Marie Curie Nobel saridunak erradioa deskubritu eta urtebetera, Paula Hertwig jaio zen Alemanian, erradiazioak giza osasunean dituen ondorioak deskubritu zituen zientzialari eta aditu handia. Curiek atea ireki zuen erradioterapia erabiltzeko minbiziaren aurkako tratamendu gisa, baina Hertwigek deskubritu zuen erradiazio medikoak Hertwig-Weyers sindromea eragin dezakeela (izen hori du Paularen eta bere kide Helmuten abizenengatik). Zoologoa, politikaria, irakaslea eta genetista izan zen; eta, horrez gain, artikulu zientifiko ugari idatzi zituen.
Paula Hertwig 1889ko urriaren 11n jaio zen Berlinen, garai hartako Alemaniako Inperioaren hiriburuan. Txikitatik bizi izan zen talentu zientifiko handia zegoen ingurunean. Bere aita, Oscar Hertwig, zelulen ugalketa behatzen lehena izan zela uste da. Gainera, Richard Hertwig zoologoaren iloba zen, bai eta Günther Hertwig anatomialari famatuaren arreba ere. “Pedigri” horrekin, Bigarren Hezkuntzako ikasketak amaitu ondoren, argi zeukan natura zientziak ikasi nahi zituela Berlingo Unibertsitatean, eta han graduatu zen 1916an, kalifikaziorik altuenarekin, bai eta Medikuntzan doktoregoa atera ere. Bere aitak animatuta, laguntzaile gisa ekin zion ikerketari, bere kabuz edo nebarekin, Oscar Hertwigek zuzentzen zuen Institutu Anatomiko-Biologikoan. Aita eta semea, gaur egun, beren herrialdeko zoologia esperimentalaren aitzindaritzat hartzen dira.

1911n, oraindik ikaslea zela, Paula gazteak bere lehen artikulu zientifikoa argitaratu zuen; horren bidez, X izpiek, Curiek deskubritutako radioarekin, heste zizare baten obuluaren banaketan eragiten zituzten alterazioak deskribatu zituen. Aurrerago, Güntherrekin batera (bera baino pixka bat nagusiagoa zen), landare hermafroditei buruz ikertzen hasi zen, lorategian horrelako ale bat ausaz aurkitu ondoren. Eta labore horiez bera bakarrik arduratu zen neba Lehen Mundu Gerran borrokatzera deitu zutenean. Pixka bat aurrerago, bera ere hasi zen lanean gizarte laguntzako unitateetan.
1913an, 24 urte zituela, aste batzuk igaro zituen ikasten Napoliko Estazio Zoologikoan. Itsas biologiako laborategi aitzindaria zen eta bere aitak ere han lan egin zuen. Gerora, 1930ean eta 1958an itzuli zen, bere ikerketak gauzatzeko.
1919. urtea garrantzitsua izan zen Paularentzat. Izan ere, 30 urte zituela, Berlingo Unibertsitatean Zoologia irakasle izateko gaikuntza lortu zuen Alemaniako lehen emakumea izan zen. Horren ondorioz, Karl Heider zoologoak, garai hartan goren mailakoa zenak, sustatu egin zuen emakumeak unibertsitateetan irakasle gisa aritzea. Izan ere, ordura arte, ez zen onargarria: “Ez dut aurkako argudiorik ikusten. Titulazioa emakumeek eginiko ikasketen ondorio da”, adierazi zuen.
1921etik aurrera, Paula Hertwig bere aitaren laborategia utzi eta laguntzaile joan zen Herentzia eta Hazkuntzako Ikerketa Institutura, Nekazaritzako Goi Mailako Eskolan. Erakunde horretan, Erwin Baurrentzat egin zuen lan (landareak erabiliz hibridazioko lan genetikoak gauzatzeagatik ezaguna zen). Eta han egin zuen lan 25 urtez, jabetzan plaza bat eman ziezaiotela lortu gabe, nahiz eta tesi ugari zuzendu eta ikerketa garrantzitsuak egin zituen. 1914an sortutako zentro hori genetikan, Hertwigen lan arloan, espezializatutako lehena izan zen herrialdean.
Txita eta sagu artean
Nekazaritzako erakunde batean lan egiten zuenez, etxekotutako txitekin ikertzen zuen, hori baitzen eskura zuena erradiazioaren ondorioak eta enbrioi eta ugalketa zeluletako eragin kimikoak behatzeko. Laborategiko saguak ere erabiltzen zituen. Azken horiek erabilita frogatu zuen erradiazioek antzutasuna eragin zezaketela emakumeengan, bai eta zenbait motatako mutazioak ere. Hori dela eta, indarrez egin zion aurka genitaletako erradiazioa erabiltzeari “aldi baterako esterilizazio” metodo gisa; izan ere, bere herrialdean hori bultzatzen ari ziren. Garai hartan, erradiazioa erabiltzen ari ziren min zehaztugabe batzuetarako, baina Hertwig konbentzituta zegoen tratamenduak eragina izango zuela pazienteen etorkizuneko seme-alabengan. 1931n, Herentziako Alemaniako Sozietatearen bilera batean, komentatu zuen oso arriskutsua zela X izpiak erabiltzea genitaletan. Hala ere, ginekologoek ez zioten kasurik egin, eta Herentziako Alemaniako Sozietateak eta X Izpien Alemaniako Sozietateak ez zuten bi urte geroago arte adostu ahalik eta dosi txikieneko tratamenduak erabiltzea. Ezin da jakin zenbat minbizi eta mutazio saihestu ahal izango zituzten neurri horiek lehenago hartu izan balituzte.
