Ines Mandl (1917-2016): Ehun konektiboaren gaixotasunak sendatzeko lan nekaezina egin zuen emakumea

Uxue Razkin

Bizitzan zehar hartzen ditugun erabaki batzuk ez ditugu sobera pentsatzen; ustekabean sortzen dira baina horiek batzuetan erabakigarriak izan ohi dira. Hauxe izan liteke Ines Mandlen kasua. Hizkuntzak eta moda zituen gustuko, eta horietan abila zen gainera, baina bat-batean iritziz aldatu zuen, haize handia dabilenean haize-orratzak norabidea aldatzen duen moduan. Gauzak horrela, aipatutako bi alorrak alboratu eta kimika ikastea erabaki zuen Irlandako Unibertsitatean, Corken. Liburutegi publikoan igaro zituen orduak eta orduak; bere lekurik kuttunena zen, izan ere, hiriko eta bere pisuetako hotzetik babesten zuen.

Zientziara gerturatzeak bere bizitza aldatu zuen erabat eta era berean, aldaketa horrek ahalbidetu zuen bere belaunaldiko biokimikaririk ezagunena bilakatzea: Clostridium histolyticum bakterioaren kolagenasa entzima isolatzea lortu zuen lehen ikertzailea izan zen.

Ernst eta Ida Hochmuth (Bassan abizena zuen jaiotzez) senar-emazteen alaba bakarra izan zen Ines (Viena, 1917). Austriako hirian lehen eta bigarren hezkuntzako ikasketak egin zituen. 1936an, Hans Mandlekin, bere aitaren lankide batekin, ezkontzea erabaki zuen eta biak Londresera joan ziren bizitzera. Bertan hiru urte igaro ondoren, Irlandara joan ziren.

1. irudia: Ines Mandl biokimikaria. (Argazkia: Ines Mandl Research Foundation)

Garai hartan, Europako giroa nahiko asaldatuta zegoen. 1938an, Austriaren eta Alemania naziaren arteko anexioa gertatu zen, Anschluss ere deitua (“lotura” alemaneraz); Alemaniako indar armatuek herrialdea inbaditu zuten garaia izan zen. Horren kariaz, Austriari izena aldatu eta Ostmark jarri zioten, Hirugarren inperioaren (Al. Dritter Reich) probintzia, alegia. Bigarren Mundu Gerran, Mandl ezin izan zen Corketik mugitu gerra bukatu zen arte. Ez zuen denbora alferrik galdu baina. Izan ere, Irlandako Unibertsitateko Kimikako gradua lortu zuen.

1945ean, bere senarrarekin batera, Estatu Batuetara emigratu zuen, zehazki New Yorkera, dolar bateko billeteak bere arropan ezkutatuta zeramatzala. Hara iritsi bezain laster, zientzian murgildu zen berriz. 1947an, Brooklyneko Institutu Politeknikoan (egungo New York University Tandon School of Engineering deritzona) doktoretza-ikasketak egin zituen proteinen, peptidoen eta aminoazidoen fotokimikari buruz, hain zuzen. Hala, Ines doktoretza bukatu zuen lehen emakumea izan zen. Anekdota gisa, bere klaseetan Carl Neuberg izan zuen irakasle, “biokimika modernoaren aita”.

Kolagenasa eta ehun konektiboa

Doktoretza bukatu ostean, Columbiako Unibertsitatean hasi zituen bere ikerketa-lanak eta bertan urteak igaro zituen 1986an erretiroa hartu zuen arte. Ikertzaile izan zen lehendabizi, ondoren irakasle elkartu izatera heldu zen. Bere azken etapan, biokimikako irakasle lanetan ibili zen. Aurretik aipatu moduan, 1950ean Clostridium histolyticum bakterioaren kolagenasa entzima isolatzea lortu zuen. Entzima honek kolagenoaren –ehun konektiboan aurkitzen den proteina molekula bat da–, lotura peptidikoak hautsi egiten ditu. Modu honetan, kolagenasa entzimak ehun berriaren formakuntzan laguntzen du, eta erredurak, ultzerak, diskoko hernia eta ehun konektiboaren gaixotasunak sendatzeko erabil daiteke, Dupuytren gaixotasuna, kasu. Horretaz gain, Mandlek beste ikerketa batzuk egin zituen, hala nola elastina proteina aurkitu eta birika-enfiseman betetzen duen eginkizuna zehaztu zuen. Gainera, elastasaren ezaugarriak argitu zituen. Ezin dugu ahantzi biokimikari honek egindako jaioberrien arnas-arazoen inguruko ikerlana.

2. irudia: Dupuytren gaixotasunari dagokion sintoma hatz nagian ikus daiteke. (Argazkia: Wikimedia Commons)

Argitalpen eta sari ugari

Guztira, 140 zientzia-argitalpen baino gehiagotan agertzen da egilekide gisa. Gainera, 1972an, Connective Tissue Research aldizkaria sortu zuen eta 1986.urtera arte horren buru izan zen. Sariei dagokienez, bi nabarmentzen dira: American Societ of European Chemists and Pharmacists-ek eman zion Carl Neuberg domina, eta kolagenasa entzimari buruz egindako lanagatik jaso zuen Garvan-Olin domina, American Chemical Societyk banatutakoa, alegia. Hori gutxi balitz, Arteen eta Zientzien Ameriketako Estatu Batuetako Akademiak eta New Yorkeko Zientzien Akademiak euren kide izendatu zuten. Azkenik, Ines Mandl ikerketa-fundazioa (IMRF) sortu zuen, ehun konektiboaren gaixotasunei aurre egiteko sendabideak aurkitzeko asmoz.

Erretiroa hartu ondoren, Maui eta Torremolinosen zituen etxeetara joateko ohitura zuen. Austria eta beste hainbat Europako herrialde bisitatu zituen ere, 2016an zendu zen arte. Ines Mandlek jakin-min handia zuen; oso independentea zen eta bere lagunek zioten moduan, oroimen ona zuen, entziklopedia bat zirudien.

Iturriak:

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

———————————————————————–

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>