Hizkuntza bakarra hitz egiten dutenek arrisku bikoitza dute arinago zahartzeko, Europa osoko 86.000 bat lagunekin egindako ikerketa baten arabera.
Garunaren osasunerako eleaniztasunak dituen onuren gaineko ebidentziak pilatzen dira denboraren poderioz. Gurean, jakina da BCBL Basque Center on Cognition, Brain and Language nazioarteko zentroak hainbat ikerketa lerro dituela gai horren bueltan, eta behin baino gehiago ideia hori babesten duten datuak ezagutarazi dituela. Baina Euskal Herrian egindako azterketez gain, beste hainbat lekutan ere norabide horretan doazen emaitzak azaleratzen ari dira.

Erronka ez da edonolakoa, osasun sistema garatuei esker pertsonen bizi esperantza dezente handitu delako, baina osasun mentala ez dator beti bat bizitzaren luzapen horrekin, eta, ondorioz dementziena egungo gizarteen arazo handienetakoa da. Gauzak hala izanik ere, gero eta argiago dago eleaniztasunak garunaren osasunerako onuragarria dela, eta horrela berretsi dute Nature Aging aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean.
Dublingo Trinity Collegeko (Irlanda) Global Brain Health Institutuko ikertzaile Agustin Ibañezek gidatutako ikerketan ebatzi nahi izan dute ea pertsonen zahartzea arinagoa edo mantsoagoa den osasunaren edota bizi estiloaren arabera, baina batez ere hizkuntzei erreparatu diete.
Horrelako ikerketetan datuen kopurua emaitzen kalitatearen berme izan ohi dira, eta, kasu honetan bederen, jende askorenak izan dituzte: orotara, 86.149 lagunen datuak izan dituzte ikerketarako. Aztertutako datuak 51 eta 90 urte arteko pertsonenak dira, Europako 27 herrialdetakoak. Aintzat hartu behar da orain arte egin diren ikerketa asko egin izan direla dagoeneko kognizio arazoak zituzten lagunekin, eta horrek, noski, muga bat suposatzen du ikuspegi osoa lortzeko. Ez da izan oraingo azterketaren kasua.
Funtsean, emaitzek adierazi dute hainbat hizkuntza hitz egiten dituzten lagunen zaharkitzea mantsoagoa dela, eta epe luzera osasun kognitibo hobea dutela. Datuen arabera, hizkuntza bakarra hitz egiten dutenek arrisku bikoitza dute arinago zahartzeko; kontrara, hizkuntza bat baino gehiago menderatzen dutenen artean arriskua % 50 txikiagoa da, batez bestean. Epe luzeagoko perspektiba bat lortzeko denboran zehar jarraipena egin zaien parte hartzaileen kasuan, eleaniztasunak ematen duen abantaila 1,4 aldiz handiagoa da.
Hori ez ezik, gero eta hizkuntza gehiago hitz egin, orduan eta onura kognitibo gehiago jasotzen direla ondorioztatu dute ikerketan. Eta hau esaten dute korrelazioa aurkitu dutelako mintzatutako hizkuntzen kopuruaren eta onuren artean. Hots, babes efektua “dosiaren” araberakoa dela uste dute. Finean, hizkuntzen efektu babesle hori metatu daitekeela azpimarratzen dute: zenbat eta hizkuntza gehiago hitz egin, orduan eta babes handiagoa lortu daiteke zahartzeari lotutako narriadura kognitiboaren aurrean. Are, zientzialarien aburuz, hau ez da soilik norbanakoen kontua, gizarteena baizik. Diotenez, hizkuntza bat baino gehiago mintzo diren herrialdeetan datuak ere hobeak dira. Argudiatu dute “hizkuntzari dagokionez askotarikoa den inguruneak” ere baduela eragin positiboa zahartzean.
BCBLk argitaratutako prentsa ohar batean argitu dutenez, ikertzaileek adimen artifizialeko ereduen bidez parte hartzaile bakoitzaren aurreikusitako adinaren eta adin kronologikoaren arteko aldea kalkulatu dute. Gai honetan aditu direnek Biobehavioral Age Gap —ingelesez— deitzen diote alde horri. Funtsean, osasun egoeran eta bizimoduan abiatuta, pertsona bakoitzaren adin biologikoa kalkulatu dute, eta, ondoren, datu hori alderatu dute beren adin errealarekin.
Ereduan, faktore positiboak —pentsamendurako gaitasun ona, hezkuntza edota ariketa fisikoa—, zein negatiboak —bihotzeko arazoak edota arazo sentsorialak— alderatu dituzte. Ingurumen faktoreak ere doitu dituzte; adibidez, airearen kalitatea, genero arrakala, immigrazio tasak edota giro politikoa. Gainerako aldagai pertsonalak ere aintzat hartu dituzte, hala nola adina, ikasketa maila, maila sozioekonomikoa edo ingurune soziala. Hauek guztiak aintzat hartu arren, eleaniztasunarekiko korrelazioa mantendu izan da emaitzetan.
Ikerketak ez ditu aztertu fenomenoaren atzean egon daitezkeen garunaren mekanismoak, baina aurreko ikerketa batzuek iradoki dute hizkuntza batean baino gehiagoan maneiatzean, garunak ahalegin gehiago egin behar dituela, eta funtzio exekutiboak erabili behar dituela helburuak bete ahal izateko —kasu honetan, hainbat hizkuntza hitz egin ahal izateko—. Adituek uste dute eleaniztasunak garunean buffer edo erdiko memoria baten moduan funtzionatzen duela.

Argudiatu dute eleaniztasuna osasun publikoko tresnatzat har daitekeela, garunaren erresilientzia indartu dezakeelakoan, eta horrek ahalbidetu lezake ere zahartzaroan autonomia mantentzea.
Jason Rothman eta Federico Gallo ikertzaileek idatzi duten iruzkin artikulu osagarri batean aipatu dute emaitzak “mugarri” izan direla, eta nabarmendu dute “kontrol irmoak” izan dituen ikerketa honek agerian utzi duela “eleaniztasunak zahartze osasungarriago baterako faktore babeslea” dela. Hori dela eta, hizkuntzarena “osasun publikorako” esanguratsua izan daitekeen faktorea dela uste dute.
Orain argitu nahi duten kontua da ea zahartzaroan beste hizkuntza bat ikasten hastea bizitza osoan zehar mantendutako eleaniztasunaren parekoa ote den, babes efektuari dagokionez.
“Bere balio kultural eta sozialaz gain, hainbat hizkuntza hitz egiteak garunaren osasuna eta osasun fisikoa ere babes ditzake, zahartzearen prozesu biologikoak motelduz eta bizitzan zehar erresilientzia indartuz”, laburbildu du BCBLk.
Ikertzaileen arabera, memoria eta kontzentrazioa hobetzeaz gain, eleaniztasunak garunak egokitzeko duen gaitasuna indartzen du. Horregatik, espero dute ezagutza hau hizkuntzak ikasteko beste pizgarri bat izatea. Horrez gain, gogoratu dute ariketa fisikoa, elikadura egokia eta buruaren beharra duten lanak nahitaezkoak direla ere garunaren osasuna mantentzeko.
Erreferentzia bibliografikoa:
Rothman, Jason; Gallo, Federico (2025). A multilingual guide to slowing aging, Nature Aging (2025). DOI: 10.1038/s43587-025-01007-9