1927an, irakasle kontratatu zuten Medikuntzako Fakultatean genetika irakasteko. Eta han ere urte askoz itxaron behar izan bazuen ere –hamabi urtez, hain zuzen–, plaza eman zioten, azkenean, jabetzan. Bi urtera, saileko buru zen jada. Garai horretan, ereduak sortu zituen saguekin gizakion gaixotasun genetikoak ikertzeko, Helmut Weyers bere kidearekin batera. Irradiatzean, oligodaktiliaren sindromearen kausa genetikoa aurkitu zuten. Gaixotasun hereditario horren ezaugarria da atzamarrak ez direla garatzen, eta ordutik “Hertwig-Weyers sindrome” gisa da ezaguna.
Lan zientifiko horiekiko paraleloan, bere herrialdeko politikan ere parte hartzen zuen. 1919tik 1931ra bitartean Alemaniako Alderdi Popular delakora afiliatu zen; joera liberalekoa zen eta naziak boterera iritsi zirenean desegin zen. Gero, Alemaniako Alderdi Estataleko kide izan zen, bai eta harekin diputatu ere Prusiako azken Estatuko Parlamentuan. 1934tik, Ongizate Popularreko Elkarte Nazional Sozialistako kide izan zen, bai eta Hizlari Nazionalsozialisten Elkartekoa ere 1937tik. Ez zen sekula alderdi nazira afiliatu, eta eragin politikoa saihestu zuen Hirugarren Reichean. Badirudi bere hautua izan zela ikerketan zentratu eta gertatzen ari zenari ez erreparatzea.

Garai horretan, Hertwig Garuna Ikertzeko Max Planck Institutuarekin ere aritzen zen lankidetzan. Are gehiago, gerra aurreko eta gerrako urte horietan, kargu garrantzitsuak izan zituen Herentziako Alemaniako Sozietatean eta Herentzia eta Ugalketako Ikerketa Institutuan; azken hori kalte hereditarioetan zentratzen zen bereziki.
Gatazka amaitu ondoren, Hertwigi eta bere nebari, zeinarekin bizi baitzen, lana eskaini zieten Halleko Unibertsitatean, Güntherri Anatomia Institutuko zuzendari gisa eta Paulari Biologia Institutu berriaren buru gisa, Medikuntzakoaren barruan. Gainera, biologia eta genetikako eskolak emango zituen. Berriro ere, fakultate horretako lehendabiziko emakumezko irakaslea izan zen. 1948an dekanoa zen jada, baita zentroko lehen emakumezko dekano ere, eta kargu horretan aritu zen 1950era arte. Bere sagu mutanteekin lan egiten jarraitu zuen: Hallera eraman zituen Berlinen lortutako aleak.
Gerraosteko urteak jarduera akademiko eta sozial bizikoak izan ziren. 1947an, Hertwigek Alemaniako Emakumeen Liga Demokratikoa sortzeko kongresuan parte hartu zuen; Batzorde Betearazle Federaleko kide hautatu zuten eta, bi urtez, Saxonia-Anhalt estatuan elkarte horretako presidente izan zen. Horrez gain, okupazio sobietarreko eremuan lehen Kontseilu Popularreko kide gisa ere inplikatu zen.
Beste alde batetik, sariak jasotzen hasi zen bere lan zientifikoagatik: 1953an, Zientzien Leopoldina Akademiako kide hautatu zuten; 1955etik, Zientzia eta Humanitateetako Akademia Saxoiko kide izan zen; eta, 1956an, Alemaniako Errepublika Demokratikoaren Sari Nazionala eta brontzezko Merituaren Ordena Patriotikoa jaso zituen. Bere karreraren punturik gorena 1959an izan zen, Herriko Zientzialari Nabarmenaren titulua eman ziotenean. Urte batzuk geroago, erretiroa hartu zuen.
1972an, bere neba Günther zendu zenean, Paula Hertwig Villingenera (Oihan Beltza) lekualdatu zen, senide batzuen etxera. Eta urte horretan bertan, Heidelbergo Unibertsitateko Medikuntza Fakultateak honoris causa doktorego bat eman zion.
1983ko martxoaren 31n hil zen, 93 urterekin. Egun, bere ikerketen omenez, Paula Hertwigen eta bere osaba Richarden izena duen sari zientifiko bat banatzen da, eta ingurumenerako eta osasunerako ikergune batek babesten du. Ingurumenarekin edo osasunarekin zerikusia duen edozein gairi buruzko diziplinarteko lanei ematen zaie sari hori.
Iturriak:
- Women in Science, European Commission (2009) 130-133
- Paula Hertwig, Marthin Luther Universität, Halle Witenberg
- Hertwig, Paula Julie Elisabeth, Deutsche Biographie
- Das Leopoldinamitglied Paula Hertwig, Acta Historica Leopoldina Nr. 58 (2012) 383-414
- Paula Hertwig (1889-1983), Mujeres de ciencias, 2006
- Paula Hertwig, Wikipedia
Egileaz:
Rosa M. Tristán (@RosaTristan) zientzia eta ingurumen dibulgazioan espezializatutako kazetaria da duela 20 urtetik baino gehiagotik. Maila nazionaleko hainbat prentsa eta irrati hedabidetan parte hartu ohi du.
Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2025eko uztailaren 22an: “Paula Hertwig: la bióloga que descubrió los daños de la radiación”
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.