurak eta entusiasmoak gehiegizko exijentzia eta perfekzionismo puntu batera arrastan eramaten gaituztenean, eta narriatu egiten gaitu azkenean.

Baina ez da hor amaitzen… pasio honek gatazka bat sortzen du: gure objektibotasuna lausotu dezake. Izan ere, maite dugun zerbaitetan lan egitean, joerak izan ohi ditugu eta emozionalki nahasten gara. Pasioak sustatu egiten du, baina zientziak distantzia kritiko bat exijitzen du emaitzak deformatu ditzaketen subjektibotasunak saihesteko. Beharrezkoa da datuak inpartzialtasunez behatzeko gaitasuna lantzea, gure interes pertsonalak zalantzan jartzen dituztenean ere. Soilik horrela sortzen da ezagutza fidagarria. Gatazka etengabe hori onartzea eta oreka aurkitzea erronkaren eta ikertzaile gisa haztearen parte da.

Zientzia egitea, batez ere, umiltasun osasungarriko egintza bat da, eta pasioz baina baita exijentziaz ere beteriko bidea. Jakingura eta pazientzia handia behar dira, musikan bezala; aurrera egiteko, saiatu eta hanka sartu behar dugu.


Jatorrizko elkarrizketa Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2025eko abuztuaren 2an: “Karen Hallberg: «Me gustaría descubrir comportamientos electrónicos que ni nos habíamos imaginado»“.

Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.


Ikertzen dut atalak emakume ikertzaileen jardunari erreparatzen die. Elkarrizketa labur baten bidez, zientzialariek azaltzen dute ikergai zehatz bat hautatzeko arrazoia zein izan den eta baita ere lanaren helburua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.